Eskularruak eta maskara jantzita lan egin behar du batzuetan Marta Sabando dokumentalistak. Kontua ez da bakarrik esku artean duen agiri historikoa zaintzea: bere burua zaintzeko beharra ere badauka. Ez da txantxa. Urteak eta batzuetan mendeak toki batean gordeta egon diren agiriek denboraren eragina nozitzen dute. Txarrerako. Urte hauetan guztietan denetarik aurkitu du paper zaharren artean: armiarmak, ileak, azazkalak, sagu hilak... eta, Il nome della rosa eleberrian bezala [adi, spoilerra], baita pozoia ere. "Behin baino gehiagotan gertatu zait. Liburu bat ireki eta, hara!, hauts zuri bat agertzen da". Kasu honetan, pozoiaren helburua ez da fraideen begirada filosofia aristotelikoaren eragin maltzurretik desbideratzea, askoz prosaikoagoa baizik: pozoia botatzen zuten saguek papera jan ez zezaten.
Hain itsusiak ez diren oparitxoak ere aurkitzen dira, noizean behin, agiri zahar horien artean. Haziak, adibidez. Horiek bai, horiek non aurkitu diren apuntatu eta gordetzen dituzte, etorkizunerako ikerketaren batean lagungarri izan daitezkeelakoan. Batek daki.
Ondare Babesa enpresan egiten duten digitalizazioaren ardura du Marta Sabando historialariak, eta bere eskuetatik benetako harribitxiak pasatu dira. Haren misioa da agiri horiek dauden tokitik hartu eta arlo digitalera ekartzea. Ez da lan hutsala: modu horretan, noizbait artxibo fisiko hori galduko balitz, informazio guztiaren kopia bat egongo da; are gehiago, Internetera eramaten den kasuetan, munduko edozein puntutatik egongo da eskuragarri.
Ondare Babesa enpresan batez ere Arabako kontzejuen artxiboekin lan egiten dute. Orain arte 150 baino gehiago digitalizatu dituzte. Etengabeko prozesua da. Markizkoa dute orain esku artean.
Digitalizazioari ekin baino lehen paper horiek guztiak hartu, ordenatu eta katalogatu beharra dago. Prozesu horretan, badira bereziki lan gehiago eskatzen duten artxiboak, anabasa eginda datozelako. "Sailkatze koadro baten arabera lan egiten dugu: ogasuna, kontuak, aurrekontuak, lanak...".
Katalogazioa egin ahal izateko, noski, bertan dagoena irakurri behar dute. Eta logikak agintzen duenez, batzuetan zinez aspergarriak diren kontuak idatzita egongo diren moduan, besteetan guztiz liluragarriak diren istorioak egongo dira paper horien atzean. "Hala da", dio Sabandok. "Burura datorkit Gerra Zibilaren garaiko eguneroko bat digitalizatu genuen eguna. Ezin duzu dena irakurri, noski, baina noizean behin bai. Eta kontatzen zen hor egunero egunero gertatzen zena. Oso bitxia izan zen".
Buruari mugak
Dena dela, prozesuan inbentarioa egitera mugatzen direla azaldu du Sabandok. "Guk konfidentzialtasuna mantendu behar dugu, eta datuen babeserako legea ere errespetatu behar dugu. Hori batez ere dokumentazio administratiboarekin gertatzen zaigu, hau da, 1969tik gaur arte. Zerbait historikoa bada, batzuetan aipatzen dugu aurkitu duguna, sare sozialetan eta; baina, beti ere, agiriaren jabetza duen entitatearen baimenarekin".
Toponimiaren alorrean ere gauza interesgarri asko hartzen dituztela azaldu du historialariak. "Kontzejuen artxiboetan toponimia asko dago. Horretan aditua da Pedro Uribarrena lankidea, eta toponimo horiek gordetzen ditu". Halakoetan, haien buruari muga bat jartzeko beharra dutela aitortu du historialariak. "Tira, bestela egun osoa emango genuke agiri horiek aztertzen".
"Burura datorkit Gerra Zibilaren garaiko eguneroko bat digitalizatu genuen eguna". MARTA SABANDO
Behin katalogazioa eginda, digitalizazioaren unea iristen da. Dokumentazio administratiborako eskaner bat erabiltzen dute, baina agiri historikoen kasuan prozesua konplikatuagoa da. Eta, dudarik gabe, politagoa. Paperak digitalera eramateko prestatuta daukaten gela erakutsi du Sabandok. Logia masoniko baten antza dauka, den-dena beltzez jantzita. Hemen arerioa ez da ezjakintasuna, argiak sortutako islak baizik. Horregatik, argiak itzali eta digitalizazioa erraztera bideratuta dauden foku bereziak pizten ditu. Digitalizatu nahi den agiriaren alboan bi karta jartzen ditu, irudia kalibratzeko: kolorekoa, bata; gris tonuena, bestea. "Helburua da agirian dagoena eta gero ordenagailuan ikusiko dena ahalik eta antzik handiena izatea", azaldu du Sabandok. Behin argazkia eginda, ordenagailura doa, eta bereizmen eta formatu digital desberdinetan gordetzen da irudia, ondoren agiri hori aurkitzea ahalbidetuko duten metadatuak erantsita.
Material hori guztia instituzioari ematen diote, USB memoria baten barruan; informazio kopuru oso handia den kasuetan, disko gogor eramangarri batean. Hori egin behar izan zuten Laudioko Udalaren digitalizazio prozesuan, hain da handia bertan duten artxiboa. Kasu horretan, artxiboa bulegora eraman beharrean, bulegoa udaletxera eraman behar izan zuten, era bertan egokitu behar izan zuten digitalizatzeko areto berezi bat. Jaurlaritzaren laguntza izan duten kontzeju eta erakundeen kasuan, gobernuari ere kopia bat pasatu behar diote. Laguntza horien bidez, Jaurlaritzak digitalizazioaren erdia ordaintzen du.
Pergaminoen xarma berezia
Lan gehiena instituzio publikoekin egin arren, noizean behin eskari pribatuak ere jasotzen dituzte, eta hor ere gauza bereziak egiten dituzte. "Adibidez, liburu batean zuhaitz genealogikoa gordeta duen familia bati liburua digitalizatu diegu, eta gero facsimile bat eman diegu. Modu horretan, facsimilea erabili ahal dute eta liburu orijinala hobetu zaindu".
Historialarientzat agiri guztiak garrantzitsuak izanda ere, zalantzarik ez dago pergaminoak direla atentzio gehien ematen dutenak. Horietako bat erakutsi du adituak pantailan. "Beitu, hau Zurbaoko epai bat da, eta oraindik mantentzen du eskegita berunezko zigilua. Normalean, kontzejuetan, epaiak izaten dira, gehienetan lurren inguruko tirabirak biltzen dituztenak". Halako pergaminoek lau metro arteko tamaina izan dezaketenez, ez da erraza horiek digitalizatzea. "Photoshopean orduak sartu behar dira dena taxuz biltzeko. Baina emaitzak merezi du. Izugarri ederra da, ezta?".
Kontzejuetan agiri asko galdu den susmoa dago, baina beste batzuk urteen joan-etorrian babestu dira, batzuetan metodo xelebreei esker. "Antzina kontzejuen dokumentazio gehiena elizan gordetzen zen, horman sartuta dagoen egurrezko kutxatila batean". Ohitura horren aztarna batzuk mantendu dira. "Lukun, adibidez. Artxiboak hiru sarraila ditu, eta hiru lagunek giltza bana dute. Hortaz, hirurak batera egon behar dute artxiboa irekitzeko". Eraso nuklear bat abiatzeko pelikuletan agertzen duten antzeko prozesua, beraz; baina, zorionez, lasaigarriagoa den intentzioa buruan.