EAEko enpleguko zerbitzu publikoek 673 langabe gehiago erregistratu zituzten joan den abuztuan Araban, aurreko hilarekiko (+%3,57), eta guztira 19.540 daude. Aitzitik, 2018ko abuztuan baino 501 gutxiago (-%2,50) dira. Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak eman du datua, gaur bertan.
Euskal Autonomia Erkidegoko datu orokorrari begiratuta, nabarmendu daiteke abuztuan erregistraturiko 116.078 langabeen artean, 66.721 emakumeak direla, eta 49.457 gizonak; gainera, 7.608 langabe 25 urtetik beherakoak dira, eta gainontzeko 108.470ak adin horretatik gorakoak. Halaber, iraupen luzeko langabeen taldean %12,47ko murrizketa izan da (687 gutxiago), eta iraupen laburrekoen taldean %0,28ko gorakada.