Diputazioa otsoak hiltzeko baimena ematea aztertzen ari dela salatu dute

Erredakzioa 2019ko aza. 19a, 16:40
Azken egunetan, sare sozialetan, Arabako mendilerroetan dabilen otso honen irudia partekatu dute. @Lekuezama

Ekologistak Martxan taldearen arabera, Urkabustaizko kontzejuari jakinarazi diote uxaldiak baimenduko dituztela.

Arabako Diputazioa otsoak hiltzeko uxaldiak baimentzea aztertzen ari da. Hori da, bederen, Ekologistak Martxan taldeak salatu duena. Azaldu dutenez, atzo bertan jakin zuten Urkabustaizko kontzejuko kideei jakinarazpen bat bidali zaiela honako hau esanez: "Otsoari itxaroteko baimena emango dute, eta joango diren pertsonen izenak eta NANa behar dira, bai eta uxaldiak non egingo diren ere". 

Ekologisten arabera, bi otso-ale daude orain Araban, eta animaliak hiltzeko legez kontrako hainbat saiakera egin dira. Hala, Uzkiano inguruan, azken hilabeteetan, "jaki pozoitua" jarri dute, eta "legez kanpoko uxaldiak" ere egin dituzte. Modu horretan, ekologistek jakin ahal izan dutenez, gutxienez, otso bat hil dute.

Gainera, Ekologistak Martxanek nabarmendu duenez, iragan irailean, herritar batek Aldundiko basozainei jakinarazi zien Gibijo inguruan otsoarentzat lazoak eta tranpak jartzen ari zirela. "Diputazioak uxaldi bat prestatzen ari ziren pertsona batzuk aurkitu zituela ere jakinarazi digute, eta ehiztariei ordaintzen ari zaiela otsoa hiltzeko".

Datozen egunetan, Arabako Ingurumen Fiskaltzaren esku jarriko du informazio guztia taldeak, balizko ingurumen delitu gisa ikertzeko.

Aldundiarekin harremanetan jarri da Ekologistak Martxan taldea, eta uxaldiak emateko baimena mahai gainean dagoela aitortu ei dute, "inguruan kalte handiak eragiten ari diren otso bat edo bi hiltzeko". Bestetik, Diputazioak ukatu du legez kanpoko itxaronaldirik izan dela herrialdean, baina ziurtatu dute Uzkianon otsoak harrapatzeko pozoitutako jakiak aurkitu dituztela.

Ekologistak Martxanek gogoratu du Eusko Jaurlaritza otsoa Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzeko aukera aztertzen ari dela, eta Arabako Aldundiak berak egindako txosten batean otsoa Interes Bereziko espeziea bezala jasota dagoela eta kategoria horretan sartu beharko litzatekeela.

 

Erlazionatuak

Erasoen inguruko kezka zabaldu da abeltzainen artean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 aza 10 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide