Eusko Jaurlaritzaren Lan Harremanetarako Zuzendaritzaren eta Arabako Lan Ordezkaritzaren bitartekaritza izan arren, enpresako zuzendaritzak negoziazioak "bukatutzat" eman dituela azaldu du LAB sindikatuak. Honen aurrean, plantillak lanuzteei eta mobilizazioei ekin die "enpleguaren defentsan", Gasteizko eta Urbinako lantegien etorkizuna bermatu dezaten exijitzeko.
Negoziazio prozesuaren hasieran, enpresak kaleratzeen aurreko neurri alternatiboak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen, baina "benetako borondatea" zalantzan jarri du enpresa batzordeak. Besteak beste, neurrien jakinarazpena atzeratu dela, eta lekualdaketetara atxikituko liratekeen langileentzako bermeak eskaini ez direla azaldu dute: "Bi langileren borondatezko lekualdatzea ukatu egin da, ulertezinak diren arrazoiengatik".
Gainera, salatu dute adineko langileei planteamendu zehatzik ez zaiela jakinarazi. Eta horrez gain, Langileen Estatutuaren 52.d artikuluaren "mehatxua" ere aipatu dute; horren harira, "gaixo egoteagatik" hiru langile kaleratzeko bidean daudela azaldu dute.
"Enpleguaren defentsan"
Laminaciones Arreguiko langileek lanuzte partzialei ekin zieten pasa den ostegunean, otsailaren 6an, "enpleguaren defentsan eta benetako industria plan baten alde".
Mobilizazioak batzarrean bilduta berretsi dituzte, eta aste honetako ostiralera arte luzatuko dira, enplegua mantentzeko formulen negoziazioa eta "Arabako lantegien aldeko benerako apustu bat" defendatzeko. Lanuzteak egunero izaten ari dira: 9:00etatik 10:00etara goizeko txandan; 18:30etik 19:30era arratsaldeko txandan; eta 5:00etatik 6:00etara gaueko txandan.
Izan ere, epe ertainean "itxiera programatu bat" etor daitekeela ohartarazi du enpresa batzordeak, eta 2012. urtean izandako antzeko egoera saihesteko eskatu diote zuzendaritzari. Garai hartan, kaleratze kolektiboak jasotzen zituen ERE bat proposatu zuen enpresak; lan gatazka gogor baten ostean, baliogabetuta gelditu zen.
Zazpi urte eta gero, enpresak kaleratzeei berriro heldu nahi diela salatu dute langileek.