8.000 lagunek baino gehiagok otsoak ez akabatzeko eskatu diote Aldundiari

Juanma Gallego 2019ko aza. 29a, 17:00

Otsoen aurkako uxaldiak aztertzen ari da Aldundia. / ASCEL

Change.org plataformaren bitartez eskaera bat abiatu du Euskadiko Otso Taldeak. Ekologisten aburuz, ulergaitza da Diputazioak horiek hiltzeko baimena ematea Jaurlaritza otsoa babestutako espezien katalogoan sartzea aztertzen ari den une batean. Abeltzainen presioei egotzi diete afera. 

Araban azken asteotan atzeman diren bi otsoak ez hiltzeko eskatu diote ekologistek Arabako Diputazioari. Horretarako, Change.org plataformaren bitartez eskaera bat abiatu dute. Dagoeneko 8.000 lagunek baino gehiago babestu dute eskaera hori. Bertan azaltzen denez, Diputazioaren erabakiaren atzean "abeltzaintzaren sektorearen presioa" dago.

Ekologisten aburuz, ulergaitza da Diputazioak aurreratu duen asmoa: "guztiz inkongruentea eta arduragabea da Euskadin otsoa katalogatzeko espedientea irekita dagoen bitartean Arabako Aldundiak aleak akabatzeko baimena ematea". Hala, "zentzugabekeriatzat" jo dute erakunde publikoak hartutako bidea. "Aldundiak eskaintzen duen irtenbidea da gure probintzian espezie bat erabat desagerraraztea, otsoei existitzen utzi gabe". 

Ekosistemen kudeaketan eskopetak erabili ordez, prebentzio neurriak eskatu dituzte. Duela hainbat hilabete azaldu zituzten neurri horietako batzuk: abeltzaintzan oinarritutako eredua baino, artzaintza bera sustatzea; abereak gauez biltzea, eta trebatutako txakurren erabilpen egokia egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide