Zerutik hartzen den perspektiba berriaren bila

Juanma Gallego 2019ko aza. 9a, 06:00

Teknologia aurreratu ahala, droneak gero eta eskuragarriagoak bihurtu dira, duela urte batzuk imajinaezinak ziren ahalmenekin batera, gainera. Irudi eta bideo ikusgarriak ez ezik, beste hainbat zereginetan hasi dira erabiltzen. Dena dela, zaletuek uste dute horien erabilera arautzeko martxan jarri den araudia oso murriztailea dela.

Hemendik bi urtera baliteke aurrenekoz Lurra ez den beste planeta batean drone bat agertzea. Hau ez da ez merke saltzen den hauts informatibo horietako bat, datorren urteko uztailean martxan jarriko den Mars 2020 espedizioaren parte bat baizik. Hemendik bost urtera edo, are harrigarriagoa den beste misio bat abiatuko du NASAk, kasu honetan Saturnoko Titan ilargira. Dena ondo bidean, Dragonfly izeneko droneak Lurrarekin antza izugarria duen baina izoztuta dagoen mundu zoragarri bat erakutsiko digu, duela 50 urte gizaki bat Ilargian ikusi genuen modu berdinean.

Azken urteetan helikoptero txiki hauek eragin duten iraultzaren adierazle dira misio horiek, baina askoz gertuago ere gertatzen ari dira iraultza txikiak: produktuen banaketan, ikus-entzunezkoetan, segurtasunean edota ikerketan. Ohi bezala, aukerak eta arriskuak azalduko dira, lehen aizkora sortu zen unetik bertatik teknologia bi alde horiekin hornituta datorrelako.

Zaletuen alorrera iritsi da teknologia hau, eta gero eta ohikoagoa da tramankulu hegalari txiki horiek zeruan ikustea. Eduardo Canterla laudioarra da zaletu horietako bat, eta grinaz hitz egiten du gaiari buruz. Laudiotik gertu dagoen mendi batera joan eta autoaren maletategitik atera du haren tramankulu txikia. Errotore txikiak zabaldu eta di-da batean martxan jarri da eulitzarra, drone izenaren jatorrian dagoen soinu berezi horrekin batera. Gailua maneiatzeko sakelako telefonoa hartu eta egokigailu berezi batean txertatu du. Teknologiaren mirariak, telefonoa dronea kontrolatzeko urrutiko agintea bihurtu da. Bertan ikusten da dronea GPS koordenadak hartzen ari dela. Modu horretan jakingo du nora bueltatu behar den, bueltatu behar denean: agindu hori jasotzen duenean edo urrutiko agintearekiko kontaktua galtzen duenean, hain justu.

Beren-beregi mugatuak

Zerura doa gailua, baina ez urrunegi. Ez harago ezin duelako joan, gehiegi urruntzea debekatuta dagoelako baizik. "Gaur egungo araudiaren arabera, 20 metroko altuera hartu ahal dugu, eta 120 metroko distantziara joan, beti ere kontaktu bisuala mantenduta". Gailuak dituen aukerak, baina, oso bestelakoak dira, eta teorian zortzi kilometroko distantziara urrun daiteke, ordu erdiko autonomiarekin.

Horiek ez dira orain legeak ezartzen dituen muga bakarrak. Badira beste eskakizun asko: aireportuetatik eta beste hainbat puntutatik zortzi kilometroko distantzia mantendu behar da, gauez ezin daiteke hegan egin, ezta hiriguneen gainean ere. "Praktikan, eta legeari zorrotz eta hitzez hitz begiratzen badiozu, Espainia osoan oso toki zehatz konkretuetan besterik ezin da hegan egin", kexu mintzo da Canterla. Azaldu duenez, zaletu gehienek hegaldiak arautzearen beharra ikusten dute, baina gaur egungo eskakizunak gehiegizkotzat jotzen dituzte. "Denboraldi batez, hainbat irudi ikusgarri hartzeko pribilegioa izan dugu. Nolabait esateko, askatasunaren zaporea dastatzeko modua izan dugu, baina, tamalez, gauzak jada ez dira horrela", nabarmendu du. "Nire argazkietako batzuk errepikaezinak dira, horiek araudia ez zegoenean eginak direlako. Gaur egun, ezin dut halako irudirik hartu". Zaletuak babestu du debekatuta dauden leku asko ez direla arriskutsuak. "Beste gauza guztietan bezala, hemen sena erabiltzea da kontua. Argi dago ez zarela hurbilduko helikoptero batera, eta ez duzula dronea jendearengana hurbilduko".

"Denboraldi batez, askatasunaren zaporea dastatu dugu. Tamalez, gauzak aldatu dira". EDUARDO CANTERLA 

Gaur egun hegal egiten duten hegazkin txiki askok dituzten segurtasun neurriak droneenak dituztenak baino kaskarragoak direla argudiatu du zaletuak. Sentsoreak, adibidez. Hori erakusteko, guregana hurbildu du gailua. Hurbildu bai, baina pare bat metrora iritsita geldirik geratu da aparailua, sentsoreek eragozpen bat atzeman dutelako. Neurri batean, Isaac Asimovek zehaztu zituen robotikaren lehen legeari kasu egin dio aurrean dugun droneak. "Robot batek ezin diezaioke gizaki bati kalterik egin, ezta gizakiak kalterik jasan dezan utzi edo onartu ere".

Momentuz lege horretako lehen zatia da gailuak betetzen duena. Bigarrena, hau da, gizakiek kalterik ez jasotzeko baldintza, ezin du bete, autonomoa eta adimentsua ez delako. Baina lege hori bere osotasunean betetzeko filosofian lagungarriak izan daitezke droneak. "Orain larrialdieetan droneak erabiltzeko lizentziak eskaintzen ari dira", azaldu du Canterlak. "Pentsa zenbat aukera irekitzen diren mendian edo basoetan galdutako jendea aurkitzen laguntzeko". Erraza da irudikatzea herri baten inguruan galdutako norbaiten bila ari den halako jende partida bat, bai. Orain irudikatu bilaketa hori droneekin. Argiak eta zoom-dun kamerak zein sentsoreak dituzten droneez osatutako erreskate sorta bat, hain zuzen. "Pentsa zein modu azkarrean eta errazean miatu daitezkeen zirrikitu guztiak", iradoki du Carterlak. Harago joanda, zenbait dronek sentsore termikoak dituztela azaldu du, eta landarediaren artean botata edo elur-jausi baten ondorioz elurpean dauden gorputzak aurkitzeko gako izan litezke.

Louis van Gaal entrenatzaileak bere garaian bota zuen "beti negatibo, inoiz ez positibo" horren haritik, munduari samintasunez begiratzen diotenek ere irudikatu ahal dute drone sorta hori armaturik, izututa eta korrika ari diren gizakien atzetik. "Bai,teknologiarekin beti gertatzen da hau", azaldu du zaletuak. "Mundu honetan badira autoak eta badira tankeak, baina autoei buruz hizketan ari garenean ez ditugu tankeekin alderatzen".

Hedabide askotan droneei buruzko irudi negatibo bat zabaltzen ari dela uste du Canterlak, eta zaletuek irudi horren ondorioak lehen eskutik bizitzen ari direla dio. "Jarri zaigun irudi ia kriminala ez da bidezkoa. Tira, beti egongo da ganorabakoren bat, eta autobidean orduko 240 kilometrora doazenak ere badira, baino ez ditugu gidari guztiak epaitzen zoro batzuek egindakoagatik". Sare sozialetan ere iruzurretan oinarritako irudiak zabaltzen ari direla ohartarazi du; hegazkinen kontra jo duten droneen irudi faltsuak, esaterako. "Horrekin badago jendea paranoia hartu duena. Oroitzen naiz behin Nerbioiko ur-jauzian andre bat etorri zitzaidala, oso aztoratuta, dronearekin ari nintzelako, esanez ez zuela nahi bere burua irudietan agertzea. Alboan jende pila zituen, sakelakoarekin argazkiak hartzen. Irudi horietan bere aurpegia lasai asko agertzekoa zen, baina haren kezka bakarra zen zeruan distantzia handira zegoen nire droneak hartutako irudietan bera agertzea. Zoratzekoa da".

Salaketak

Kontua ez da mugatzen eztabaidatzera hegan ari den teknologia puska baten atzean Star Wars-en heriotzaren izarra ikusten dutenekin. Instagramen edo Youtuben droneekin ateratako irudien bila modu aktiboan ari den jendea badagoela azaldu du Canterlak. "Saiatzen dira irudi horietan debekatuta dauden tokiak aurkitzen, eta egileak salatzen. Ez da broma. Nire lagun bati 890 euroko isuna iritsi berri zaio, debekatuta dagoen toki batean hegan egiteagatik. Eta salaketa horietan ari diren partikularrak daudela pentsatzea ere! Hortik paranoia. Jendeak ez du hori propio egiten, esaterako, errepidean orduko 130 kilometrora doan norbait ikusten badu". Gauzak horrela, zuhurtzia askorekin ari dira zaletuak irudiak zabaltzerakoan. ALEAk hori egiaztatu ahal izan du hainbat zaleturekin kontaktuan jarri denean, eta baita horretan ari diren profesionalekin ere. Hortaz, beharrezkoa da oharra: hemen agertutako irudiak droneei buruzko araudia martxan jarri baino lehen ateratakoak dira. Dakigula, inor ez da zauritua izan. Badaezpada ere. 

Eskerrak eman nahi dizkiogu Drone by Drone enpresari bideo honetarako irudiak lagatzeagatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide