Irakurraldia

Gurea, zurea, berea

Aritz Martinez de Luna 2019ko abe. 4a, 10:51

Egilea: Jon Gil

ALEAren Irakurraldia proiektua aukezteko Aritz Martinez de Lunak idatzitako testua.

Araban bagare kantatzen du abesti zaharrak. Tamalez, aspaldi utzi genion Araban bagare izateari. Badira zenbait hamarkada denboraren hautsak gure lurraldeko arbasoen hizkuntza estalirik utzi zuela. Paper zimurtu artean idatziz jasoa, ahanzturan galdua eta zenbait belaunalditako hiztunentzat ezezaguna. Hori zen euskara Arabako eremu gehienetan.

Egun, Araban bagara. Itxuraberrituak, berpiztuak, zenbaiten ustez artifizialak ere batzuetan, eta norberak nahi duen ezaugarriaz jantzita, baina azken finean, bagara. Araban euskaldunak gara, eta gero eta euskaldunagoak gainera.

Guziok gara eskualdun, guziok anaiak gara jarraitzen du abestiak. Eta honetan bai, duela mende erdi Bittor Kapanagak idatzitakoak inoiz baino biziago egoten jarraitzen du. Baliteke abestiaren egileari guziok adiera horrek gaur gaurkoz biltzen dituen kolore, itxura eta forma guztiak zeintzuk liratekeen esango bagenio, bekokia zimurtuta egingo lukeela keinu.

Hala da, baina. Arabako euskara aberatsa, koloretsua, anitza eta bizia da. Euskara etxetik jantzita dakartenak izango dira batzuk, inguruko lurraldeetatik arabartu egin diren euskaldunak izango dira beste batzuk, euskarara hurbiltzeko pausua eman dutenak, zorionez, gero eta gehiago; eta altxor ezkutua bailitzan euskara ezagutu duten aurpegi berriak ere ohikoago egiten ari zaizkigu.

Beraz, etorkizuneko euskara egunez egun aberasten eta asmatzen dugun hori izango da, edo ez da izango. Hitz berriak, ahoskera berriak, soinu eta doinu berriak. Txistu egiten ez dakiten "tz" batzuk entzungo ditugu; ezkutaketan dabilen ergatibo galduren batek ihes egingo digu; erritmo karibetarrek dantzaraziko duten doinua entzungo dugu; espezia exotikoek zaporea eta usaina emango dioten hizkuntza ezagutuko dugu; belarrira min eman ordez, akaso, jatorra irudituko zaigun erdarakadaren bat ere entzungo dugu; eta, finean, guztiona izango den hizkuntza biziko dugu.

Gure aldetik beste ezer gutxi esateko. Jarraian jasotako pasarteak izan daitezela aberastasun eta oparotasun horren adierazle.

Kanpotik etorritakoei, ongi etorri Araba euskaldunera. Euskara ezagutzeko hautua egindakoei, ongi etorri euskarara. Eta gure etxera sartzeko gonbitari erantzun diozuen guztioi, ongi etorri Arabako ALEAra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago