Txorrotxioak gizarteratzeko lanean

Jon Rejado 2020ko urt. 25a, 07:00
Txoriak marrazteko lantegiko ariketa. / Juan Carlos Palacios

Arabako Ospitale Psikiatrikoko lorategian ikus daitezkeen 24 hegaztien gida argitaratu dute, pazienteen marrazkiekin. Hegaztiak Buruan proiektuaren ekarpena da; pazienteen autonomia handitzea, ingurumen balioetan heztea, komunitatean eragitea eta buruko gaitzek duten estigmaren aurka borrokatzea du xede.

Enara arrunta, amilotx urdina, txantxangorria… Dozenaka hegazti mota ikus daitezke Gasteizko parke eta lorategietan. Bada, hiriko lorategi zehatz bateko hegaztien gida argitaratu dute, berriki: Arabako Ospitale Psikiatrikoko hegaztien gida. 24 espezieren oinarrizko informazioa jaso dute bertan, baita ale bakoitzaren marrazki bana ere. Ospitaleko paziente talde batek margotu ditu horiek guztiak. Ekintza horren bitartez parte-hartzaileen autonomia handitu, ingurumen balioetan hezi, eta buruko gaitzek duten estigma borrokatu dute.

Aipatu gida Hegaztiak Buruan proiektuaren azken fruitua da. 2016an hasi zen proiektu hori, lehen begi-kolpean lotura handirik ez duten bi erakunderen arteko hitzarmenari esker: Arabako Osasun Mentaleko Sarea eta ANI Arabako Natur Institutua. Juan Carlos Palaciosek egin zuen bi munduak elkartzeko lana: ospitaleko Farmazia Zerbitzuko langilea eta ANIko kidea da. "Inguruko probintzietatik informazioa eskatu digute, eta, gure ustez, erraz esportatu daitekeen proiektua da". 

2016. urtetik proiektua hazi baino ez da egin, ospitaleko pazienteen interesak bultzatuta: txoriak ezberdintzeko hitzaldi batekin hasi zen dena; jantokiak prestatzeko lantegiak heldu ziren gero; habia-kutxak egitekoak ostean; hegaztiak behatzeko txangoak… Gidaliburua egitea pauso "logikotzat" jo du Jordi Gomezek, ANIko kide eta proiektuko laguntzaileak. "Txoriak behatzen hasi eta gero, ospitaleko erabiltzaile batzuk hegaztiak marrazten hasi ziren, logikoa den bezala". Interes hori antzeman ondoren, Norbert Fuente ANIko kide eta ilustratzaile profesionalak lagundu zien gaitasun horiek garatzen, hainbat saiotan. Gidan dauden irudiak dira lan horren emaitzak.

Brian Webster eta Jordi Gomez, txorien jantokiak egiteko lantegian. / Juan Carlos Palacios

Lehen hitzaldiek izan zuten garrantzia nabarmendu du  Julene Orruñok, Arabako Osasun Mentaleko Sareko Terapia Okupazionaleko arduradunak. 2016ko ekainean Brian Websterrek, Arabako Natur Institutuko presidenteak, hitzaldi bat eman zuen hegaztien inguruan, ospitalean. Ospitaleko erabiltzaileak eta profesionalak egon ziren bertan: dozenaka pertsona. "Paziente talde batek interes handiagoa agertu zuen, eta ordutik nahiko egonkor mantendu da talde hori, gurearen moduko ospitalean egon daitezkeen gorabeherak kontuan hartuta".

Ekarpenak, hamaika norabidetan

Orruñok zerrendatu ditu Hegaztiak Buruan egitasmoak egindako ekarpenak. Lehenik eta behin, garrantzitsutzat jo du ospitaleko profesionalak ez diren pertsonen ikuspuntua gehitzea, are gehiago ikuspuntu hori naturara zuzentzen denean: ospitaletik kanpora. "Garai batean ospitaleko ekintzak barrura begira egiten ziren, eta Hegaztiak Buruan bikain txertatzen da joera berrietan, komunitatera begiratzen duten horietan". Terapia okupazionalen ikuspuntutik, lantegietan habia-kutxak edota jantokiak egitean, beste gauza batzuk landu dituztela azaldu du: gizarte trebetasunak, motrizitatea, autoestimu ona… "Pertsonaren autonomia bultzatzen dugu pazientearen ingurune naturalean, ahal den neurrian pertsona bere ingurunera buelta dadin".

Bestetik, animaliek lagundutako terapiaz maiz hitz egiten da: txakurrekin, zaldiekin, izurdeekin… Ordea, Hegaztiak Buruan programa berritzailea da zentzu horretan: aske bizi diren animaliekin lan egitea lehenetsi du. Jordi Gomezek azaldu du naturaren behaketak buruko gaitzetan eragin positiboa duela, azken urteetan argitaratutako ikerketen arabera. Ordea, Juan Carlos Palaciosek aipatu du ez dela sakon ikertu animalia basatien erabilera, mota horretako terapietan. "Aurrera begira lantzeko moduko bidea da".

Ingurumen hezkuntza ere proiektuaren ardatz nagusietako bat da. "Balioetan heztea funtsezkoa da gizabanako guztientzat, eta Hegaztiak Buruanen bitartez naturarenganako erantzukizuna sustatzen da", azaldu du Palaciosek. Horren eskutik beste ekarpen garrantzitsu bat egin du proiektuak: buruko gaitzari lotutako estigmaren kontra borrokatzea. Ospitaleko pazienteek haien jarduera erakutsi dute, komunitatearentzat eredugarriak diren jarrera eta ekintzetan. Beraz, buruko eritasunak dituzten pertsonak ikusgarri egitearekin batera, pazienteen gizarteratzean eragina duela gaineratu dute.

Berriki argitaratutako txorien gida lan horren erakusgarria da, baina ez da azkena izango. Hitzaldi, jantokiekin eta etxe-habiekin jarraitzeaz gain, programa zabalduz doa ospitaletik Arabako Osasun Mentaleko sareko beste zerbitzuetara. Are gehiago, etorkizunera begirako beste helburu batzuk finkatu dituzte. Argazki erakusketa bat egingo dute Atarian, Salburuko hezeguneetako interpretazio zentroan. Hegaztiak Buruan egitasmoaren nondik norakoak azalduko dituzte bertan. Juan Carlos Palaciosek beste mugarri baten berri eman du: pazienteek parte har dezatela txoriei eraztunak ipintzeko saio batean. Azken horrek ez du data argirik, baina agerian uzten du txorrotxioen bidezko gizarteratzeak aurrera begiratzen duela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide