Irakurraldia

'Alea, Arabako pasarteak' liburuxkaren irakurraldia

Erredakzioa 2019ko abe. 12a, 07:30

Euskararen Egunaren harira, zazpi idazle arabarren idazlanez osatutako ALEA. Arabako pasarteak liburuxka berezia aurkeztu zuen ALEAk abenduaren 3an, Oihaneder Euskararen Etxean.

Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunak aitzaki, asteroko albiste zurrunbilotik fikziorako jauzia egin du aurten Arabako ALEAk. Bertako idazleen eskutik, asteroko erreportaje eta elkarrizketek literaturari egin diote lekua 218. zenbakian, idazlan laburrez osatutako liburuxkarekin.

Iban Zaldua, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Mikel Ayllon, Beñat Goitia, Elisa Rueda eta Edu Zelaieta idazleen eskutik, pasaia, istorio eta gogoeta desberdinetan murgilduko da irakurlea, Jon Gil ilustratzaileak sortutako irudiek lagunduta. Iraultzak, sexuak, segregazioak, aniztasunak, naturak, hitzak eta euskarak berak ere eramango ditu irakurleak batetik bestera.

Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldian, zazpi idazlanen irakurraldi publikoa egin da. Binaka testu ezberdinak irakurtzeko ardura hartu dute politika, kultura, kirola eta gizarte arloko hamalau lagunek.

Gorka Urtaran Gasteizko Alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak hartu dute lehen txanda; eta jarraian izan dituzte Urko Aristi eta Edurne Begiristain kazetariak, Maialen Naberan eta Oier Zearra kirolariak, Iñaki Lazkano eta Irati Iciar euskalgintza arloko eragileetako ordezkariak, Kepa Ortiz de Urbina eta Rober Gutierrez enpresa arloko ordezkariak, Manex Agirre eta Aroa Arrizubieta bertsolariak, eta Itziar Rekalde ipuin-kontalaria eta Miren Narbaiza abeslaria, urrenez urren.

 

15.000 ale

Irakurraldira gerturatzeko aukerarik izan ez zutenek, baina, idazlanak etxean jasotzeko aukera izango dute, liburuxkaren banaketa zabala egingo delako egunetan, ALEAren harpidedunei eta ezohiko guneetan ere bai. Guztira 15.000 aldizkari banatuko dira lurralde osoan zehar.

Liburuxka eta irakurraldiaren bitartez, "euskal komunitatea bizirik" dagoela nabarmendu nahi du ALEAk. "Bertako kultur sorkuntzaren balioa azpimarratu eta lankidetza zein kolaborazioan oinarritutako lanaren emaitzak zein oparoak izan daitezkeen irudikatu nahi dugu", adierazi du Aritz Martinez de Luna ALEAren zuzendariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago