BERREGITE HISTORIKOAK

Ezagutza xede, beste garaietara egindako jauzia

Juanma Gallego 2020ko ots. 2a, 06:30
Iruña-Veleian egon zen kohorte baten izena hartu dute Cohors Prima Gallica elkarteko kideek. / CPG F. CRESPO

Iraganera hurbiltzeko modua ahalbidetzen dute berregite historikoek, bai horietan parte hartzen dutenentzat zein ikusle direnentzat. Erromatar Inperioaren azken urteak edota garai napoleonikoa lantzen dituzten elkarteak daude, eta baita, beste ikuspegi batetik, Historia Garaikideko gudak lantzen dituztenak ere.  

Iraganera hurbiltzeko modu asko daude. Liburuak, filmak, dokumentalak, museoak edota aldizkariak dira horietako batzuk. Baina azken urteotan gero eta pisu gehiago hartu dute berregite historikoek. Garai urrunetako batailen antzezpenez harago, gero eta gehiago, horretan ari diren elkarteak ezagutza historikoa zabaltzeko bide berriak aurkitzen ari dira.

Erromatar garaira salto eginda, gurean Cohors Prima Gallica elkartea da erreferentzia nagusia. 2002an jaio zen, Iruña Veleiako aztarnategiaren inguruan, baina, 2009an, grafito faltsuen haritik sortutako polemikaren ondoren, elkartearen barruko berrantolaketa egin zuten, helburuak berrikusita.

"Ahal dugun heinean, Erromako mundu berantiarra berreraikitzen saiatzen gara", dio elkarteko kide Luis Ortizek."Askotan  erromatarren irudi finko bat ohi datorkigu burura, baina kontuan izan behar dugu Inperioaren amaieran gauza asko aldatzen direla, hala nola janzkera, apaingarriak edota hirietako giroa".

Garai horretan, Iruña-Veleia babesten zuen kohortea dago elkartearen izenaren oinarrian. Inperioa erori baino lehenagoko garai horiek ez ziren batere samurrak izan, roman way of life horretan parte hartu nahi zuten herriak Inperioaren mugetan pilatzen zirelako. Garai horretan, legioak bi multzotan banatuta zeuden: enperadorearen esku comitatenses zeritzenak zeuden, bataila handietan parte hartzen zutenak, eta, beharren arabera, leku batetik bestera mugitzen zirenak. Bigarren maila batean, limitanei izeneko tropak zeuden, batez ere Inperioaren mugetan ezarrita. "Penintsula nahiko erromanizatuta zegoenez, hemen ez zegoen tropa askorik. Cohors Prima Gallica, hain justu, limitanei motakoa zen", azaldu du Ortizek. "Horregatik, godoek Pirinioak gurutzatu zituztenean, comitatenses motako tropak ekarri behar izan zituzten, horiei aurre egiteko". Une horretara arte mugak mantendu ziren arren, herri germanikoen presentzia aspaldikoa zen, eta, garai horretan, Erromako legioen goiko postuetan ere jatorri godoko buruzagiak bazirela gogorarazi du Ortizek.

Kohorte horren inguruko informazio printza batzuk kontserbatu dira gaurdaino. Adibidez, hainbat hilarri eta izen, baino horiek ez dira, noski, baliatu dituzten informazio bakarrak. Batez ere adituen ikerketetan oinarritzen dira elkartean garai horiek berregiten saiatzeko. Historialariek, arkeologoek, numismatikariek edota epigrafistek egindako ekarpena dute oinarri. Are gehiago, elkartean bertan badira arlo zehatzetan espezialista diren adituak. "Gure taldean gehienak historialariak gara, baina irakasleak ere badira, eta horiek batez ere alde pedagogikoa lantzen dute. Garaiko armetan trebatuta dagoen ingeniari bat dugu, eta ehungintzan aditua den beste lagun bat. Tira, esango nizuke Espainia mailan Erromatar Inperio berantiarreko ehunetan aditurik handiena bihurtu dela".

Arkeologia esperimentala

Hortaz, dibulgazioa bai, baino harago doa kontua. Izan ere, praktikan arkeologia esperimentala lantzen dute; hau da, iraganeko arazoei nola aurre egiten zitzaien argitzea helburu duen diziplina praktikoa baliatzen dute. "Adibidez ur-berogailu bat berreraiki behar izan dugu. Zaragozako artisau baten kolaboraziori esker egin dugu, eta asmatu behar izan dugu nola funtzionatzen zuen".

Erromatar garaiko hileta, Bibat museoan antzeztuta. COHORS PRIMA GALLICA

 

Askotarikoak dira erabilitako iturriak. "Zuzenean garaiko elementuetara joan beharra dago: jantziak, armak, eguneroko tresnak, apaingarriak, mosaikoak, margoak, eskulturak, erliebeak eta garaiko dokumentuak...". Horiek guztiak argituta, hurrena ezagutza hori publikoari zabaltzeko unea da. "Normalean ordu erdiko berregiteak egiten ditugu, off-eko ahots batekin lagunduta edo guk geuk kontatuta. Gure ardura da ahalik eta didaktikoena izatea, azalpenekin. Funtsean, hitzaldi bizi bat da, baina, kontatu beharrean, antzeztuta". Pasarte zehatzak aukeratzen dituzte, horiek nola gertatu zitezkeen erakusteko: ehiza, ezkontza, hileta, epaiketa, edo ezagunagoak diren maniobra militarrak. Arlo didaktikoa azpimarratu du Ortizek. "Guk objektuak ahalik eta doitasun handienarekin berreraikitzen saiatzen gara. Baina ez du balio ezkutu txukun bat egiteak, gero horren ezaugarriak eta zergatiak jendeari ondo azaltzen ez badizkiozu". Askotan jendeak lehen eskutik ikusitako objektu horiek gero museoetan ikusten dituela azaldu du Ortizek, eta horrek gauzak hobeto ulertzeko bidea ematen du. "Kontua ez da antzezpen hori oso deigarria izatea, jendeak hori ulertzea baizik. Zertan desberdintzen diren zerbitzari baten jantzia edo domine baten jantzia, esate baterako". Halakoak ikusi ahal izan dira, adibidez, Zientzia Astearen baitan Bibat museoan egindako berregiteetan.

Gertuagoko garaiak

Erromatarrenetara ez baizik eta hurbilagoko garaietara doa normalean Gasteizko Bataila 1813 elkarteko kide Asier Merino. Duela bost urte hasi zen horretan, emaztearekin batera Waterlooko batailaren bigarren mendeurrenaren antzezpenera joan zenean. "Hain harrigarria eta ikusgarria izan zen, ezen pentsatu bainuen nik neuk hori ere bizi behar nuela". Gasteizen elkarte bat zegoela esan zioten, eta bat egitea erabaki zuen.

50 bat lagun inguru batzen ditu 2014an sortutako elkarteak; horietatik, hogei batek parte hartzen du berregiteetan. "Batez ere neguan elkartzen gara entseguak egiteko, garai horretan berregiteen egutegia ez baitago hain beteta", azaldu du Merinok. Taktika militarren antzezpen publikoak egiten dituzte sarri, baina ez dira horretara mugatzen. Garaiko zibilen janzkera eta bizimoduak ere dibulgatzen saiatzen dira, beti ere, historialarien lana eta garaiko irudiak oinarri. "Horietan abiatuta, jostunengana jotzen dugu, ahalik eta modurik zehatzenean jantziak egin ditzaten, garai horretan erabiltzen diren ehun motak erabilita, hala nola artilezko oihala, zeta eta lihoa.

Batailaren punturik gorenean mota guztietako sentimenduak azalerazten direla azaldu du Asier Merinok. / GASTEIZKO BATAILA 1813

 

Frantses soldaduen papera egiten dute –"Tira, norbaitek egin behar du hori"–, baina pixkanaka elkartean fokua irekitzen ari dira, eta karlistadak edota Ameriketako Estatu Batuetako gerra zibila ere antzeztu dituzte. Erraz dute: "Gure ekipamenduan garestiena armamentua da, eta hori XIX. mendean ia-ia berdin mantendu zen".

Argi dago askoz gehiago ezagutzen dela duela bi mendeko gertakizunez Erromako garaiez baino. Hortaz, gauza berri askorik ez dute aurkituko, ezta? "Ez pentsa. Egia da asko ezagutzen dela baina noizean behin gauza berriak ateratzen dira. Orain arte ezagutzen ez ziren unitateen uniformeak, esaterako".

Momentuz, XIX. mendean geratu da Merino, baina beste hainbat kide garai berrietara hurbiltzen ari dira. "Orain, adibidez, modan jartzen ari dira tertzioak edo bikingoak".

Kanpotik ikusita, zaila da irudikatzea halakoetan parte hartzen dutenek zer sentitzen duten igartzea, batez ere bataila handiak izaten direnean. Benetan paperean sartzea lortzen dute, ala oraindik erantzuteko duten whatsapp hori datorkie burura? "Ea, bataila iristen denean ezin duzu imajinatu ere zelan murgiltzen zaren horretan. Adrenalina, beldurra... antzezpena dela jakinda ere, sentimendu asko ateratzen dira hor sartuta zaudenean. Zinez, garai horretara joatearen parekoa da". Are gehiago, mundu horretan sartuz gero, "atzera bueltarik ez dagoela" onartu du Merinok. "Oso ondo dago historiari buruz irakurtzea, edota pelikulak ikustea, baina hau ere primerakoa da, aizu!". Hemendik gutxira izango duten erronka berria buruan du orain Merinok. "Aurten, aurrenekoz, Waterloora joango gara, ekainean. Nazioarteko erreferentzia da, eta aukera eman digute bataila horren 205. urteurrenean egoteko".

Ekainera bitartean, entseguetan jarraituko dute, eta seguruenera Inperioa erori aurretiko erromatarrek godoei aurre egiteko bideak asmatzen jarraituko dute. Zorte ona izan. ALEA IACTA EST. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide