"Emakumeon lana ez da gizonek daramaten ildoa errepikatzea"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko aza. 16a, 06:00

Nati Lopez de Munain, Burguko alkatea eta Ingurumen zuzendaria. ALEA

Politika, lana eta familia uztartzen eskarmentu handiko emakumea da Nati Lopez de Munain; ataka zailak eta momentu gozoak bizi izan ditu Burguko alkateak hamasei urtez, eta esperientzia hori transmititzeko eta emakume hautagiak laguntzeko Virginia Wolf Basqueskolan aholkulari bezala ari da. 

Euskal Herriko hiriburuetako alkate guztiak gizonak dira, eta gauza bera gertatzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin. Araban, azken udal hauteskundeen ostean, 53 udalerrietako alkate gehienak (%73,55) gizonezkoak dira, eta soilik 14 (%28,45) emakumeak. Egoera ikusirik, eta emakume politikoei babesa emateko, Virginia Woolf Basqueskola sortu zuten Eudelek eta Emakundek 2018an. Urrian, Gasteizen, emakume hautagai berriei harrera ekitaldia egin zieten. Bertan izan da Burguko lehen emakumezko alkate Nati Lopez de Munain Alzola (Ixona, 1960). Bost legegintzaldi egin ditu Lopez de Munainek alkate-karguan, eta orain, gainera, Ingurumen foru zuzendaria da. "Politika gogorra da, une txar asko dago, eta askotan ezin dituzu arazo guztiak konpondu edo ez denek nahi duten bezala. Baina aurrera egiten duzunaren sentsazioa duzu, eta hori pozgarria da".

Zerk eraman zintuen alkate-kargua hartzera?

Sei herrik osatzen dute Burgu, eta ni horietako batekoa naiz, Ixonakoa, bertan bizitza osoa eman dut. Une jakin batean, EAJren zerrendan sartzeko aukera eskaini zidaten; zerrenda plurala izan zedin, herri guztietako ordezkariak nahi zituzten. 1999an sartu nintzen eta zinegotzi bezala atera nintzen. Hori da udal politikaren munduarekin dudan lehen kontaktua. 2003an, berriz, alkate aukeratu ninduten. Lehen aldia zen emakume batek alkate kargua hartzen zuela Burgun.

Nola izan zen lehen esperientzia?

Positiboa izan da. Zailtasun gehigarririk ere ez nuen sentitu. Zailtasun gehiago dago, noski, emakumeak normalean ez garelako esparru horretan egon, eta bidea ireki behar da, erreferenterik ez dugun arlo bat da. Politikaren eremuan sartu berriak gara emakumeak, duela urte gutxi, eta eremu horretan egon ez izanak zaildu egiten du dena. Normalean, gizonek betetzen duten rol bat hartzea zailtasun bat da, baina eraikitzen joan behar duzun prozesu baten parte bat da. Emakumeok gizarte mugimenduetan eta herriko elkarteetan parte hartu dugu, baina udal politikan ez genuen esperientziarik.

Faltan botatzen nuen beste emakume batzuekin esperientziak partekatu ahal izatea

Emakumea izateagatik deseroso sentiarazi zaituzte inoiz? Kritika matxistak jasan al dituzu?

Ez. Egia esan, urte hauetan zehar ez dut hori sentitu. Gainera, hain zuzen ere, lehen urteetan, hirigintzaren gai dezente zegoen, niretzat oso ezezaguna zen alor bat. Emakumeok ez dugu horrelako esperientzietarako aukerarik izan, eta gai hori ikasi eta ezagutu behar izan nuen, eta askotan egoera berriei aurre egin. Errealitate horrek ere lagundu egiten dizu, bost legegintzalditan, egoera horietan hobeto moldatzen.

Nola konpentsatu duzu esperientzia falta?

Zailtasunak identifikatzen jakitea izan da, jendearekin asko hitz egitea eta Udala ere pertsona guztiei irekitzea. Herritarrak jarduerak sustatu ditzaten bultzatzea, ez kontsumitzen den produktu bat ekoiztea edo egitea, baizik eta proiektuak garatzea, jendea apur bat protagonista izatea eta bere proiektuen buru izatea. Horrela sortu dira kirol klubak, familientzako jarduera mota ezberdinak, batez ere ingurumenarekin lotutako gai asko. Baratze ekologiko didaktiko bat dugu, Natura Sarean gaude… Burgun jarduera asko egin ditugu eta udalerriko pertsonen bizitza erraztu dezaketen gauzak identifikatzen joan gara. Bada, beharrak zeintzuk diren atzeman eta baliabideak martxan jartzen joan gara, oso masa kritiko txikiarekin hasieran, partaide oso gutxi zegoelako. Une horietan faltan botatzen nuen beste emakume batzuekin esperientziak partekatu ahal izatea, beste udalerri batzuekin edo beste errealitate batzuekin. Hor bai falta izan zait gerora Basquesolatik abiatu dugun sarea.

Aberastasuna ezberdinen artean partekatzea da gure helburua, eta elkarri laguntzea

Zer da Basqueskola?

Emakume politikarientzat prestakuntza-eskola gisa sortu da, hain zuzen ere, politikan ibilbide hori ez dugulako izan. Coaching-ari eta lidergoari buruzko hainbat ikastaro egiten dira, eta Euskal Herriko politikaren esparruan emakumeen sare bat definitzeko lana egiten dugu. Gauzarik interesgarriena da kolore politiko guztietako emakumeek parte hartzen dugula, eta berdin gaude hiriburuetakoak edo Burgu bezalako herri txikietakoak. Aberastasun hori ezberdinen artean partekatzea da gure helburua, eta elkarri laguntzea zailtasunei ahalik eta modurik leunenean aurre egiteko eta hautetsi berriei politikan sarbidea errazteko. 

Nola laguntzen diezue?

Aholkularitza proiektu berri bat martxan jarri dugu politikan aritu garen emakumeak eta hautetsi berriak esperientziak partekatzeko. Oso garrantzitsua da. Izan ere, lehenik eta behin, gure ezagutza ez da galduko; edozein esparrutako pertsona arlo publikotik pribatura erretiratzen denean, esperientzia jakin asko eta asko mozten dira eta zerotik hasi behar gara. Babestuta sentitzeak ere laguntzen du askotan, segurtasuna ematen du; ziurrenik ez dugu konponbide magikorik izango eta irtenbidea ere ez, baina oso bakarrik sentitzen zara hasieran, eta konfiantza ematen du zailtasunak gainditzeko aukera ikusteak. Politikaren aldeko urrats hori atseginagoa izan dadin nahi dugu, eta hainbat egoera ekidin ahal izateko modua da. Espazio erakargarriago bat sortu behar dugu, zailtasunak izango dituena, eta, era berean laguntza handiagoa eskainiko duena.

Emakume politikariek dituzten zailtasunak identifikatu dituzue, beraz? Zeintzuk dira nagusiak?

Lan profesionala politikarekin eta familiarekin uztartzea behin eta berriz errepikatzen da. Sarritan erabaki behar izaten duzu politikan jarraituko duzun edo denbora asko eskatzen dizun familia-egoera bat duzun. Basqueskolan jaso dugun datu bat da emakumeek denbora gutxiago ematen dutela politikan, gizonek baino lehenago uzten dutela; denboren gaia da hor gakoa. 

Zaila da aldaketak egitea?

Emakumeak presio horrekin gaude beti, familiaren eginkizun kultural hori barneratuta dugulako, zaintzaileak gara eta horrela bizi izan dugu. Gure lekua hartu ahal izateko, gizonezkoek atzera egin behar dute. Guk espazioaren %50 okupatzea litzateke justuena, gizartearen isla baita hori, baina horrek esan nahi du beraiek okupatzen duten zati bat utzi egin behar dutela. 

Emakume alkateen kopurua pixka bat igo da, baina ez zinegotzien kopurua bezainbeste

Baikor zara emakumeek politikaren espazioak hartzeko egin dituzten urratsen inguruan?

Prozesua motel doa, baina aurrera doa. Nire balorazioa, alde batetik, positiboa da, datuek erakusten dutelako gero eta emakume gehiago dagoela ardura politikoetan; legealdi honetan zinegotzien kopurua handiagoa izan da. Baina egia da, baita ere, ardura handiagoko postuak betetzeko zailtasunak daudela; alkateen kopurua pixka bat igo da, baina ez zinegotzien kopurua bezainbeste. Erantzukizun politikoan maila altuagoetara iristen garenean, argazkiak bakarrik ikusi behar ditugu: gehienak gizonezkoak dira. Dena den, erreferenteak sortzen ari gara eta emakume gazteak politikan sartzea bultzatzen jarraitu behar dugu, erreleboa dagoela bermatu behar dugu, eta emakumeak politikan egotea.

Agenda aldatzeko edo praktika feministak martxan jartzeko balio izan du emakumeen parte-hartzeak?

Bai, emakumeen ikuspegitik beharrak jasotzen, sentitzen eta ikusten ditugun neurrian, kontuan hartzen ditugu. Emakumeen beharretan pentsatzen badugu, haien mugei eta beharrei ere erantzuna emango diegu. Udalek batzuetan ez dituzte emakumeen beharrak eta begiradak barneratzen, eta, beraz, nik uste dut beharrezkoa dela beti emakumeak esparru horietan egotea, premiak azter daitezkeelako, neurriak jar daitezkeelako, berdintasuna sustatzeko eragina izango duten erabakiak hartzen direlako.

Politika egiteko modua aldatu da?

Hori borondate kontua da. Niretzat oso garrantzitsua da, eta guztiontzat da garrantzitsua, gizonentzat eta emakumeentzat, baina batez ere emakumeentzat; kontzientzia hartzea gure egitekoa ez dela soilik gizonek daramaten lana edo ildoa errepikatzea, kontua ez dela gauzak egiteko modu maskulinoa errepikatzea. Prestatu behar gara eta ikusi behar dugu zertan hobetu daitekeen, zer behar diren, eta modu horretan aldatuko da espazio publikoan eta pribatuan dugun presentzia.

Burguko Udala aitzindaria izan da Araban berdintasun plana martxan jartzen.

Gasteiz ondoren, Burgukoa izan zen berdintasun plan bat egin zuen lehen udal txikia, eta teknikari baten laguntza teknikoa kontratatu zuen lehen udala. Horrek bere eragina izan du, aurrerapen bat egin dugu, eta dagoeneko onartzen ez diren eta normaltzat hartzen ez diren gauza jakin batzuk daude. Berdintasun gaiak lantzen badira, molde asko hausten dira eta ezagunak ez diren bide asko irekitzen dira. Lan horrek ere ahalbidetu du gure Kuadrilla izatea berdintasun plan bat egin duen lehena.

"Modu partekatuagoan kudeatu behar da ura" 

Foru Aldundian Ingurumen saileko zuzendari berria zara. Bateragarria da alkatetzarekin ala utzi behar izango duzu?

Horretan ari naiz. Ez nuen aurreikusten Diputazioan sartzea, eta orain ikusten ari gara nola jarraitu dezakegun. Ez daukat erabakita zer egin, baina, tira, egia da udalerri batean hainbeste urte egon ondoren lan asko eginda dagoela, eta gainera udal taldea oso inplikatuta dago, ondo ezagutzen dituzte gaiak.

Zergatik onartu zenuen kargu berria?

Aukera hori eskaini zidaten, eta esparrua gustatzen zait. Izan ere, Burgu aitzindaria izan da baratze ekologiko didaktikoak antolatzen, konpostatzeko hondakin organikoak kudeatzen eta baso-uharteak babesteko proiektuetan. Nire prestakuntza ez da ingurumen zientzien esparrukoa; psikologoa naiz, eta bizitza osoan lan egin dut gizarte zerbitzuetan, haur babesgabeen arretan, hain zuen ere. Baina, beste alde batetik, politikaren esparrutik ingurumen gaiak asko landu ditut. Oso ezaguna den eremu batera iritsi naiz, eta uste dut urteetako esperientziari esker ekarpenak egin ditzakedala.

Zeintzuk dira Ingurumen sailaren ardatz nagusiak?

Gai nagusia, eta oso serio hartu behar dena, klima-aldaketara egokitzea da. Kudeaketa jasangarriaren alorrean, berriz, hondakinen tratamendua dugu, eta Araban oso garrantzitsua den uraren inguruko gaia. Betidanik, erakunde oso txikiek egin dute uraren kudeaketa gure lurraldean, eta Europako araudi berriekin ezinezkoa izango da horrela jarraitzea. Modu partekatuago eta globalago batean egin ahal izateko, Urbide Partzuergoa sortu da, lurralde osoan uraren kalitatea bermatzeko eta ondo kudeatu ahal izateko, gure uraren erabilerak ez dezala arrasto negatiborik utzi. Uraren zikloa ondo mugatzea oso garrantzitsua da. Halaber,  biodibertsitatea zaintzea eta  ez galtzea izango dira lehentasunak, eta natura-guneak eta nekazaritza modu koherentean eta batez ere modu jasangarrian kudeatzen jarraitzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago