Adi! elkarteak antolatuta, ustelkeria politikoaren inguruko jardunaldiak egingo dira Gasteizen, urriaren 1etik aurrera. De Miguel auziaren epaiketaren ebazpena aurki ezagutuko dela baliatu nahi du elkarteak ustelkeriaren inguruan diziplina anitzeko ikuspegiak eskaintzeko. "Ustelkeriaren auzia Euskal Herriko agenda politikoan ez badago ere, ezagutu diren kasuak ez dira isolatutako gertaerak; gai publikoen inguruko ikuspegi bat eta erakundeen kudeaketa egiteko modu bat islatzen dute, alderdi politikoek bere onerako erabiltzen dituztela erakundeak, boterea mantentzeko".
Hiru gairen inguruan banatu ditu jardunaldiak Adi! elkarteak: "Isiltasun konplizeak eta ustelkeria" atala, "Ikerketa-kazetaritza atzo eta gaur euskal oasian" eta "Boterea, zuzenbidea eta ustelkeria". Atal bakoitzean eztabaidak, mahai-inguruak eta elkarrizketak egingo dituzte, eta horietan parte hartuko dute unibertsitateko irakasleek (Cesar Manzanos, David Jimenez, Norberto de la Mata, Anjeles Jareño edo Ines Olaizola), kazetariek (Ahoztar Zelaieta, Iker Rioja, Iker Armentia eta David Olabarri), eta halaber ustelkeria kasuak salatu dituzten lagunek.