Planaren helburu nagusia "hiztunak eta haien sareak aktibatzea" eta "lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzea" izango dela azpimarratu dute.
Plana lantzen aritu diren eragile ugari izan ziren aurkezpen-ekitaldian, besteak beste, Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Batzar Nagusietako talde politikoetako ordezkariak, baita Plana zehazteko orduan aholkularitza lanak egin dituen Elhuyar enpresakoak ere.
Arabako euskalgintzako hainbat erakundetako ordezkariak ere han izan ziren, Plana zehazteko prozesuan ere parte hartu dutenak: Euskaltzaindia, Arabako euskaltegiak, Gazteriaren Foru Erakundea, Arabako Kirol Federazioen Elkartea (AFDA), Arabako aisia- eta kirol-elkarteak, aisia- enpresak, Bai Euskarari elkartea, Topagunea eta abar. Gainera, etxe hau, Alea, bertan izan zen ere.
Euskararen Foru Zerbitzuko zuzendari Lexuri Ugartek plana eratzen aritu diren eragile guztiei eskerrak eman eta Plan berriak Araban "kalitate-salto bat" ekarriko duela azpimarratu zuen. Izan ere, ekitaldian izandako ordezkaritza zabalak agerian uzten duen bezala, "prozesua parte-hartzailea izan da hasiera-hasieratik", Ugarteren hitzetan.
Bestalde, "Planaren xedeak lortzeko oinarri eta estrategia berriak jorratu" ziren, antolatzaileen arabera. Izan ere, diseinu-prozesu osoan "Planeko erdigunean kokatu dira lurralde-ikuspegia, lidergoa, elkarlana, koordinazioa, komunikazioa eta parte hartzea, eta halaxe izango da Plana gauzatzean ere", azaldu dute.
Era berean, azaldu duten bezala, "adierazle-sistema baten bitartez", plana “eraginkorra eta neurgarria” izango da, eta "komunikazio estrategia berriak" izango ditu. Bide horretan, Euskararen Foru Zerbitzua (EFZ) gidari izango da baina elkarlanean arituko da Arabako Euskara Zerbitzuekin (AEZ), baita Arabako gainerako jendarte eragileekin ere.