EUSKARALDIA

Euskaraldiak Gasteizen "eragin positiboa" izan zuela ondorioztatu dute

Juanma Gallego 2019ko aza. 13a, 19:30

2018ko udazkenean egin zen ekimena. / ALEA

Euskararen aldeko ekimenak hirian izandako eragina neurtu duen ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte Gasteizen. Euskaraz aritu ohi diren lagunengan ez ezik, eragin hori euskara gutxi erabiltzen dutenen artean ere izan da. 

Iazko udazkenean Euskal Herri osoan ospatu zen Euskaraldiak Gasteizko hizkuntza ohituretan "eragin positiboa" izan zuela ondorioztatu du gaiaren harira Soziolinguistika Klusterrak landu duen ikerketa batek. Txostenean zehaztu dutenez, hizkuntza gaitasun maila desberdin guztietan "areagotu" da euskararen erabilera hirian. Oro gar, ikertzaileek ondorioztatu dute ekimenak "euskara erabiltzeko aukeren optimizazioan" eragina izan duela. 

"Epe motzean, hamaika egunetan nabarmena izan da euskararen gorakada euskara gehien hitz egiten dutenen artean, eta, epe luzera, hiru hilabete pasata ikusten da ere egonkortu direla zifra horiek", azaldu du Soziolinguistika Klusterreko teknikari Uxoa Anduagak. "Hamaika egun horietan hartu ziren ohiturak eta euskara gehiago egiteko joera horietako batzuk mantendu egin dira. Jendeak neurri batean bereganatu ditu ohitura horiek". 

Datuetara joanda, Euskaraldia baino lehen %44 ziren euskara ulertzen zuten "guztiei" edo "gehiengoari" euskaraz zuzentzen zirenak. Euskaraldian zehar, kopuru hori %75 izatera igaro zen. Hiru hilabete pasata, portzentajea %51ra jaitsi da, hasieran baino %7 gehiago, hain zuzen.

Anduagaren esanetan, Euskal Herriko datuek erakusten dute euskara gehien erabiltzen dutenen artean bereziki nabarmena izan dela eragina. "Baina Gasteizen eragin hau atzeman daiteke ere gutxien erabiltzen dutenen artean. Hala, euskara batere erabiltzen ez zutenak murriztu egin dira Euskaraldiaren eraginez. Euskara erabiltzen ez zuten horiek jo dute gehiago haien egunerokotasunean euskara gehiago hitz egitera", azpimarratu du.

Espazioei dagokienez, ahobizi rola hartu dutenen artean, bai Euskaraldian zein epe luzera begira familian eta lantokian izan da eragin handiena.  Belarriprest modura aritu direnen artean, berriz, lagunartean eta ikaslekuan egin dute euskara gehien Euskaraldian zehar. Epe luzera begira, ikaslekuan mantendu da eragina, baina lantokietara ere zabaldu da.

1.054 erantzun

Hiru galdetegi baliatu dituzte ikerketa osatzeko, une desberdinetan eginda: Euskaraldia hasi aurretik, ekimena amaitu berritan eta handik hiru hilabetera. Ekimenaren eraginak taxuz jaso ahal izateko, hiru galdetegiak bete dituztenen datuak baino ez dituzte erabili.

Orotara, 10.985 lagunek parte hartu zuten Gasteizen ekimenean, eta horietatik 1.054 lagunek galdetegiak bete dituzte. Erantzun horietan oinarritu dituzte emaitzak. Lagin handia izan arren, galdetegia borondatez bete izanagatik metodologia aldetik egon zitezkeen alborapenak ere zuzentzen saiatu dira ikertzaileak. Oro har, "esan liteke laginak unibertsoa nahiko ongi ordezkatzen duela", adierazi dute datuak aurkezteko idatzi duten txostenean. 

Erantzuna eman dutenen %77,6k (818 lagun) ahobizi rola hartu dute, gainerako %22,3 belarriprest izan direlarik. Generoaren arabera, emakumezkoak nagusi izan dira (% 69,2), gizonezkoen aldean (%29,8). Adinari dagokionez, 35-49 urte artekoak izan dira nagusi. %65 urtetik gorakoak %0,6 besterik ez dira izan. Ekimenaren eragina kuantifikatzeaz gain, herritarren iritzi eta ideiak jaso nahi izan dituzte ikerketaren bitartez.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago