Arabako herri txikietako gabeziez eta populazioaren zahartzeaz kezkatuta, irtenbide bila hasi eta asanblada bat sortu dute hainbat herri txikitako gazteek: Herri Txikiak Bat. Leire Ruiz-Olalla (Hunan, Txina, 1997) proiektuaren sustatzaileetako bat da, eta bidea erraztuko duen aurrekari bat bezala ikusten du larunbateko jaialdia.
Zein herrik osatzen dute orain arte Herri Txikiak Bat proiektua?
Hasieran bost ziren: Buradon Gatzaga, Argantzon, Bernedo, Urizaharra eta Zanbrana. Orain Trebiñu, Korres eta Markinez ere batu dira.
Zergatik erabaki zenuten herri horietako gazteak elkartzea?
Herriak gero eta hustuago ikusten ditugulako. Herri handietara edo hirietara joateko joera dago, eta gazteen arteko harremana galtzen ari da. Hori berreskuratu eta bultzatu nahi dugu. Aurretik bazegoen proiektu batetik abiatu ginen. Hau da, aspaldiko ideia bat hartu eta aurrera eramateko pausoa eman genuen. Astiro-astiro joan gara zabaltzen proposamena, eta orain arteko bilakaera izugarria izan da.
Zein da herri txikien errealitatea?
Ni Buradon Gatzagakoa naiz, eta nire kasuan urtean zehar herria nahiko hutsik dago. Asteburuetan edo udan jendea badirudi gehiago animatzen dela, eta giro ona dago, baina orokorrean oso jende gutxi etortzen da. Antzekoa gertatzen da beste herrietan.
Zer gabezia topatu dituzue?
Baliabideen aldetik, bereziki, garraioa. Herritik atera nahi duzun bakoitzean, bereziki beharrezkoa duzunean, onena kotxea hartzea duzu. Zure kabuz.
Euskara ardatza da egitasmo honetan.
Zalantzarik gabe. Guretzat arlo garrantzitsuenetariko bat da, eta sustatu nahi dugu. Gure arbasoek ez zuten aukera hori izan, garaia zela eta; guk badugu, eta sustatu eta indartu behar dugu.
Zer prestatu duzue larunbaterako?
Jaiegun normal bat bezala izango da. Hainbat ekintza antolatu ditugu; besteak beste, umeen txokoa, bertso saioa, Herri Olinpiadak eta kontzertuak. 12:00etan hasi eta gauera arte luzatuko da. Gero, nahi duenak gehiago luza dezake. Asmoa herri txikietako gazteak etortzea da, harreman hori sendotzen hasteko, baina beste lekuetako jendeari ere luzatzen diegu deia.
Eta jaialdiaren ostean, zer?
Etekin ekonomikoak alde batera utziz, gure helburu nagusia, esan bezala, Arabako herri txikietako gazteen arteko harremana indartzea da. Jaialdi honekin aurrekari bat finkatu nahi dugu, ondoren etorriko denari bidea egiten hasteko.