"Ustelkeriaren arazoa ez dira pipita batzuk, usteldutako meloi bat baizik"

Mikel Buruaga 2019ko urr. 2a, 12:57

Lagun ugari hurbildu zen jardunaldien lehen saiora, Aldaben / Argazkia: Mikel Buruaga

Metafora horrekin borobildu zuten Cesar Manzanosek (EHU) eta Daniel Jimenezek (Zaragozako Unibertsitatea) ustelkeriaren inguruko jardunaldien lehenengo saioa, Aldabe gizarte etxean. Urrian zehar luzatuko den egitarauari hasiera eman zion atzo Adi! elkarteak.

Ustelkeriak jendartean duen zilegitasuna eta berau salatzeko beldurra izenburua abiapuntutzat, mugimendu ezberdinetako militante ere badiren bi akademikoek jarri zuten ustelkeriaren kontrako hilabete osoko ekimenaren lehen mugarria.

Gainontzeko saioetan ikuspegi eta arlo ezberdinetatik garatuko diren gai guztien testuingurua zehazteko baliagarria izan zen lehen hitzaldi hau. Cesar Manzanos soziologo eta Salhaketako kidearen arabera: "Ustelkeria gaur egungo sistema ekonomikoaren jatorrian eta bilakaeran presente egon da".

Ustelkeria, "praktika sistematikoa"

Sarrera moduan, Manzanosek ustelkeria "praktika sistematiko" bihurtu duten mekanismo ugari seinalatu zituen. Bere esanetan, "legea hausteari beldurra" dion jendartea gara, baina aldi berean, "ustelkeriaren kultura" barneratuta duena. Hau da, "zigorgabetasunez legea hautsi badezaket, hautsiko dut".

Horrekin lotuta, azken urteotan, zigorra eta kriminalizazioa "ustelkeria salatzen dutenen kontra, eta ez ustelkeria darabiltenen kontra" hedatu da, Manzanosen ustez.

Bilakaera hau ahalbidetu duten beste faktore eta mekanismo batzuk aipatu zituen EHUko irakasleak, besteak beste, "instituzio publikoen kolaborazioa". Izan ere, bere esanetan, "konplizitateen-jokoa nagusitu da" administrazio publikoan, "isiltasuna posizio on bat lortzeko truke-txanpon" bihurtu delako.

Bestalde, harriduraz aztertu zituen Cesar Manzanosek "Euskal Oasian" ematen diren ustelkeria kasuak. Izan ere, kasu gutxiago ateratzen dira argitara, baina horrek ez du esan nahi ustelkeria ez dagoenik, baizik eta "ustelkeria negoziorako eta alderdien arteko negoziaziorako elementu" bihurtu dela.

Ildo berean, "euskal erakundeek bideratutako diru publikoaren xahutzea" aipatu zuen eta, besteak beste, erakunde hauekin elkarlanean aritzen diren sektoreak aipatu zituen: porlanaren holding-a, egurraren industria, azpiegitura handien eraikuntza, industria militarra edota kontzesio publikoak jasotzen dituzten eraikuntza enpresak.

Azken txanpa ustelkeriaren aurkako borrokarako gako batzuk mahaigaineratzeko baliatu zuen Manzanosek: salaketa publikorako "baliabide egokiak" (hedabideen jarrera orokorra salatuz), salaketa judizialerako "bermeak", administrazio praktiken "gardentasuna"... Eta azkenik, "ustelkeriaren kulturari elkartasunaren kulturarekin aurre egiteko" deia luzatu zien bertaratukoei.

Bilakaera historiko baten kronika

Bere aldetik, 60-70. hamarkadetatik datorren bilakaera historikoa azaldu zuen Zaragozako Unibertsitateko irakasle Daniel Jimenezek. Ezer baino lehen, hitzaldi osoaren oinarrizko teoria mahaigaineratu zuen: "Ustelkeriaren arazoa ez dira pipita batzuk, usteldutako meloi bat baizik".

Bere esanetan, XX. mendeko bigarren erditik datorren ustelkeriaren definizioa "erreminta ideologiko" bat izan da, 2008. urteko krisialdi ekonomikotik aurrera "larriagotu" egin dena.

Bi irakasleen artean egindako testuinguraketaren baitan, Jimenezek elementu bat azpimarratu zuen: "Ustelkeriaz hitz egiten dugunean, nork, nola eta zertarako hitz egiten duen hitz egin behar dugu".

Eta jarraian, "ustelkeriaren jatorria akumulazio kapitalistaren" logikaren baitan kokatu zuen: "Hasieran estatuek merkatuak behar zituzten eta orain merkatuek estatuak behar dituzte, merkatuaren zerbitzura jartzeko. Hemen merkatuak agintzen du eta berdin dio nor geratzen zaigun bidetik".

De Miguel auziaren epaiaren atarian, jardunaldiak

Adi! elkarteak antolatuta, ustelkeria politikoaren inguruko jardunaldiak egingo dira Gasteizen, urrian zehar. De Miguel auziaren epaiketaren ebazpena aurki ezagutuko dela baliatu nahi du elkarteak ustelkeriaren inguruan diziplina anitzeko ikuspegiak eskaintzeko. Kazetariak, irakasleak eta iruzurrak salatu dituzten pertsonak gonbidatu dituzte.

"Ustelkeriaren auzia Euskal Herriko agenda politikoan ez badago ere, ezagutu diren kasuak ez dira isolatutako gertaerak; gai publikoen inguruko ikuspegi bat eta erakundeen kudeaketa egiteko modu bat islatzen dute, alderdi politikoek bere onerako erabiltzen dituztela erakundeak, boterea mantentzeko".

Hiru gairen inguruan banatu ditu jardunaldiak Adi! elkarteak: "Isiltasun konplizeak eta ustelkeria" atala, "Ikerketa-kazetaritza atzo eta gaur euskal oasian" eta "Boterea, zuzenbidea eta ustelkeria".

Atal bakoitzean eztabaidak, mahai-inguruak eta elkarrizketak egingo dituzte, eta horietan parte hartuko dute unibertsitateko irakasleek (Cesar Manzanos, David Jimenez, Norberto de la Mata, Anjeles Jareño edo Ines Olaizola), kazetariek (Ahoztar Zelaieta, Iker Rioja, Iker Armentia eta David Olabarri), eta halaber ustelkeria kasuak salatu dituzten lagunek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago