Elecnorreko langileek hilabete eman dute greba mugagabean

Mikel Buruaga 2020ko urt. 9a, 14:40

LAB eta ELA sindikatuek deitutako manifestazioa egin dute Arabako Elecnorreko langileek Gasteizko erdigunetik. Bidean, Foru Aldundiaren egoitzara eta Gasteizko Udaletxera hurbildu dira, erakundeen inplikazioa eskatzeko.

Hilabete daramate greban Elecnor Telecomunicaciones enpresako Arabako langileek. Pasa den abenduaren 9an abiatu zuten greba mugagabea; egun hartatik, goizero eta eguerdiro elkarretaratzeak egin dituzte.

Hilabete honetan enpresak "inolako borondaterik" ez duela izan salatu dute langileen ordezkariek. Langileekin batzartzeari uko egin diola diote langileek, "telefono dei eta posta elektroniko bidezko trukera mugatuz".

Sindikatuen arabera, bilera bakarra abenduaren 23an egin zen: "Abenduaren 26tik hona enpresak ez die langileen ordezkariei erantzun". Era berean, azaldu duten bezala, kezka adierazi duten bezeroei gatazka konponduta zegoela esaten ari dira enpresatik.

Enpresa "gatazka blokeatzen tematuta" dagoela kritikatu du langileen ordezkaritzak: "Hurbilketaren bat egon denean edo langileek egoera desblokeatzeko urratsak egin dituztenean, enpresak aldagai berriak sartu ditu negoziazioan, edo honezkero negoziatu eta onartutako puntuak erretiratu ditu".

Aurreko beste deialdietan azaldu bezala, Elecnorrek langileen grebarako eskubidea "urratzen" duela salatu dute, "beste herrialdetako langileak Araban lan egitera" ekarri dituztela kritikatuz. Horren harira, langileek Lan Harremanen Kontseiluaren (PRECO) bitartekaritza eskatu dute, negoziazioa ahalbidetzeko eta akordioaren aukerak aztertzeko.

 

Instituzioen inplikazioa

Enpresa zein norbanakoen zuntz-optiko, telefono, telebista edo ADSL lineen instalazio eta mantentze-lanetan dihardu Telefonicaren azpikontratak. Tartean, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Legebiltzarra ere badira Elecnorreko bezeroak.

Horren ondorioz, instituzioek grebaren kalteak pairatzen ari direla azaldu dute ELA eta LAB sindikatuek: "Arriskua baitago zerbitzu egokia ez jasotzeko linearen funtzionamendu txarragatik". Adibide bezala aipatu dute Aldundiaren tele-laguntza zerbitzua.

Pasa den astean Arabako Foru Aldundian egin zuten moduan, Gasteizko Udalera eta Eusko Legebiltzarrera jotzea aztertzen ari dira Elecnorreko langileek, "gaiaren inguruko informazio zuzena helarazteko eta lan-gatazkaren konponbidean inplika daitezen eskatzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago