Araski, Emakumeen Euskal Kopako txapeldunak

Ibon Gorrisi 2019ko ira. 23a, 13:01
Arabarrek Durangon lortu dute garaipena. / ARASKI

Hirugarren urtez jarraian Lointek Gernikari irabazi dio (50-47) talde arabarrak Durangon jokatutako finalean.

Hirugarren urtez jarraian RPK Araski taldeak Euskal Kopa irabazi dio Lointek Gernikari igande eguerdian Landako kiroldegian jokaturiko finalean. Biek ala biek aukera izan dute partida irabazteko azken unetan, baina arabarrek kopa altxatu dute hiru marratik asmatu dutelako. Partidako jokalaririk onena Laura Quevedo (RPK Araski) izendatu dute; izan ere, berak 17 puntu lortu ditu.

Neurketa gogorra izan da eta markagailua oso-oso estua. Lehen laurdena erritmo bizikoa izan da eta hor Gernika taldeak alde txikia lortu du (13-15). Bigarren laurdenean arabarrak hobeto aritu dira eta horri esker bost puntuko abantaila lortu dute. (19-14). Beraz, atsedenaldira 32-29 markagailuarekin joan dira.

Hirugarren laurdenean, ez batak ez besteak ez dute batere asmatu erasoan. Seina puntu bakar-bakarrik sartu dituzte. Asko kostatu zaie saskiratzea.

Norgehiagoka azken laurdenean sartu denean Araskik hiru puntuko aldea zuen. Gernika ari zen aurrea hartu nahian baina izandako aukera ia-ia guztietan ez du asmatu. Bestalde, arabarrek ere ez dute partida erabaki eta horren ondorioz 4.33 falta zela partida bukatzeko bizkaitarrak puntu batez aurreratu dira. Bazirudien behetik gora etorritako taldeak aukerak izango zituela irabazteko. Baina, hor agertu dira Araskiko Cristina Molinuevo eta Maria Asurmendi hirukoak saskiratzeko eta, estu bada ere, partida erabakitzeko.

Liga DIA astebete barru hasiko da eta bi taldeek zer hobetzerik badaukate. Halere, Araskik utzitako sentsazioak onak dira.

RPK Araski: Garcia (2), Asurmendi (3) Quevedo (17), Pardo (2), Perez (4); -hasierako bostekoa-, Molinuevo (3), Van den Adel (5), Carrera (5), Seda (9).

Lointek Gernika: Ocete (2) Wojta (8), Arrojo (10), Roundtree (5), Milic (8), -hasierako bostekoa-, Lo (2), Diez (3), Molina (6), Mazionyte (3).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide