Denboraldi berriari begira "lana eta esfortzua" hitzeman ditu Araskik

Erredakzioa 2019ko ira. 25a, 11:15
Eskuratutako kopa ere erakutsi dute aurkezpenean. / GASTEIZKO UDALA

Jasotako babesa eskertu du talde arabarrak denboraldirako lehen taldearen aurkezpenean. Lehen partida igandean jokatuko dute, Zaragozan.

2019/2020 denboraldian arituko den lehen taldea aurkeztu du Araski taldeak Goiuri jauregian, eta abagunea baliatu dute jaso duten babesa eskertzeko. Joan den astean eskuratu berri duten Euskal Kopa ere harro erakutsi dute ekitaldian.

Iratxe Rodriguez Araskiko presidenteak zorionak eman dizkio lantaldeari, "lortu dutenagatik eta denboraldi-aurre osoan egin duten lanagatik". Taldeak babesten dituen balioak nabarmendu ditu: "izaera, diziplina... baina, batez ere, umiltasuna eta lan taldea".

Lantalde teknikoaren buru den Made Urieta Espainiako entrenatzaile hoberena izendatu berri dutela gogoratu du Rodriguezek. Eskerrak emateko unean, Urietak erantzun du "talde osoaren lan onaren emaitza" izan dela aitortza hori.

Laura Pardo kapitainak ere hitza hartu du ekitaldian. Txapelketa hasteko egun batzuk besterik falta ez direla, "ilusio eta gogo handia" dutela nabarmendu du. "Garaipenik ezin dugu hitzeman, baina bai esfortzua, lana, umiltasuna eta lehia”.

Ohi bezala, erakunde publikoetako ordezkariak gerturatu dira aurkezpenera, tartean hiriko alkatea, eta babesa eskaini diote taldeari.

Talde arabarrak datorren igandean izango du denboraldiko lehen hitzordua, Zaragozan, Club Polideportivo Bembibreren aurka. Mendizorrotzean jokatuko den lehen partida, berriz, urriaren 9an izango da, Valencia B.C. taldearen aurka.   

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide