Katalunia

Gasteizko trenbidea moztu dute Katalunia eta Altsasuko epaiak salatzeko

Erredakzioa 2019ko urr. 17a, 13:12

Dozenaka gaztek Gasteizko trenbidea moztu dute / Argazkia: @ErnaiGasteiz

13.00ak aldera, dozenaka gazte Gasteizko tren-geltokira hurbildu dira eta trenbidea moztu dute, "Gazteok independentzia" zioen pankarta batekin. Ertzaintzak 19 gazte atxilotu ditu.

 

Ez dugu onartzen! Bota dezagun irentsi ez gaitzan! lelopean, manifestazioa egin du Gasteizko Ernai gazte antolakundeak gaur goizean, Altsasuko gazteen zein Kataluniako buruzagi independentisten epaiak salatzeko. 12:00etan irten dira Andra Mari Zuriaren plazatik eta ehunka ikasle batu dira deialdira.

Mobilizazioa amaitu bezain pronto, egunotan "tsunami demokratikoak" Kataluniako azpiegiturak blokeatzeko egin dituen ekintzen antzera, Gasteizko erdialdean dagoen tren-geltokia blokeatzea erabaki dute gazteek.

Ertzaintza agertu denean, gazteen kontra oldartu da eta, momentuz, 19 gazte atxilotu dituztela konfirmatu ahal izan du Aleak. Horietako asko adin txikikoak dira eta, momentu honetan, Lakuako komisarian daude.

Atxiloketa hauen ostean, istiluak Gasteizko erdialdera zabaldu dira.

Arratsalderako mobilizazioa iragarri ditu Gasteizko Ernaik, 19.30ean tren geltokiaren aurrean. Bestalde, bihar goizean, Arabako lantokietan mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek.

Kazetari baten aurkako erasoa

Ertzaintza gazteak atxilotzen zegoenean, polizietako bat Hala Bediko kazetari baten aurka oldartu eta bultza egin diola salatu du Hala Bedik.

Kidea kazetari gisa identifikatu ostean, Ertzaintzaren erantzuna hurrengoa izan dela argitaratu du Hala Bedik: "Kazetaria zara, baina horrek ez dizu gauza askotarako eskubiderik ematen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago