"Energia oligopolioari aurre egiteko borondaterik ez dago"

Juanma Gallego 2019ko urr. 25a, 06:00

Equo alderdiaren barruan haustura izan da, eta horren ondorioz Juantxo Lopez de Uralde Arabako diputatuak alderdia utzi eta Unidas Podemosekin batera hauteskundeetara aurkeztea erabaki du. Urte hauetan koalizio horretan zein Kongresuan ekologismoaren ahotsa sartzea lortu dutela babestu du Greenpeaceko zuzendari ohiak.

Datozen Espainiako hauteskundeetan Equo alderdiak Unidas Podemosekin zuen aliantza hautsi eta Iñigo Errejonek sortutako Más País alderdi berriarekin koalizioan joateko erabakiak marka berdearen haustura ekarri du. Juantxo Lopez de Uralde diputatuak (Donostia, 1963) alderdia uztea erabaki du, eta Unidas Podemosen barruan jarraitzeko erabakia agertu du, koalizioaren barruan "espazio berde" bat sortzeko helburuarekin. Bertan orain arte egindako lanaren balioa nabarmendu du ekologistak.

Equotik ateratzea erabaki duzu. Nolakoa izan da erabaki hori, maila pertsonalean?

Gogorra izan da, nik proiektu horren alde asko eman dudalako; baina, Equok hartu duen erabakia ikusita, pentsatu dut zuzenena dela nik alderdia uztea. Kontu hau guztia Madrilgo Equoren eta Iñigo Errejonen interesen araberakoa izan da. Equoren marka behar zuten hauteskundeei begira leku guztietan aurkeztu ahal izateko eta beraiek berdeak direla aldarrikatzeko. Baina ez da egon eztabaidarako tarterik. Halako aldaketa garrantzitsu batek eztabaida bat behar du. Unidas Podemosekin joateko erabakia asanbladan hartu zen. Oraingoa militanteen botazioan oinarrituta hartutako erabakia izan dela diote, baina nik ez dut onartzen. Batez ere, Madrilgo eta Valentziako militanteek bozkatu dute, haiek dutelako gehiengo demografikoa. Despopulatutako Espainia osoa alde batera utzi dute. Gainerako lurraldeak oso egoera deserosoan geratu dira: Euskadi, Gaztela eta Leon, Gaztela Mantxa, Extremadura, Katalunia... lurralde horietan Unidas Podemosekin akordioak zituzten, baina orain erabaki horrekin topo egin dute. 

Unidas Podemosen barruan "espazio berde" bat sortzeko asmoa agertu duzu. Nola gauzatuko da hori? 

Oraingo lehentasuna da kanpainan aritzea, baina Unidas Podemosekin batera egindako lanak jarraipena izan behar duela uste dut. Modu eraginkorrean aritu ahal izateko, Unidas Podemosen barruan espazio berde bat egon behar da. Suposatzen dut logikoena izango dela alderdi berri bat sortzea, etorri nahi den jendearekin. Jende asko dago horretarako prest. Askotan ematen du kontua dela Juantxo munduaren kontra, baina ez naiz ni bakarrik. 

Eta nola geratuko da orain Equo Euskadi, adibidez?

Aurrekoan aipatu dizkizudan beste interes horiei lotutako bozketa baten arabera baldintzatuta daude; bozketa hori onartu dute. Ni ez naiz beste kideekin polemikan sartuko. Hauteskunde hauetan Euskal Autonomia Erkidegoan Equo ez da aurkeztuko, eta gero erabaki beharko dute. Suposatzen dut hauteskundeen emaitzen arabera jendeak hautu bat edo bestea egingo duela.

IU-Berdeak, Unidas Podemos-Equo, Más País-Equo... askotan berdea ezkerreko alderdien marka bihurtu da. Benetako aukerarik al dago alderdi horien barruan politika berdeak abiatzeko?

Ni politikan lubaki ekologista jarraituta sartu nintzen, eta horrela jarraitzen dut. Kontua da zauden marko politikoan norainokoa den posible lan ekologista bat aurrera eramatea. Sortu zenean, Equo instituzioetatik kanpo zegoen, eta gure eragin politikoa hutsa zen. Unidas Podemosera batu ginenean eta kongresura iritsi ginenean, berriz, gure rola oro esanguratsua bihurtu zen. Geneukan garrantzi kuantitatiboa izanda, kualitatiboki oso eragin handia izan dugu, eta erabakigarriak izan gara bai programan zein ekinbide politikoetan. Bide-orria markatu dugu. Desadostasunak ere egon dira, noski, baina izan dugun eragina erabakigarria izan da. Hori marka non geratzen den baino garrantzitsuagoa da. Urte hauetan guztietan Espainian ekologismo politikoaren abangoardian egon gara. Nik beti diot ekologismoa ez dela esaten, egin egiten dela. Funtsean, lortu dugu aldaketaren espazioan pisua duen talde batek bere gain hartzea errebindikazio ekologistak. Azken urteetan inork ez duena egin. Horregatik, ez zait justifikagarria iruditzen aliatu horiek aldatu eta beste norbaitekin joatea. Ez dago, une honetan ez dago Más País-ekin joateko inolako arrazoi programatikorik.

Egindako lan horretan, zer nabarmenduko zenuke?

Tira, ehunka ekinbide aurkeztu ditugu. PPk egin nahi zuen bioaniztasunaren legearen aldaketaren aurka aritu gara, adibidez; beste inor gabe babestu dugu –eta irabazi dugu– erabilera bakarreko plastikoen aurkako borroka, eta larrialdi klimatikoari buruzko adierazpena aurkeztu genuen. 2015ean Kongresuan sartu ginenean klima aldaketaren batzordea azterketarako batzordea zen, eta hori legegile bihurtzea lortu genuen. Parke nazionalen sarearen eraketa babestu dugu, eta gai nuklearrean ordura arte inoiz ez bezala borrokatu gara. Garoñaren itxieran erabakigarriak izan ginela esango nizuke. Eta orain oinarrizkoak iruditzen zaizkigun gauzak lortu ditugu: pentsa Parisko akordioa ere ez zegoela berretsita! Dena dela, ekinbide zehatzez gain, nabarmenduko nuke lortu dugula Kongresuan eztabaida ekologista sartzea. 

"Beste borroketan ez bezala, ekologismoan denboraren aurka lehiatzen ari gara"

Independente gisa aurkeztea erabaki duzu. Hauteskundeen ondoren, Pedro Sanchezekin bigarren negoziaketa bat suertatzen bada, zer eskatuko duzu? 

Sanchezekin izandako negoziaketak oso konplikatuak izan dira. Unidas Podemosek izan zitzakeen ministerioen artean, Trantsizio Ekologikorako ministerioa zen kezka gehien eragiten zionetako bat, ez dagoelako benetako borondaterik energiaren oligopolioari aurre egiteko, eta horren aurka ez baduzu egiten ez dago modurik klima aldaketari aurre egiteko. Sanchezek apirilean ezkerrari begira egin zuen kanpaina, baina eskuinarekin gobernatu nahi duela dirudi. Orain nire kezka da emaitza on nahikoa lortzea politika horiek baldintzatu ahal izateko.

Oposizioan geratuta ere, adostasun batzuk lortzeko modurik egongo al da?

Dagoen gobernua egonda, badira hainbat gauza guretzat lehentasunezkoak izango direnak. Eta saiatuko gara aurrera ateratzen. Klima aldaketaren legea, adibidez, behar beharrezkoa da, eta ezin dugu denborarik galdu. Beste borroketan ez bezala, ekologismoan denboraren aurka borrokatzen ari gara. Ezin dugu denbora galdu esperimentu antzuetan. Errejonen alde Equok egin duen apustu honek huts eginez gero, ekologismo politikoa instituzioetatik at lau urtez kanpo geratuko da, eta hori onartzerik ez dago. 

Ezker klasikoaren barruan industriari lotutako langileriak pisu handia izan du. Nola azalduko diozu meatzari bati deskarbonizatzearen beharra?

Horretan asko aurreratu dugu. Karbonotik aldentzeko prozesu hori martxan dago, eta meatzari horrek ikusi behar du benetan borondatea dagoela alternatiba ekonomikoak lortzeko. Klima aldaketaren aurka mobilizatzen ari diren guztiek argi daukate trantsizio hori justua izan behar dela. Horretan ahalegin handia egin behar da, galtzailerik gabeko trantsizioa behar dugulako, lanpostu berriak sortuz. 

Arabari dagokionez, zeintzuk dira kezka gehien sortzen dizuten gaiak?

Hiriburuari dagokionez, Gasteizek jauzi bat eman behar du hiri berde bezala, orain topikoan geratu delako hori. Trenaren lurperatzea, adibidez, gakoa da. Bestetik, badira ere Nerbioi ibaiaren garbiketa, Garoñaren eraistea, Barrongo urtegia, AHTaren bide berriak... horretan jarraituko dut. Baina bereziki automobilgintzaren gaiak sortzen dit kezka. Uste dut ez dela aztertzen ari perspektiba nahikoarekin. Dieselaren alde egitea oso epe laburrera begiratzea da. Datozen aldaketen aurrean industria hori atzean ez geratzea bermatu behar dugu. Bestela oso eragin negatiboa izan dezake enpleguan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago