Euskara sustatzeko plan estrategikoa onartu dute Batzar Nagusiek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ots. 22a, 13:55

Euskararen Eguneko ekitaldi bat./ ALEA

Erabilera bermatzea eta hiztun berriak erakartzea dira plan berriaren ardatz nagusiak. Lankidetzan garatu behar dela azpimaratu du Euskara eta Kultura diputatu Igone Martinez de Lunak.

Euskara herrialdean sustatzeko plan estrategikoa onartu dute Arabako Batzar Nagusiek. 2019-2022 epealdirako plana Diputazioak martxan jarriko duen hirugarren plangintza da. Igone Martinez de Luna Euskara eta Kultura diputatuak aurkeztu du asmoa Batzar Nagusietan. PPk izan ezik, beste talde politiko guztiek planaren alde bozkatu dute.

Martinez de Lunak azpimarratu du urteetan ehunduz joan den udaletako eta kuadrilletako euskara zerbitzuetako teknikarien sareari esker osatu dela plan berria. "Plan hau teknikarien plana da eta eskerrik beroenak eman nahi diet teknikari guztiei". Era berean, euskalgintzak zeresan handia behar zuela izan eta izan duela esan du diputatuak.

Lurralde ikuspegia duen egitasmoa da, diputatuaren esanetan, "Araba osoa, Trebiñu barne, kontuan hartzen baitu". Halaber, eskualde bakoitzaren ezaugarriak eta egoera soziolinguistikoak kontuan hartuko dituela esan du Martinez de Lunak. Lidergo konpartitua bultzatzeko mota guztietako eragileen elkarlana bilatzea ere oinarritzat hartu du planak, eta halaber, euskararen aldeko mezu egituratua transmititzeak duen garrantzia, "euskararen aldekotasuna, bizikidetza eta kontsentsua" oinarri bezala hartuta.

Hiru ardatz izango ditu euskara sustatzeko Foru Aldundiaren lanak hurrengo lau urteetan. Lehenengo ardatza erabilera da, arabarrak euskararen inguruan ahalduntzea, eta euskaldunei euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko neurriak sustatzea. Bigarrenik, euskarak hiztun berriak bereganatzeko bidean lagundu nahi du, eta horretarako neurriak garatu gizarte esparru guztietan: haurrak, gazteak, familiak, etorri berriak, eta helduak. Azkenik, kudeaketa eraginkorra bermatzeko lankidetza eta lidergoa sustatuko ditu.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago