Zatitutako gizarte baten erdi-erdian

Maider Lacalle/Londres 2019ko ira. 28a, 06:00

Boris Johnson Lehen Ministroak iragarri du Erresuma Batua urriaren 31n aterako dela Europako Batasunerik. /M Lacalle

Nekea, haserrea eta kezka. Brexitaren atarian, Erresuma Batuan bizi diren arabarren artean gehien errepikatzen diren hitzak dira.

Panic on the streets of London

Panic on the streets of Birmingham

I wonder to myself

Could life ever be sane again?

Manchesterreko The Smiths taldearen abestia entzun daiteke Londreseko udako gau sargori eta lasaian. Hiriko erdialdean dagoen Charing Cross Road kaleko sotoko taberna batetik dator, eta nabari da festa antzeko bat prestatu dutela bertan dagoen lagun kopuru eskasarentzat. Kalearen mailan elkarrekin hitz egiten ez duten pertsona bi daude: bata zigarroa erretzen eta bestea mugikorrean hizketan.

Eszenatokia bera da, Londres; eta testuinguru politikoak baditu konparazio bat edo bi. Ez da 1986, baina langabezia tasa igotzen ari da, nahiz eta 1980ko hamarkadan gaurko bikoitza zen, eta Gobernu buruan jarrera euroeszeptikoa duen parlamentukide kontserbadore zorrotza dugu. Orduan, Margaret Thatcherrekin, gogogabetasun sozial batek biltzen zuen gizartea. Egun, apatia giro hau berriz ere barneratu da gizartean.

Laurogeigarren hamarkadan ez bezala, dena den, Britainia Handiko Gobernua herrialdeko biztanleak bata bestearen aurka jartzen hasi zenetik, zaila da protesta mugimendu kulturalik antzematea.

2016. urteko ekainaren 23an ospatu zen Europako bigarren ekonomia indartsuena den honetan Europako Batasunetik ateratzeko erreferenduma. Hilabete batzuk beranduago AEBetan gertatu zen moduan, inork ez zuen espero azkenean ofizialtzat eman zen emaitza. Leave edo atera %52, eta Remain edo barnean geratu %48.

Inkestek egindako jarraipenaren arabera, alde bat eta bestearen inguruko iragarpenak gertu egon ziren, eta kanpainia hasieran ehuneko 50 ematen zioten alderdi bakoitzari. Erreferenduma ospatu aurreko bi hilabeteetan, dena den, Remain zen aurreikuspenen artean faboritoa, Europako Batasuneko merkatu komuneko kide izaten jarraitzea alegia.

Ezusteko emaitzen atzean egon zena zehazki jakitea zaila da, azken finean Gobernuko gaien inguruan ari baikara. Dakiguna, dena den, Trump garaile ikusi zuten hauteskundeek eta Brexitaren aldeko erreferendumak ustekabeko emaitzak baino gehiago izan zituztela komunean.

Beranduago ikasi dugunez, Europa, AEBak eta ondorioz mundu osoa eragin duten bi ekitaldi hauek Cambridge Analyticaren – ordudanik operazioak bertan behera utzi dituen Erresuma Batuko konpainia– laguntza izan zuten.

Dirudienez, Facebooken bitartez eta bertan guk argitaratutako informazio pertsonala erabiliz, espreski bideratutako mezu sofistikatuak bidali zizkioten populazioaren zati bati hauen botoa Brexitaren alde eragiteko intentzio planifikatuarekin.

Hori nahikoa asmo gaiztokoa ez balitz, hiru urte baino gehiago daramatza Erresuma Batuak erabaki ezin dezakeen mentalitatearen linboan. Ezin erabaki noiz aldendu Europako Batasuneko merkatu komunetik, ezin erabaki zein baldintzatan egin hau –gogora dezagun Theresa May aurreko Lehen Ministroa izandakoaren Brexit akordioak hiru aldiz egin zuela porrot Parlamentuan eta oraindik ere hau mahai gainean dugun akordio bakarra dela– eta ezin erabaki ere nor izango den prozesu honen burua –hiru Lehen Ministro izan ditu Erresuma Batuak erreferendumaren ideia azalera atera zenetik–.

Oraindik, gainera, herrialdea ez da hasi Europarekiko etorkizuneko erlazioa nolakoa izango den eztabaidatzen; bizitzen ari garen eguneko Brexit prozesua ibilbide honen hasiera besterik ez da; Europarekiko dibortzioa edo banaketa, alegia.

Honetaz gain, eta beharbada ekitaldi mediatiko honen erdi-erdian, Irlanda berriz ere erdibitu lezakeen muga gogor baten mehatxuarekin bizi dira Erresuma Batua eta baita Irlanda ere.

Hitz gutxitan: Brexit bidai honi asteak eta hilabeteak geratzen zaizkio oraindik, urteak beharbada.

Kezka eta haserrea

Bitartean, Erresuma Batuak tinko eutsi dituen demokrazia tradizionalaren euskarriek dardar egiten dute populazio ahuldu, kezkatu eta nazkatu batek gero eta muturragoko jarrerak hartzen dituen bitartean. Gizartea azken hiru urteotan linboan egoteak herritarrek Gobernuarekiko zuten konfidantza birrindu du, azken hamarkadan lehen aldiz Erresuma Batuko ekonomiaren sendotasuna zalantzan jartzearekin batera.

Kaleek ez dute ostiral eta larunbat gauetan zuten bizitasuna, ekainean langabezi tasak 1,3 milioi langabetu erregistratu zituen –jakin behar kontratu berezien estatistikak zenbaki honetan neurtzen diren ala ez–, 2010 urtetik %165 egin du gora Britainia Handiko eskaleen kopuruak, eta egun 201 lagunetik bat etxegabea da. Aurtengo udan ere lanpetuak izan dira herrialdeko elikagai-bankuak, eta inoiz ez bezalako janari kopuruak eman dizkiete beharrean dauden gurasoen seme-alabei.

Honen guztiaren erdian adostasuna lortu ezin dezakeen eta Europako Batasunetik irteteko data berriz ere atzeratu nahi ez duen Gobernua dugu –nahiz eta Parlamentuak akordio eza blokeatu egin duen eta hau ordudanik lege bihurtu den–, hauteskundeekin mehatxatzen duten alderdi politikoak, eta gero eta nahasiago, kezkatuago eta haserreago dagoen biztanleria. Gudetan, eta honako hau Gobernuko kide elitisten arteko guda da bereziki, herritarra izaten da beti galtzaile.

Arabarrak, Erresuma Batuan

Iazko zenbakien arabera, 680 arabar inguru bizi dira Erresuma Batuan. Frantzian bizi diren arabarren erdia, baina Alemaniako arabarrek osatzen dutena baino zertxobait gehiago. Haien artean Mikel Rey gasteiztarra dugu, Londresen bizi den 43 urteko gaztea. Azken zazpi urteak eman ditu Erresuma Batuko hiriburuan eta egun finantza arloan lan bila dabil, ikasketak eremu honetan egin izan zituelako.

"Gizartean zatiketa argia ikus daiteke. Nik kafetegi batean egiten dut lan, Trafalgar Square Londreseko erdialdean, eta ia astebururo egiten dira manifestazioak Brexitaren alde eta kontra". Hau herrialdearentzat "osasuntsua" ez dela uste du, eta Erresuma Batura lehen aldiz etorri zenean topatu zuen herrialde "serio eta formalagoa" nostalgia puntu batekin gogoratzen du.

"Langabezia edota pentsioen inguruko kezka nabaria da"

40 urteko Marina Llamas Barco gasteiztarrak ere antzeko kezkak ditu. Martxotik darama janariak pilatzen badaezpada, eta Europarekiko akordio bat lortu edo ez, prozesuaren amaiera irrikaz itxaroten du. "Brexit ibilbide honek Erresuma Batuko herritar guztien bizitzetan izan du eragina. Ez dakigu nolakoa izango den eragin hau etorkizunean, baina langabezia, pentsioak eta janarien prezioen igoeraren inguruan kezka dago [...] Jendea itxoiteaz nekatuta dago".

Laura Ortiz-Ruiz de Gordoak –47 urte– ondo gogoratzen du erreferenduma gertatu eta hurrengo egunean bere lankideek zituzten aurpegiak. Osasun zerbitzu publikorako lan egiten du, eta herrialde askotako lagunekin konpartitzen du lantokia. "Lanera iritsi nintzenean bertan geundenok elkarri begiratu genion... 'Zer gertatu da?' galdetu genuen; inork ez zuen emaitza espero [...] Europako lankide asko minduta sentitu ziren. Ez ziren gehiago Erresuma Batuan ongi-etorriak sentituko".

Hogei urte zituen Laurak Gasteiz utzi eta Erresuma Batura lehendabizi heldu zenean, au pair moduan urtebeterako ingelesa ikastera. Brightonen bizi da egun, eta argi du Brexitaren aldeko emaitza ateratzea gizartean gezurrezko mezuak zabaltzearen ondorioa izan dela. "Albisteek herrialdeko jendeari kanpotar askok Britainia Handiko osasun zerbitzuaren erabilera egiten dutela sinestarazten diete, besteak beste, baina hori ez da egia. Beste arazo handiagoak ditugu osasun publikoan, eta jendeak jakingo balu nola pribatizatzen ari diren hau gu konturatu gabe... hori bai dela arazoa! Eta hau ez da berrietan agertzen".

Betidanik Europarekiko jarrera susmagarria izan du herrialde honek, eta honen zati handienak hartu duen erabakiaren ondorioak zer ekartzen digun ikusi beharko da. Panikoa susmatzen da bai Londreseko kaleetan, The Smiths taldeak orain dela hogeitamar urte abesten zuen moduan, eta baita Birmingham, Sheffield, Leeds eta herrialdeko beste izkina guztietan ere.

Gertatzen dena gertatzen dela, hogeitabatgarren mende honetan Britainia Handian haien musika-armak hartu ez dituzten artisten damuaren berri izango ote dugun jakiteke geratuko da prozesu honen amaiera iristen denean, hau noizbait heltzen bada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago