Katalunia

Altsasu eta Kataluniako epaiak onartzen ez dituztela aldarrikatu dute ehunka gaztek

Erredakzioa 2019ko urr. 17a, 19:49

Ehunka lagun bildu dira Gasteizko tren-geltokiaren aurrean. / Argazkia: Alea

500 gazte baino gehiago bildu dira goizeko atxiloketak salatzeko, Gasteizko tren geltokitik atera den manifestazioan. Kataluniako independentisten eta Altsasuko gazteen epaien salaketa berretsi dute: 'Ez dugu onartzen', zioen pankartak.

Ez dugu onartzen! Bota dezagun irentsi ez gaitzan! lelopean, manifestazioa egin du Gasteizko Ernai gazte antolakundeak gaur goizean, Altsasuko gazteen zein Kataluniako buruzagi independentisten epaiak salatzeko. 12:00etan irten dira Andra Mari Zuriaren plazatik eta ehunka ikasle batu dira deialdira.

Mobilizazioa amaitu bezain pronto, 13.00ak aldera, egunotan "tsunami demokratikoak" Kataluniako azpiegiturak blokeatzeko egin dituen ekintzen antzera, Gasteizko erdialdean dagoen tren-geltokia blokeatzea erabaki dute gazteek. Trenbidea moztu dute "Gazteok independentzia" zioen pankarta batekin.

Ertzaintza agertu denean, gazteen kontra oldartu da eta, atxiloketa batzuk egin ostean, istiluak Gasteizko erdialdera zabaldu dira. 19 gazte atxilotu dituztela konfirmatu da beranduago. Horietako asko adin txikikoak ziren eta, Lakuako komisarian ordu batzuk igaro dituzten arren, arratsaldean zehar aske geratzen joan dira. Manifestazioaren amaieran, atxilotu guztiak aske geratu direla argitu du Ernaik.

Bestalde, Gorka Urtaran alkateak gazteen "indarkeria" gaitzetsi du eta egoerarekin "kezkatuta" agertu da. Ertzaintzari zuzendutako irainak egon zirela ere salatu du: "Ez gatoz bat indarkeriazko protestarekin, ez Katalunian, ez Gasteizen", adierazi du Urtaranek. "Horrelako ekitaldiak gure hirian ez errepikatzea" espero du alkateak.

 

Ostiral goizean, Arabako lantokietan mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek. Izan ere, euskal gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, STEILAS, ESK, ETXALDE eta HIRU sindikatuek deituta, mobilizazio eguna izango da Hego Euskal Herriko lantokietan.

Kataluniako epaia salatu eta elkartasuna adierazteko asmoz, 200 mobilizaziotik gora izango dira Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hiri eta herrietan, lantokiz lantoki.

Kazetari baten aurkako erasoa

Ertzaintza gazteak atxilotzen zegoenean, polizietako bat Hala Bediko kazetari baten aurka oldartu eta bultza egin diola salatu du Hala Bedik.

Kidea kazetari gisa identifikatu ostean, Ertzaintzaren erantzuna hurrengoa izan dela argitaratu du Hala Bedik: "Kazetaria zara, baina horrek ez dizu gauza askotarako eskubiderik ematen".


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago