Zientzia jardunaren erakusleiho

Juanma Gallego 2019ko aza. 15a, 06:00
Diziplina ugari jorratu dituzte Bibat museoan egindako Zientzia Astean. / ALEA

Euskal Herriko Unibertsitateak urtero antolatzen duen Zientzia Asteak lehen lerrora ekartzen ditu ikerkuntzaren alorrean egiten diren lanak. Besteak beste, memoria historikoa, mikrokosmosa edota diagnosiak egiteko txip adimentsuak izan dira Bibat museoak erakutsi dituen gaietako batzuk.

Laborategia kalera atera. Hori eskatzen dute askotan ikertzaileek, haien eguneroko lana gizarteari erakusteko. Eta zeregin horretan EHUk antolatutako Zientzia Astea aspaldi bilakatu da ezinbesteko erreferentzia. Arabaren kasuan, Bibat museoan hartu dute aterpe ikertzaileek.  Haien tramankulu batzuk unibertsitatetik atera eta horien bitartez egiten duten lana interesa duen edonoren esku jarri dute joan den astearen amaieran. Arras zaila da aukeratzea ezagutzaren menu bitxi horretan dauden aukeren artean; hortaz, zientzialariek egin ohi duten modu berdinean, erakusmahaien atzean dauden proposamenen artean nolabaiteko laginketa bat egin behar izan du ALEAk.

Zientzia eta humanitateak uztartzen dituen Arkeologia eta giza eskubideak izeneko txokoan, esaterako, hasiera batean mundu urrunak diruditen arloak jorratu dituzte. EHUko arkeologo Josu Santamarinak nabarmendu duenez, "oso hurbilekoak diren gatazkak" landu dituzte bertan. Batez ere 1936ko gerra eta diktadura da haien ikerketa gaia, eta, zehazki, Amurrio eta Urduña artean dagoen San Pedro mendiko aztarnategian aurkitutakoak dituzte hizpide. Bertan, Espainiako Gerra Zibilaren garaian frontea egon zen. Garai latz hori irudikatzeko bidea ematen duen atrezzoa ere prestatu dute. Gerra frontea izanda, bala zorro ugari aurkitu dituzte San Pedron, eta horien analisian oinarrituta irakaspen baliagarriak ateratzeko moduan egon dira. "Lortu ditugun bala zorro horiek ez dira bakarrik indarkeria baten seinale, indarkeria horren jabeen erakusle baizik. Espainiako Gerra Zibil gisa aurkezten zaigun arren, munizioaren jatorria aztertzean ondo ikusten da %3 besterik ez dela Espainian sortua. Gehiena Alemaniatik, Britainia Handitik, AEBetatik edota Sobietar Batasunetik dator". Santamarinaren esanetan, "argi ikusten da 1936ko gerra funtsean Bigarren Mundu Gerraren laborategi bat izan zela".

"Mikroorganismoek beldurra sortu ohi dute, baina gehienak ez dira batere kaltegarriak". AINHOA ARRIETA

Arkeologoek egin ohi duten detektibe-berreraiketaren erakusle, aztarnategian aurkitu duten Manuel Mogrobejo milizianoaren txapa erakutsi du adituak. "Txapa galdu zuen, baina ez zen bertan hil, eta haren ibilbide osoa jarraitzeko aukera izan dugu".

Ospe txarreko zomorrotxoak

Guda frontetatik mikrokosmosaren lubakietara salto eginez, Ainhoa Arrieta eta Aitor Atxaerandio Farmazia Fakultateko doktoregaiek Mikromundua ezagutzearen zirrara kutsatzeko ardura hartu dute. "Badakizu, bakterioak, birusak, onddoak... horiek dira guk aztertzen ditugunak, eta normalean kristoren beldurra sortzen dute, gaixotasunen abiapuntu direlakoan", azaldu du Arrietak. "Baina kontuan izan behar da gaitzak eragiten dituztenak kopuru txiki bat besterik ez direla. Gehienekin elkarbizitza bat dugu, eta batzuk gure gorputzetan ere bizi dira, lasai asko". Bakterioei aurre egin behar zaienean antibiotikoen tresna badagoela gogoratu du Arrietak, baina, gaiaren bueltan, gero eta ardura gehiago sortzen duen arazoa ere ekarri du gogora: "Erresistentziak sortzen ari dira bakterioen artean, penizilina aurkitu zenetik antibiotikoen erabilera txarra egiten ari garelako". Horregatik, antibiotikoak arduraz eta medikuen aginduen arabera erabiltzeko beharra azpimarratu diete txokora hurbiltzen direnei. Mikroorganismoen inguruko beldurra ez ezik, oro har zientziaren alorrean beldurrak uxatzeko beharra gaineratu du Atxaerandiok. "Horregatik gaude hemen, bereziki umeei, gazteei eta familiei mezu hau helarazteko". 

Txikitasuna helburu

EHUko Microfluidics Cluster taldeko Enrique Azuaje eta Raquel Catalan adituak ere mundu txikiari begira ari dira, baina, haien kasuan, teknologia txikiagoa lortzea da erronka. Haien taldekoa diziplinartekotasunaren adibide bikaina da; Catalan kimikaria da, eta Azuaje farmazia arlokoa, baina taldean biologoak eta fisikariak ere badaude."Guztiok batzen gaituen helburu nagusia da fluidoekin harremana duten teknologia txikien ekoizpena", azaldu du Azuajek. Lab-on-a-Chip: laborategia oso bat zure esku-azpian izena eman diote txokoari. Ideia nagusia da laborategi baten funtzioak gailu txiki batean txertatzea. Haurduntza-testak, glukosa mailak neurtzeko gailuak edo alkoholimetroak dira horren adibide. "Halakoetan, gailu berean lagina jasotzen da, analisia egiten da eta emaitza lortzen da. Bada, gure helburua da orain garatuta ez dauden arloetan antzeko gailuak garatzea. Bereziki diagnosiaren alorrean, zelulen analisira eta ingurumenaren arlora ere zabaltzen ari gara pixkanaka". Mahaian dituzte hainbat adibide. Euskarriei dagokienez, askotarikoak dira: papera, kristala, plastikoa edota 3D inprimaketa bidez sortutakoak... "Pentsa ezazu hemen erakusten ditugunak oso handiak direla, ondo ikusteko, baina guk beti jotzen dugula txikira". Azaldu dutenez, arrazoi ugari dago maila txikira jotzeko. "Batetik, zelulak, molekulak eta horrelako estrukturak oso txikiak dira, eta horietara ahalik eta gehien egokitu behar dugu, efizientzia handitu aldera. Bestetik, tamaina txikitzean, erabiltzen dugun likidoaren bolumena ere txikiagoa izan daiteke, eta horrek ere hainbat abantaila dakartza: kostu txikiagoak sortzen dira, eta laginak hartzeko orduan ere inbasioa gutxitzen da. Azkenik, fluidoaren mugimendua hobeto kontrolatzeko aukera gehiago ditugu horrela". Arlo biosanitarioan eta ingurumen arloan dute arreta jarrita, baina horrelako gailuek etorkizun oparoa izango dute seguruenera, besteak beste, kanpo espazioan. 

Bertsozientzia

Txokoena ez da zientzia zabaltzeko erabiltzen den formatu bakarra. Hainbat tailer eta txango ere egin dituzte; eta ohiko erakusketekin osatu dute astea. Erromatarren garaiko etxe barruko giroa eta ohiturak ere XXI. mendera ekarri dituzte! Baina horrelako planteamendu berritzaileen artean, agian Jakinduriek mundua erreko dau izeneko ekitaldia da originalena. Hainbat urteko ibilbidea badu ere, aurten lehen aldia izan da zientzia eta bertsolaritza uztartzen dituen ekimena Arabara ekarri dutena, Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik. Oskar Gonzalez kimikariak, Bittor Rodriguez nutrizionistak eta Onintze Salazar meteorologoak parte hartu dute, eta haiek landutako gaien inguruan bertsotan aritu dira Jone Uria eta Julio Soto. Pozik azaldu da Gonzalez bertan aurkitutako giroarekin. "Euria egin arren, jende ugari animatu da etortzera". Gaiei dagokienez, Rodriguez elikadura ohiturei buruz eta barazkien kontsumoa handitzeko beharrari buruz aritu da, eta Salazar eguraldiaren soinuei buruz, tartean "euria, trumoiak, elurraren isiltasuna. Horiei guztiei azalpen zientifikoa eman zien", azaldu du Gonzalezek. Kimikariaren kasuan, pigmentu toxikoei buruz hitz egin du: berun zuria eta bermiloia. "Adibide moduan Vermeeren Neska Perlarekin koadro ospetsua erabili dut. Horrela, alkimia, artea, mitologia eta astronomia lotu ditut". Bertsolarien esku geratu zen ondorengo hitzen jokoa, besteak beste, Trump edota Gasteiz bezalako hitzak eguraldiko soinuekin lotzeko. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide