Arabako herri txikien bozgorailu

Erredakzioa 2019ko abenduaren 16a

Markizen egin dute agerraldia. / HERRI TXIKIAK BAT

Orain arte egindako lanaren berri eman dute Herri Txikiak Bat asanbladako kideek, eta datorren urterako asmoak ere azaldu dituzte. Hilabetean behin herri desberdin batean egingo dute asanblada. 

Joan den uztailean jaio zen Herri Txikiak Bat ekimena, hainbat gazte arabarrek herri txikien bizitza suspertzea xede sortutako asanblada. Mugimendu horren ondorioz, urriaren 12an ospatu zuten lehen Herri Txikien eguna, Argantzonen. Egun hori egitasmoaren helburuak gizarteratzeko mugarri izan zen, baina  hilabete hauetan lanean jarraitu dute,  larunbatean Markizen egindako prentsa agerraldi batean adierazi dutenez.

Mugimenduaren helburu nagusia bere horretan mantentzen da: herri txikien inguruan dauden "hutsune zein gabeziak" salatzea, eta "herri txikien ahotsa ordezkatzea". Norabide horretan, hiru lerro nagusi jorratu dituzte orain arte: herrien arteko saretzea, erantzun kolektiboak eman ahal izateko; herriak euskalduntzea, eta despopulazioari aurre egitea. Herri txikien egoerari buruzko diagnosia ere egin dute, zerbitzuak, komertzioa, aisialdia, egitura politikoa eta etxebizitza kontuan hartuta.

Arlo praktikoari begira, besteak beste, tokian tokiko merkataritza sustatzeko formulak bilatzeari ekin diote, lan-eskaintzak eta lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin.

Datorren urtean izango duten antolaketa ere azaldu dute: hilabetean behin asanblada egingo dute, eta asanblada bakoitza herri desberdin batean egingo dute.  Modu berean, hitzordu bakoitzean arazo zehatz bat landuko dutela aurreratu dute. 

Erlazionatuak

Herri txikiei entzuteko eguna

Esti Lanao 2019 urr 11 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago