Iraganaren testigantza

Juanma Gallego 2017ko ira. 22a, 10:36
Esku-hartze guztietan itzulgarritasuna bermatu behar dute adituek. | Juanma Gallego

Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak 30 urte bete ditu aurten. Ondare materiala zaintzeaz gain, objektu bakoitzak izan duen ibilbidea gertutik jarraitzen dute adituek.

 

Amantal zuria, lupa gisako betaurrekoak eta pintzela. Hori da, gehienetan, zaharberritze hitza entzutean gogora datorren irudia. Eta modu horretan ere, noski, egiten dute lan berritze lanetan ari direnek; baina, hori baino askoz harago doa haien jarduna.  

Aurten 30 urte bete ditu Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak. Bertan bederatzi lagun daude lanean gaur egun. Haien eskuetatik 12.000 lan igaro dira. Dela margolan handi bat, dela hilobi batean topatutako hezurtxo bat, guztiek dute atzean istorio bat kontatzeko. Funtsean, zaintza eta zaharberritze egokia egin ahal izateko, adituek historia hori irakurtzen ikasi behar dute. Prozesu luzea da, baina merezi du, zaharberritzaileek diotenez.   

Kimikariek, historialariek, arkeologoek... horiek guztiek parte hartzen dute ikerketan, Zaharberrikuntza Zerbitzuko buru Cristina Aransayk azaldu duenez. "Diziplina anitzeko lana da gurea. Guztion artean, objektu bakoitzaren atzean dagoen historia berreskuratzea lortzen dugu. Askotan artelanaz eta egileaz hitz egiten da, baina gutxitan kontatzen da objektu bakoitzaren ibilbidea. Eta hori ulertzea funtsezkoa da".   

Arakatze zeregin horretan denbora asko ematen dute profesional hauek, eta horrek objektuarekiko lotura estua sortzen du. Orain laborategietan dauden hainbat objektu horren adibide dira. Teknikari bat Japoniako samurai baten armadura berreskuratzen ari da, baina lan hori egin ahal izateko urtebete inguru eman du gaiaren inguruko xehetasunak ikertzen. Alboan dagoen beste teknikari bat, aldiz, Martiodako erlikietako ehunak konpontzen ari da. Duela urtebete inguru hasi dira tradizioak Tebasko legioaren soldaduen aztarnatzat jotzen dituenak zaintzen, eta zeregin horretan ere hilabete dezente emango dituztela aurreikusten dute.  

Alboko laborategian, margoen atalean, beste hainbat artelan txukuntzen ari dira. Horietako bat Ignacio Diaz Olanoren Angelusaren otoitza landan izeneko margolana da. "Begiratu zeru urdin hori", eskatu du Aransayk. "Tira, Araban ez dago halako zeru urdinik! Hor zerbaitek huts egin zuen". 

Olioa olioaren gainean

1985ean margolan horretan esku-hartze bat egin zutela azaldu du adituak, baina horretaz arduratu zen pertsonak olioa erabili zuen galdutako zerua berreskuratzeko. Olioa jatorrizko olioaren gainean, hain zuzen. Eta hori, zaharberritzaileentzat, benetako bekatua da; batez ere, margolana eta esku-hartzea desberdintzea guztiz zailtzen duelako. "Orain akuarela erabiltzen da hori egiteko, horrek aukera ematen duelako egindako esku-hartzea bereizteko, eta, behar izanez gero, atzera joateko", azaldu du Marina Lopez teknikariak. "Itzulgarritasun hori funtsezkoa da edozein zaharberritze egitean".  

...

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 119. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Erlazionatuak

'Esku artean' izan dituztenak

Juanma Gallego 2017 ira 22 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide