Arabako ondarearen zaintza, eskurago

Erredakzioa 2019ko urr. 3a, 06:00
Orain arte egindako esku-hartzeen berri ematen dute webgunean. /ALEA

Zaharberrikuntza zerbitzuaren webgunea berritu du Aldundiak, eta azken urteetan egindako lana jasotzen duten hainbat argitalpen eskuratzeko modua erraztu dute. 

Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak webgunea berritu du, erakundeak egiten duen lana hobeto ezagutarazi aldera. "Ulertzeko erraza eta oso bisuala izatea nahi genuen, Arabako ondarearen argazkiez osatuta", azaldu du erakundeko zuzendari Cristina Aransayk. Aurreko bertsioan informazioa aurkitzea "konplikatuagoa" zela onartu du zuzendariak.

Azken urteetan zerbitzuak egin dituen esku-hartzeen inguruko dibulgazio orriak aurkitzea errazagoa izango da orain. Modu berean, hainbat ikerketa liburu jasotzeko aukera eskaintzen du webguneak. Aurreko bertsioan eskuragarri zegoen Bachicaboko San Martin elizako bi erretaulen inguruko liburuari beste bi gehitu dizkiote: Artziniegako Arteko Andra Mariaren Santutegian dagoen Kristo santuaren kalbarioari buruzkoa eta Jose de Ribera margolariaren Kristo Gurutziltzatuari buruzkoa. 

Ez da dibulgazioaren mesedean azken hilabeteotan egin duten ekimen bakarra. 2015. urtetik Facebook sarean badaude ere, aurtengo maiatzaren amaieratik ekin diote ere Twitter bidezko dibulgazioari, @RestauraAraba kontuaren bitartez.

Erlazionatuak

Iraganaren testigantza

Juanma Gallego 2017 ira 22 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide