PARKE EOLIKOAK

Haizearekin batera azaldu da polemika

Juanma Gallego 2020ko ots. 7a, 06:00
Gaur egun Araban bi parke eoliko daude: Badaian eta Elgea-Urkilla (irudian). / M. ARRAZOLA · IREKIA

Euskal Energiaren Erakundeak eta Iberdrolak parke eoliko berriak eraikitzeko asmoa agertu dute. Arabaren kasuan, Erroetan eta Labrazan jartzea aztertzen ari dira, eta herri horietako Administrazio Batzarrek haizea neurtzeko dorreak jartzea onartu dute. Erroetaren kasuan, parkearen aurkako plataforma bat sortu dute.  

Datozen urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan bost parke eoliko berri jarri nahi dituzte, eta, horretarako, zortzi kokapen aztertzen ari da EEE Euskal Energiaren Erakundeak eta Iberdrolak sortu duten Aixeindar konpainia. "Euskadin energia berriztagarrien presentzia areagotzeko lagungarri izango diren proiektu berrien garapena" bultzatu nahi dute, konpainia berriko arduradunen hitzetan. Joan den urtarrilaren 22an aurkeztu zuten Aixeindar modu ofizialean, Bilbon.

Jaurlaritzak emandako datuen arabera, gaur egun EAEn argindar kontsumoaren %7 parke eolikoen bitartez eskuratzen da, baina hamarkada batean kopuru hori hirukoiztu nahi dute: %21 izatea lortu nahi dute.

Horretarako, "haizeak Euskadin eskaintzen dituen aukera guztiak" aztertu nahi dituzte. Kokapenik egokienak zeintzuk diren erabakitzeko, ordea, hainbat ezaugarri kontuan hartu behar dira: besteak beste, toki horretan behar adina haize-ordu ote dauden ikustea eta haize errotak argindar sareari konektatu ahal izatea.

Arabari dagokionez, gaur egun bi parke eoliko daude lurraldean (Elgea-Urkilla eta Badaia), baina Aixeindar bi kokapen aztertzen ari da, bertan parke eoliko berriak jartzeko: Labrazan (Arabako Errioxa) eta Iturrietako Mendietan (Erroeta, Mendialdea). Momentuz, bietatik, Erroetakoa da aurreratuen dagoen proiektua, haize indarrari dagokionez kokapena egokia ote den argitzeko bertan neurketa dorre bat ezarri dutelako. Azpiegitura jarri eta hilabetera ezezagunek dorre hori bota zuten, eta oraindik ez dute konpondu, baina dorrea berriro indarrean jartzeko asmoa agertu dute Aixeindarreko arduradunek.

Ez da lehen aldia bertan parke eoliko bat jarri nahi dutena. Izan ere, 2002an argitaratutako Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean kokapen hori aintzat hartu zuten, baina 2009an Eusko Legebiltzarrak EAEko plan eolikoa bertan behera uztea erabaki zuen.

Garai hartan proiektuaren aurkako mugimendua sortu zen, eta, orain, mugimendu hori berpiztu dute. Iturrietako Mendiak Aske plataformako Rebeka Gonzalez de Alaizak eta Aitor Armentiak azaldu dituzte errefusaren arrazoiak: "Denon ardura da mendiak babestea, eta horiek ezin dira utzi enpresa pribatuen esku. Guretzat, mendietako tontorrak industrializatzea ez da alternatiba bat", dio Gonzalez de Alaizak.

Proiektuaren alde egiteko argudiatzen diren arrazoiak ez dira sinesgarri Armentiarentzat. "Inork ez du sinesten Iberdrola ekologismoaren alde dagoenik. Hau negozio bat da, eta ez dugu onartzen ekologismoaren izenean mendiak deuseztatzea". Horien kudeaketan herrietan egin den lana goraipatu du Erroetako bizilagunak. "Mendiak dira mendeetan zehar txukun mantentzen jakin izan dugun bakarra; herrietako jendeak oso ondo egin du".

Lehen mobilizazioak hasi dituzte Iturrietako Mendiak Aske plataformako kideek. / ITURRIETAKO MENDIAK ASKE

 

Gaiaren inguruan dagoen informazio falta salatu dute plataformako kideek: "Bakarrik dakigu hedabideetan atera dena", kexu mintzo da Gonzalez de Alaiza. "Adibidez, plan berri bat egin behar dute, eta 2020 da muga, baina ez dakigu horren inguruan zer dagoen. Dakigun bakarra da enpresa berria sortu dutela, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia telebistan atera zela esanez Iturrietako Mendietan parkea jarri nahi zutela".

Inpaktu bisualaz gain, beste hainbat argudio jarri dituzte mahai gainean, tartean zarata, mendietako akuiferoetan egon daitekeen eragina, edota hegaztietan sortzen duen inpaktua. Zentzu horretan, gogoratu dute Entziako mendilerroa Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu bat dela. Argudiatu dutenez, interes bereziko eremua da hegazti nekrofagoentzat, —hala nola ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus) edo sai arrea (Gyps fulvus)—, eta animalia horiek babesteko neurri garrantzitsuenetako bat da inguruan parke eolikorik ez egotea, elektrokuzioagatik edota talkengatik gertatutako heriotzak saihestu aldera.

Baina harago joan dira, eta beste energia-eredu bat eskatu dute. Zein, bada? "Momentuz, plataformari forma ematen ari gara", erantzun du Gonzalez de Alaizak. "Nire iritzi pertsonala nahi baduzu, energiaren kudeaketak ahalik eta lokalena izan behar du, dimentsionatua eta publikoa. Baina haiek berde kontzeptua zuritzeko besterik ez dute erabiltzen".

Proiektuaren aurka egiteko egingo dituzten ekintzak asanbladan adostu behar dituzte, eta horretarako ostiral honetan Arraia-Maeztuko udaletxean hitzordua finkatu dute.

Azterketa sakona

Iturrietan dorre horiek jartzeko baimena iazko apirilean eman zuen Erroetako Administrazio Batzarrak. Momentuz haizea neurtzeko dorreetarako baimena besterik ez dela izan argi utzi nahi izan du Administrazio Batzarreko presidente Lucas Mujikak. "Gero, konpainiari kokapena interesatzen bazaio, hitz egin ahal izango dugu".

Gaiaren inguruan herrian jaso duten informazio guztia zabaldu dutela babestu du Mujikak. "Udalari buruzko paper guztiak etxez-etxe pasatzen ditugu, jendeak irakur ditzan. Baina orain leporatzen digute aldez aurretik gai-ordena zabaldu ez izana". Mujikaren arabera, akordioa lau dorre jartzeko izan da, baina ez du uste bi baino gehiago jarriko dituztenik. Jarri zuten bakarra bota zutela gogoratu du. "Moztu zuenari dorrea ia gainera etorri zitzaion, metro batera edo, behar ez ziren kableak moztu zituelako", erantsi du. Azken erabakia Kontzejuak izango duela aurreratu du. "Erroetan, bi lagun izan ezik, gainerako herritarrak neurketa dorreak jartzearen alde egon gara. Gero, baldintza ekonomikoen arabera, herriak erabaki beharko du parkearekin aurrera egin ala ez".  

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide