Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunak aitzaki, asteroko albiste zurrunbilotik fikziorako jauzia egin du Arabako ALEAk. Bertako idazleen eskutik, asteroko erreportaje eta elkarrizketek literaturari egingo diote lekua 218. zenbakian, idazlan laburrez osatutako liburuxkarekin.
Iban Zaldua, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Mikel Ayllon, Beñat Goitia, Elisa Rueda eta Edu Zelaieta idazleen eskutik, pasaia, istorio eta gogoeta desberdinetan murgilduko da irakurlea, Jon Gil ilustratzaileak sortutako irudiek lagunduta. Iraultzak, sexuak, segregazioak, aniztasunak, naturak, hitzak eta euskarak berak ere eramango ditu irakurleak batetik bestera.
Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldian, zazpi idazlanen irakurraldi publikoa egin da. Binaka testu ezberdinak irakurtzeko ardura hartu dute politika, kultura, kirola eta gizarte arloko hamalau lagunek. Gorka Urtaran Gasteizko Alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak hartu dute lehen txanda; eta jarraian izan dituzte Urko Ariste eta Edurne Begiristain kazetariak, Maialen Naberan eta Oier Zearra kirolariak, Iñaki Lazkano eta Irati Iciar euskalgintza arloko eragileetako ordezkariak, Kepa Ortiz de Urbina eta Rober Gutierrez enpresa arloko ordezkariak, Manex Agirre eta Aroa Arrizubieta bertsolariak, eta Itziar Rekalde ipuin-kontalaria eta Miren Narbaiza abeslaria, urrenez urren.
Aldizkari berezia
Irakurraldira gerturatzeko aukerarik ez dutenek, baina, idazlanak etxean jasotzeko aukera izango dute, liburuxkaren banaketa zabala egingo delako hurrengo egunetan, ALEAren harpidedunei eta ezohiko guneetan ere bai. Guztira 15.000 aldizkari banatuko dira lurralde osoan zehar.
Liburuxka eta irakurraldiaren bitartez, "euskal komunitatea bizirik" dagoela nabarmendu nahi du ALEAk. "Bertako kultur sorkuntzaren balioa azpimarratu eta lankidetza zein kolaborazioan oinarritutako lanaren emaitzak zein oparoak izan daitezkeen irudikatu nahi dugu", adierazi du Aritz Martinez de Luna ALEAren zuzendariak.
Zuzenean jarraitzeko aukera
Bertaratzeko aukerarik izan ez dutenek gainera, ekitaldia zuzenean alea.eus webgunean ikusteko aukera izan dute streaming bidez ikusleek.
Egunotan, bideo ezberdinak ikusgai jartzeaz gain, atal berezia izango da ikusgai. Bertan, testuekin batera ilustrazioak eta bestelako materialak izango dira eskuragarri.