Langabeziak gora egin du Araban

Erredakzioa 2019ko urr. 24a, 13:15

Langabezia tasa igo da Araban, berriro ere. / Argazkia: Alea

Gaindegiak bildutako 2019ko hirugarren hiruhileko datuen arabera, langabezia tasa igo egin da Araban: %2,19a INEren arabera eta %0,40a EUSTATen arabera.

Euskal Herriko langabezia tasa %8,82koa da, INEren arabera -aurreko hiruhilekoan baino 0,56 puntu handiagoa-. EUSTATen arabera, ordea, langabezia apaldu eta %8,81ko zifretan kokatzen da -0,11 puntu txikiagoa-. 

Hala ere, bi iturrien emaitzak ez datoz bat biztanleria aktiboari zein langabetu gordinen kopuruak azken hiruhilekoan izan duen bilakaeri dagokienean, baina biek kointziditzen dute Arabarekiko ondorio nagusian: langabeziak gora egin du Araban.

Abuztuan ere 673 langabe gehiago izan ziren herrialdean, beraz, tendentzia negatiboa mantentzen dela ondorioztatu daiteke.

EAEri dagokionez, EUSTATek pertsona aktiboen igoera (+4.000) eta langabetuen jaitsiera (-3.200) gertatu dela aditzera ematen du. INEk, ordea, pertsona aktibo gutxiago (-9.500) eta langabetu gehiago (+5.600) daudela adierazi du. Modu batean ala bestean, bat datoz langabezia tasaren kopuruan.

Europako Batasunaren behin-behineko datuei dagokionez, langabezia-tasak %0,11 behera egin du azken hiruhilekoan. Modu honetan, Euskal Herriko langabezia tasa Europako batez bestekoa baino 2,7 puntu handiagoa izaten jarraitzen du, INEren datuen arabera. Hortaz, aurreko hiruhilekoan baino handiagoa da bi tasen arteko aldea.

INEren eta EUSTATen datuak bildu ditu Gaindegiak. / Irudia: Gaindegia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago