Labrazan ere neurketak hasiko dituzte

Juanma Gallego 2020ko ots. 7a, 06:00
Nafarroan dagoen Las Llanaseko parke eolikoa Labrazatik ikusten da. / PHOT.OK

Labrazako Administrazio Batzarrak haizea neurtzeko dorre bat jartzeko baimena eman du, eremu horretan ere Aixeindar konpainia parke eoliko bat jartzea aztertzen ari delako.

Labrazan ere antzeko proiektua aurkeztu du Aixeindarrek. Bertan haize errotak jartzea aztertzen ari dira, eta ingurunea egokia ote den ebazteko dorrea aurki jarriko dute. Hori egin ahal izateko Labrazako Administrazio Batzarraren baimena jaso zuten urtarrilaren erdialdean.

Erroetan bezala, Labrazako Administrazio Batzarreko presidente Juan Miguel Martinezek dio berez baimen horrek ez duela suposatzen parke eolikoa egiteko baimena eman izana. "Horri buruzko azken erabakia Kontzejuaren esku egongo da". Martinezek azaldu du dorrearen oinarrietako bat Administrazio Batzarraren lurretan egongo dela, eta, beste bat, partikular baten lurretan.

Lehen aurreikuspenen arabera, parkea aurrera eginez gero, 12 aerosorgailuz osatuta egongo litzateke, baina horien kokapen zehatza erabakitzeko dago. Orain arte hainbat lekutan jarrita daudenak baino dezente handiagoak izango dira: goiko gurutzeraino neurtuta, 180-200 metro inguruko altuera izango dute. Radio Rioja Alavesari egindako adierazpenetan, Martinezek onartu du "inpaktu bisuala itzela" izango dela. Horregatik, parkea eginez gero, herritik ahalik eta urrunen jartzea nahiko lukete –orain Nafarroako lurraldean baina Arabako mugan dagoen Las Llanasko parke eolikoa ikusten da Labrazatik–. "Beste kontu bat izango da hortik eskura daitekeen onura ekonomikoa, inpaktu hori konpentsatzeko".

Momentuz horren inguruko informaziorik ez badute ere, Aixeindarreko arduradunekin izandako bileran urteko 200.000 euroko zifra mahai gainean jarri zuten, eta parkearen inguruan 5 edo 6 lanpostu sortzeko aukera ere aipatu zuten. Dena dela, oraindik 9-10 hilabete igaro beharko dira dorrea jartzen dutenetik, eta, kokapena egokia dela ondorioztatzen bada, Kontzejuak gaiari buruzko azken erabakia hartu beharko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide