A10 Hauteskundeak

Araba: Gasteiztik harago doan hauteskunde-mapa

Mikel Buruaga 2019ko aza. 13a, 11:58

Iñaki Ruiz de Pinedo eta Bel Pozueta lortutako emaitzak ospatzen. / Argazkia: @EHBildu

Apirileko hitzorduko emaitzak errepikatu dira Araban, Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, eta EAJk, PSOEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk diputatu bana lortu dute.

Azken eserlekua lortzeko, PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen arteko lehia estua errepikatuko zela aurreikusi zitekeen.

Hala ere, oraingoan, alde handiagoarekin amaitu da norgehiagoka, eta beste behin ere, ordezkaritzarik gabe gelditu da PP, Mari Mar Blanco zerrendaburu berriarekin. 25.318 bozka (%14'88a) lortu dituen arren, laugarren eserlekua lortzetik 2.047 bozetara gelditu da. 

VOXen gorakadak eta Ciudadanosen hondoratzeak markatutako testuinguru orokorrean, bi alderdi hauek ere ordezkaritzarik gabe geratu dira Araban. Hortaz, apirileko fenomeno bera errepikatu da: eskuin unionistak ordezkaritzarik gabe jarraituko du. 

Igandetik bi egun eskasetara iragarri dute PSOEko Pedro Sanchez eta Unidas Podemoseko Pablo Iglesiasek “koaliziozko gobernu aurrerakoia” osatzeko aurrehitzarmena, hilabetetako blokeoaren ostean.

Ikusteko dago alderdi bakoitzak, eta horren baitan Arabako lau ordezkariek, gobernu hori ahalbidetzeko orduan jokatuko duten papera.

Araba, PPren ordezkaritzarik gabe Kongresuan

Parte-hartzea %68'20koa izan da Araban, hau da, 171.485 arabarrek bozkatu dute oraingoan. Apirilean %71'19koa izan zen, beraz, parte-hartze txikiagoa izan da.

EAJk eserleku bat lortu du 40.127 botorekin (%23'59a). Mikel Legarda izango da Arabako ordezkaria Kongresuan, Aitor Esteban bozeramaile izango duten EAJko beste lau kiderekin batera. Guztira, sei diputatu lortu dituzte jeltzaleek.

Asteartean, Sanchez eta Iglesiasen arteko aurrehitzarmena ezagutu eta ordu gutxitara, horren alde hitz egin du Estebanek: "Aspalditik eskatzen genuen, beharrezkoa zelako gehiengo bat osatzeko, lehen eta baita orain ere".

Bigarren indar bezala mantendu da PSOE eta ohiko eserlekua lortu du, 37.325 botorekin (%21'94a). Guztira, 120 parlamentari lortu ditu PSOEk eta, Arabatik, azken hilabeteetan Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro izandako Isabel Celaa joango da Kongresura.

Celaak momentu politikoaren garrantzia azpimarratu zuen igandean bertan: “Asko dugu jokoan, aniztasunean oinarritutako bizikidetza eta justizia soziala”. 

Mikel Legarda, Isabel Celaa, Juantxo Lz. de Uralde eta Iñaki Rz. de Pinedo. / Irudia: Alea

 

Unidas Podemosek diputatu bat lortu du Araban, 27.992 botorekin (%16'46a). Juantxo Lopez de Uralde talde parlamentario morearen 35 diputatuetako bat izango da. 

Ekologismoak markatu du Uralderen kanpaina, eta norabide berean kokatu du gobernua osatzeko aurrehitzarmena. “Konpromiso ekologista" azpimarratu du akordioan: "Klima aldaketaren aurkako borroka: bidezko trantsizio ekologikoa, gure biodibertsitatearen babesa eta animaliei tratu duina bermatzea" lehentasunak direla azaldu du.

EH Bilduk, apirilean bezala, lehia estuan zegoen azken eserlekua eskuratu du 27.364 bozekin (%16'09a) eta apirilean baino 2.617 boto gehiago lortu ditu. Iñaki Ruiz de Pinedo Madrilera itzuliko da, bost diputatuk -aurrekoan baino bat gehiago- osatutako talde parlamentario propioan.

Ordezkaritza lortu duten alderdien artean, emaitzak hobetu dituen talde bakarra izan da EH Bildu. Araban irabazitako botoen artean, Gasteizen lortu duen gorakada ere aipatzekoa da: 15.596 bototik 17.819 botora igaro da, hau da, 2.223 boto berri irabazi ditu hiriburuan, apirileko hauteskundeekin alderatuta.

Hauteskunde gauan, Arnaldo Otegik hartu zuen hitza: “Bi erronka genituen eta biak bete ditugu: bigarrenez trifatxitoari irabazi diogu Araban eta Nafarroako eserlekua lortu dugu”.

Herriek hauteskunde-mapari buelta eman diote 

Hiriburuaren pisuari buelta eman diote Arabako herriek, eserlekuak banatzen dituzten emaitza orokorrei erreparatzen badiegu. 

Gasteizko emaitzak Arabakoen oso bestelakoak izan dira: lehen indarra, PSOE (30.499 boto eta %23,85a); bigarrena, EAJ (27.054 boto eta %21,16a); hirugarrena, Elkarrekin Podemos (21.697 boto eta %16,97a); eta azkenik, PP (21.189 boto eta %16,57a).

Gasteizen EH Bilduk lortutako gorakadarekin batera, Elkarrekin Podemos, PP eta EH Bilduren arteko lehia horretan gako izan dira herri arabarrak. Izan ere, Gasteiztik kanpoko botoak zenbatzerakoan honako datuak ikusiko ditugu: PPk 4.129 boto lortu ditu herrietan, Elkarrekin Podemosek 6.295 eta, azkenik, EH Bilduk 9.545. Bitartean, Arabako eskuineko bozka unionista gehiena Gasteizen dago. 

EH Bilduk eta EAJk indar berezia dute biztanle ugariko zenbait herritan. Hortaz, Gasteizen PSOEk eskuratu duen nagusitasunari buelta ematea lortu dute: EAJ, adibidez, nagusi da Aiaran, Amurrion, Artziniegan, Dulantzin, Guardian edo Laudion, besteak beste; EH Bildu Agurainen, Aramaion, Asparrenean, Urkabustaizen, Legution edo Zigoitian. 

Bi alderdi hauek, oro har, presentzia handiagoa dute herrietan. PSOEri 300 boto baino gehiago eman dizkioten herri bakarrak, ordea, Iruña Oka eta Oion dira. 

PPk eta Elkarrekin Podemosek indar gehiena hiriburuan lortzen dute eta ez dute nagusitasun berezirik herrietan. Hortaz, azken eserlekuaren banaketan, EH Bilduren botoek PPrenak gainditu dituzte Araban.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago