Javi Aguillo | ADI! elkartea

"Ustelkeriak jarraituko du De Miguel kasuaren ondoren ere"

Erabiltzailearen aurpegia Zigor Oleaga 2019ko abe. 20a, 09:12

Ustelkeriaren aurkako ADI! elkarteko kide Javi Aguillo. / Argazkia: ARGIA

De Miguel auziko sententzia ezagutarazi berri du Arabako Auzitegi Probintzialak. 26 auzipetuetatik hamabiri espetxe zigorrak ezarri dizkio epaitegiak hainbat deliturengatik: eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea, besteak beste.

54 espetxe urte orotara. 11 auzipetu errugabetu ditu epaitegiak, epaiketa bitartean auzipetu nagusiei ordainketak egin izana onartu zuten enpresariak tartean. Zigorrik handienak Arabako EAJko zuzendaritzako kide ohiei jarri dizkiete. Gasteizko ADI! Elkarteak ustelkeriaren aurkako kontzentrazioa deitu du Gasteizko EAJren egoitza aurrean, sententzia ezagutu den egun berean. Elkarteko kide Javi Aguillorekin mintzatu da ARGIA.

Oso balorazio ezkorra egin duzue ADI! Elkartetik: "Gaur ez dugu irabazi, gaur galtzen jarraitzen dugu". Zergatik?

Uste dugulako ez dela arazoaren muinera jo. De Miguel auzia kasu isolatu bezala aurkeztu digute. Nahiz eta 26 pertsona egon auzipetuta, horietariko asko Arabako erakundeetan botere karguak zituzten. Ez da kasu isolatua, harago joan behar dugu. Ez da usteldutako sagar bat, EAJk saskia betea du Euskal Herri osoan: Marguello, Osakidetza, Epsilon, Hiriko, Purines... Publikoa ulertzeko modu bati erantzuten dio. EAJk instituzio guztietan agintzen du, eta guztion diruarekin nahieran egiteko eta desegiteko boterea duela uste du. Sententziak ez dio horri heldu. Ez da ustelkeria akabatzeko neurriez hitz egiten, instituzioek eta erakundeek hartu beharko lituzketen konpromisoez eta kontrol neurriez. Berdin jarraitzen dugu. Ustelkeriak jarraituko du, kudeaketa politikoak ildo berari eutsiko dio. Horregatik diogu galtzen jarraitzen dugula.

Sententziak mila orritik gora du, ordu batzuk soilik pasa dira ezagutarazi denetik. Aztertu eta balorazio juridiko bat egiteko astirik izan duzue?

Komunikabideetan argitaratu diren gauzak irakurri ditugu, baina sakontasunez aztertu eta eztabaidatzeko denbora beharko dugu. Edonola dela, arlo kuantitatiboa ez da garrantzizkoena. Ez dugu baloratuko zigorrak nahikoak diren edo handiagoak beharko luketen. Gakoa kualitatiboa da. Hau guztia gertatu da ez dagoelako kontrolik, badira zigorgabetasun osoz jarduten duten sare klientelarrak. Instituzioak kudeatzen dituzten alderdi politikoek, eta zehazki EAJk, zeresan asko dute. Ez dugu uste kasualitatea denik kasuari eman zaion trataera mediatikoa, edo auzipetuek euren defentsarako estatu mailako abokatu-bulego onenak izatea.

Esan duzue ez dela aprobetxatu kasua ustelkeria ahalbidetzen duten faktore ekonomiko eta politikoak eraldatzeko.

Itxurakeriazko jarrerek ez dute ezertarako balio, alderdien kode etikoak edo EAJren Gardentasun Ataria kasu. Diru publikoaren kudeaketa jendartearen mesedetan egin behar da. Gardentasun erabatekoa ezinbestekoa da. Itxuraz gardentasunerako bitartekoak onartzen dira, baina informazioa eskatzen dugunean sistematikoki ukatzen digute. Kontu Epaitegiak hainbat aldiz egin dizkio ohartarazpenak EAJri enpresen donazioak publiko ez egiteagatik, esaterako. Bitarteko horiek ez dute baliorik, ez direlako praktikan jartzen. Ez zaio EAJri interesatzen, baina ezta gainontzeko alderdiei ere. Kritikak oso leunak dira, eta ez dago ekarpenik. Bitarteko batzuk egon badaude, baina ez dira garatzen. Beste batzuk sortu zitezkeen, baina ez dago horretarako interesik.

ADI! elkarteak deitutako ustelkeriaren aurkako elkarretaratzea. / Argazkia: ALEA
 

Elkarrizketa hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Zigor Oleagaren jatorrizko elkarrizketa osoa eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago