Bi aste pasa dira azaroaren 8an egin zuten laugarren greba jardunalditik, eta gaur bosgarren greba eta mobilizazio eguna izan da Elecnor Telecomunicaciones Telefonicako azpikontratako langileentzat. 09:00etan elkarretaratzea egin dute Lakuan dagoen Telefonica eraikinaren aurrean. Eta eguerdian Loma Jeneralaren plazan dagoen Telefonica dendaren aurrean mobilizatu dira.
Telefonicako langileek baino soldata baxuagoak, lanaldi luzeagoak eta Elecnorreko langileen osasuna "arriskuan" jartzen duten segurtasun neurri okerragoak dituztela salatzen dute.
Horrez gain, enpresak aldi baterako langileak asteburuetan eta jai egunetan lan egitera behartzen dituela azaldu dute, hala egiten ez badute "kaleratuak izateko arriskupean". Egun horiek ezin dituzte aparteko ordu gisa erregistratu, ezta egindako instalazioen arabera kobratu ere.
Gainera, Gasteizko lantoki barruan dagoen "diskriminazioa" amaitzea, erosteko ahalmen gehiago ez galtzea, guardiak dagozkien bezala ordaintzea eta beste herrialdeetako langileek dituzten baldintza berdinak izatea exijitzen dute.
Abenduaren 9tik aurrera, greba mugagabea
Langileen ordezkariek ALEAri jakinarazi diote enpresak ez duela egoera konpontzeko "mugimendu bakar bat ere egin" azken greba egunetik. Salatu dutenez, beste herrialdeetako lankideen bitartez jakin ahal izan dute enpresa langileak bidaltzen ari dela Nafarroatik Agurain eta eta Araiara, "grebalarien greba eskubidea bera kolokan jarriz".
Honekin guztiarekin, greba egunetarako mobilizazioak "adosten" ari direla azaldu dute. Besteak beste, gabonen bezperetan, bezero eta bezero posibleei azpikontratako langileen egoera aurrez aurre azalduko diete Telefonicako saltokietan. Horrez gain, abenduaren 19an, Plaza Berriko azokan elkarretaratze intentsiboa egingo dute.
Eta abenduaren 20an, ostiralean, Arabako langileak Bilbora hurbilduko dira bertan dauden Elecnor eta Telefonica enpresen egoitza zentralen aurrean protestak egiteko.
Azken mobilizazio honek Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan dauden ELA, LAB eta ESK sindikatuen langileen ordezkarien babesa izango duela azpimarratu dute. Izan ere, azken greba egunean adierazi zuten bezala, "erantzun koordinatuak prestatzen" hasiak dira.
Elecnor: 2019an %5,3ko hazkundea
Bere aldetik, Elecnorrek "arazo ekonomikoak" argudiatzen ditu langileen egoera azaltzeko. LAB eta ELA sindikatuek osatutako langileen ordezkaritzaren arabera, ordea, enpresak 28 milioi euroko etekinak banatu zituen 2018an.
Egunotan, enpresak berak jakinarazi du salmentak %1,5 handitu dituela 2019ko urtarriletik irailera eta eragiketa korporatiboen mozkin garbia 57,1 milioi eurokoa dela. Hau da, %5,3ko hazkundea izan du Elecnorrek.