Araba osoa indarkeria sexistaren kontra

Erredakzioa 2019ko aza. 25a, 09:34

Gasteizko mugimendu feministaren mobilizazio bat. / Argazkia: Alea

Azaroaren 25ean da Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta, urtero bezala, hamaika deialdi egin dituzte horren harira, bai Gasteizen eta baita Arabako beste kuadrilletan ere.

Aiaraldea, Guardia, Kuartango, Oion, Argantzon, Aramaio, Gasteiz... Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko aldarria Araba osoan hedatuko da, mobilizazio, topaketa eta mota guztietako ekimenekin.

GASTEIZ

Goizean, LAB sindikatuak elkarretaratzeak deitu ditu 12:00etan Hego Euskal Herriko hiriburuetako Lan Ikuskaritzaren egoitzen aurrean, Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu. Lantokietan autodefentsa feminista leloarekin. Baita Gasteizen ere.

Arabako mobilizazio nagusia Gasteizen izango da, Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburuetan deitutako mobilizazioetako bat. 19:00etan manifestazioa egingo dute Andre Maria Zuriaren plazatik.

Horren aurretik, gazte mugimendu feministak Barkatu eragozpenak, sistemak erasotzen gaitu lelopean ekimen berezia deitu du 16:15ean Martxoak 3 plazan. Eta 18:45ean Gasteizko Gaztetxetik abiatuko den Neska* Gazte Blokea ere deitu dute.

 

AIARALDEA

Azaroaren 25ean mobilizazioak egingo dira eskualdeko udalerri gehienetan. Arespalditzan 17:00etan jarri dute zita, Ferialean. Okondon 18:00etan egingo dute elkarretaratzea.

Artziniegan, eta Amurrion ordubete beranduago bilduko dira. Laudion ere ordu horretan egingo dute elkarretaratzea Herriko plazan, eta Urumea kalera mugituko dira gero, Amagoia Elezkano eta indarkeria matxistaren biktima izan diren emakume guztiak omentzeko. 

BARRUNDIA

Indarkeria matxisten kontrako martxa egingo dute, astelehenean, 18:00etan, Ozetatik Gebarara.

GUARDIA

Guardian, egun osoko egitaraua prestatu dute gaur. 9:30etik aurrera "moskeo kanpaina" bat abiatuko dute eta, ondoren, Biasterik ez du eraso sexistarik onartzen seinaleen inaugurazioa egingo dute.

Eguerdi eta arratsaldean zehar, manifestuen irakurketak, bost minutuko isilunea, haurrentzako eskulanak, salda dastaketa eta antzerkia izango dute, Guardiako Udalak, Victor Tapia eskolak, Harresiak Emakumeen elkarteak eta Barbacana elkarteak antolatuta.

 

OION

Arabako Errioxako beste herrietan ere ekimenak egongo dira. Adibidez, Oionen, genero indarkeriaren aurkako ekitaldia eta manifestuaren irakurketa egingo dute 19:00etan herriko Enparantza Nagusian.

 

KUARTANGO

Egun berean, Kuartangon, arratsaldeko egitaraua prestatu dute. 18:30ean Txoko Morea inauguratuko dute herriko liburutegian eta 19:00etan Pamela Palencianoren No duelen solo los golpes monologoaren proiekzioa egingo dute Udaletxeko areto nagusian.

 

ARGANTZON

Trebiñuri dagokionez, elkarretaratzea egingo dute Argantzonen, 19:30ean Herriko Plazan.

 

ARAMAIO

Bestalde, Aramaion hiru eguneko egitaraua osatu dute. Ekimen nagusia azaroaren 25ean izango da eta kalejira zaratatsua egingo dute 17:30ean Kultur Etxe paretik, Erasoen aurrean, autodefentsa feminista lelopean.

 

Arabako deialdiren bat falta zaigu?
Bidali zure herri edo auzoko hitzordua!
Erlazionatuak

Azaroak 25 | Dena esanda dago

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Herriko Mugimendu Feminista 2019 aza 22 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago