Euskararen Eguna

Azaroaren 27an elkartuko da Euskaraldia prestatzeko Arabako foroa

Erredakzioa 2019ko aza. 26a, 12:08

Erronka berria izango du hurrengo Euskaraldiak. / Alea

Bihar, azaroak 27, 18:00etan, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean elkartuko dira herri batzordeetako kideak.

Euskaraldiaren edizio berriaren prestaketa lanak abian dira, eta ekarriko dituen berrikuntza horien berri emateko lurralde foroak antolatu dituzte herri batzordeetako kideentzat. Egin beharrekoak, mugarriak eta zereginak azaldu eta elkarbanatzea izango da topaketaren helburua, sustatzaileek azaldu dutenez.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra, 15 egunez, egingo da hurrengo Euskaraldia. Hain zuzen euskaraz gehiago egitea izango da bigarren edizioaren xedea eta, horregatik, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloa aukeratu dute.

Arabari dagokionez, besteak beste, 20 bat herritan eta Gasteizko bospasei auzotan eratu dira batzordeak; baina hurrengo asteetan batzorde berriak eratuko direla adierazi dute. Bi hilean behin inguru biltzen da honako foroa, kontu komunak lantzeko, ideiak trukatu, elkar ezagutu eta unean uneko egitekoei erantzuteko.

Nobedade gisa, mota guztietako entitateak batuko zaizkie belarriprest eta ahobizi izango diren lagunei. Horretarako, ariguneak sortuko dituzte entitateetan. Dagoeneko hauek inskribatzeko aukera dago Euskaraldiaren webgunean eta, beraz, Euskaraldiari begira lanketa egiten hasteko aldia ireki da jada.

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago