"Demokrazia kontua da gizartean kultura zientifikoa hedatzea"

Juanma Gallego 2019ko ira. 23a, 06:00
Zientziaren "puntu ahulak" ere jorratu behar direla dio Agirrek. / ALEA

Zientzia egiten ari dira mundu osoko ikertzaileak, baina beste hainbat lagun ere badira zientziaren aurrerapenak eta erronkak gizarteari helarazten dizkiotenak. Hori da, hain zuzen, Aitziber Agirrek aukeratutako bidea. Dibulgazioaz gain, zientziarekiko kritika ere sustatu behar dela uste du.

Biokimikaria izan behar zuen, baina bizitzak zientzia-dibulgazioaren aukera eskaini zion, eta, modu horretan, zientziaren munduan izaten diren aurrerapen guztien inguruan nahi adina galdera egiteko pribilegioa eskuratu zuen Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek (Gasteiz, 1974). Hainbat urtez Teknopolis saioa aurkezten ibilita, kameraren aurrean "sufritzen" duela aitortu du. Galderak erantzutea baino galderak egitea gustatzen zaiola dio; baina, oraingoan, berriro kameraren aurrean egotea eta galderak erantzutea egokitu zaio.

Biokimikaria zara ikasketaz, baina orain kazetari gisa zaitut aurrean. Zerk eraman zintuen horretara?

Egia esanda, nik ez dut inoiz izan oso markatutako bokazio bat umetatik, baina institutuan asko gozatzen nuen biziaren oinarriak zeintzuk ziren argitzen zigutenean: geneak, zelulak... hor piztu egiten nintzen. Gainera, oso biologia irakasle ona izan genuen. Karrerako hirugarren mailan laborategi batean sartu nintzen, eta bertako lana nolakoa zen ikasteko eta ikusteko gogoa nuen. Hortaz, niretzat zerbait oso naturala izan zen ikerketan geratzea. Doktoretza tesia egiten hasi nintzenerako baneramatzan hiru urte lan hori ezagutzen eta parte hartzen.

Zeri buruzkoa izan zen zure tesia?

Birusek zelulak nola infektatzen dituzten ikertu nuen; zehazki, GIB, gripea eta polioaren birusen  proteinek nola lortzen duten birusaren eta zelularen mintzak fusionatzea eta birusa barrura sartzea. Hiru birus horien proteinek mintzarekin nola erreakzionatzen duten, hain zuzen.

Eta zergatik ez zenuen horretan jarraitu?

Batetik, askotariko gauzak egitea gustatzen zaidalako. Bestetik, idaztea asko gustatzen zaidalako ere, eta zientziaren komunikazioan aukera bat ikusi nuen. Baina hirugarren arrazoi garrantzitsu bat ere egon zen. Banekien zientzian lanean jarraitzeko gutxienez lau urte Ameriketako Estatu Batuetan ikertzen eman behar nituela. Orduan 28 urte nituen, eta senak eskatzen zidan amatasuna planteatzea. Ikerketan jarraituz gero, amatasuna alde batera utzi behar nuen, edo, behintzat, asko atzeratu.

Ez dago modurik ikerketa eta amatasuna bateratzeko?

Posiblea bada, baina oso zaila da. Ikerketaren karrera zorrotza da; asko eskatzen dizu. Ama eta ikertzaile diren lagun asko ditut, eta batzuetan itota ikusten ditut, eta haien kide gizonezkoek karrera eramaten duten abiadura ezin dute jarraitu. Dena dela, imajinatzen dut hau beste lanbide askotan gertatuko dela.

Nola hasi zinen Elhuyarren?

Beka bat atera zuten, eta idaztea asko gustatzen zaidanez, nire burua aurkeztu nuen. Ikertzen ari nintzela, burua oso kontu konkretuan neukan sartuta, eta irakurtzen nuen guztia horri buruzkoa zen. Baina dibulgazioan, bat batean, zientzian egiten diren horrenbeste gauza interesgarriri buruz ikasteko aukera izan nuen, gauza pila bat dakien jendearekin hitz egiteko aukerarekin. Plazer bat izan zen hori. Gainera, zientzian emaitza bat lortzeko hilabeteak eta batzuetan urteak behar dituzu, baina kazetaritzan askotan egun batean idazten duzuna hurrengo egunean argitaratzen duzu. Alde handia dago.

Teknopolis telebista saioa aurkezten urte batzuk eman dituzu. Zein formatutan zaude erosoen?

Aitortu behar dut telebistarena esperientzia polita izan zela; baina niretzat gogorra ere izan zen. Kameraren aurrean egonda sufritu egiten nuen: nire izaeragatik edo, zaila zen niretzat. Ni erosoen idazten nabil, diferentziaz. Gero, seme-alabak izan nituenean, bederatzi urteko eszedentzia hartu nuen, era gero lanera itzuli nintzen.

Bueltatu zinenean, Elhuyar aldizkariaren zuzendari izatera pasatu zinen. Nolakoa izan zen buelta?

Itzulera gogorra izan zen. Pentsa bederatzi urte lanetik kanpo eman nituela. Gizarteak ez du errazten ama edo aita izateagatik ibilbide profesionalean halako etenaldi luze bat egitea, baina niretzat zentzu handia dauka, eta ez naiz inoiz damutu hori egin izanaz. Eskerrak lankide oso profesionalak ditudan; asko lagundu ninduten bueltan, beraiek gabe ezin izango nukeen egin. Bestetik, aldizkariaren ardura hartu nuen.

"Analisiari tarte handiagoa egin diogu aldizkarian, ikertzaileek beraiek idatzita" AITZIBER AGIRRE

Data horien bueltan aldizkaria hilabetekaria izatetik hiruhilabetekaria izatera pasa zen...

Hala da, eta krisialdi gogorra izan zen aldizkarian. Arrazoia ekonomikoa izan zen, erabat. Zientziaz eta euskaraz aldizkari batek publiko txikia du oraindik, eta zaila da hori ekonomikoki sustengagarria egitea. Diru-laguntzak ez dira nahikoak horrelako proiektu bat sustengatzeko eta Elhuyarren zulo ekonomiko handia sortzen zuen. Telebista, adibidez, bideragarria da, batez ere proiektua sustengatzen duten babesleei esker. Baina aldizkariari dagokionez, hiruhilabetekaria izanda, zulo ekonomikoa murriztu da orain. Baina ez da erraza maiztasun horrekin eguneroko albisteei erantzutea.

Aldizkariaren tamaina ere aldatu duzue...

Bai, analisiari tarte gehiago eman diogu; hau aspalditik buruan geneukan. Adituek beraiek egindako analisiak dira. Askotan, zientzia abiadura bizian doa, eta beste batzuetan, motelago. Hortaz, gaiei patxadaz heltzeko aukera izan nahi dugu. Bestetik, ikertzaileek idatzitako lanei ematen zaien tokia indartu dugu. Guretzako luxu bat da beraien ekarpenak jasotzea. Inoiz baino lan gehiago jasotzen ditugu, eta hori bihotzez eskertzekoa da.

Aurtengo Rikardo Arregi sarietan ere egindako lana aitortu dizuete. Halako errekonozimendu asko daude?

Ez, gutxi daude, badakizu! [barrez]. Guretzat halako subidoi bat izan zen. Ez genuen espero gurea bezalako aldizkari xume bat azken 30 urteetako hamar mugarrien artean egotea. Nor gogoratzen da ba zientziaz halako hedabide handien artean? Izugarrizko poza hartu genuen. 

Kultura zientifikoari dagokionez, nolakoa da gaur egungo egoera Euskal Herrian?

Nik uste dut premiazkoa dela honi begiratzea. Ikusita zer nolako garrantzia hartzen ari diren zientzia eta teknologia gure gizartearen garapenean, ezinbestekoa da herritarrok horren kontzientzia hartzea eta zientzia eta teknologiarekiko kritikoak izatea. Are gehiago, baita zientzia-sistemarekiko kritikoak ere. Gai izan behar dugu zientzia ulertu eta irizpide argiak izaten, ez badugu nahi gutxi batzuen artean erabakitzea zertara bideratuko den, adibidez, adimen artifizialaren, genetikaren edo nanoteknologiaren botere hori guztia. Demokrazia kontu bat da, hortaz, gizartean kultura zientifikoa hedatzea.

Eta hori ez al da ere gizartearen ardura?

Askotan entzuten dugu gizarteak kultura zientifiko handiagoa izan beharko lukeela. Bada, egia esan, nahiko kritikoa naiz herritarren kultura zientifikoa zalantzan jartzen denean, herritarrena balitz bezala horren ardura. Agintariek erabaki beharko dute zer baliabide jartzen dituzten zientzia zabaltzeko. Eta zientzialariek eta kazetariok aztertu beharko dugu nola aurkezten dugun zientzia gizartearen aurrean. Umiltasunez gerturatzen ote dugun, herritarren iritzia entzuten duen zerbait bezala, edo gure gainetik dagoen zerbaiten gisa.

Beraz, autokritika egin behar dela uste al duzu?

Nik bereziki gustura hartzen ditut zientzialariek zientziari egiten dizkioten kritikak. Onartzen dutenean zientzia bera ere klasista eta matxista dela. Zeren zientziaren puntu ahulak eta zaurgarritasuna agerian uzten ditugunean, zientzia pixka bat gizatiarragoa eta gertukoagoa sentitzen dugu denok. Hortik bai gerturatu gaitezke herritarrok zientziara, mehatxurik sentitu gabe. Handia eta zurruna azaltzen denean, ordea, urrutikoa eta arrotza sentitzen dugu. Eta horrek gure aurreiritziak elikatzen ditu. Oso bestelako harrera jasoko luke zientziak gizartean, adibidez, zientzialarien artean dibertsitate handiagoa balego. Nolabait, denok gure burua ordezkatua ikusiko bagenu: klase sozial eta etnia guztietako jendea balego, emakumezkoek ahotsa balute, gazteei ere haien ekarpena aitortuko balitzaie, zientzialariekin eta teknologoekin elkarlanean pazienteak, artistak, psikologoak, filosofoak eta beste ere arituko balira… Hitzetatik harago, errealitate bihurtuko balitz hori. Bidea egingo balu honetan, ziur naiz herritarrek berea sentituko luketela zientzia, eta askoz ere gehiago gozatuko luketela zientziak eskaintzen duen ezagutza horrekin guztiarekin. Plazerrarekin erlazionatuko lukete.

Zientzia-sistema berari dagokionez, nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera?

Zientzia eta teknologia garapen ekonomikoaren motorra diren heinean, ez da nahikoa inbertitzen. EAEn, esaterako, barne-produktu gordinaren %2 da; Europako herrialde gehienen atzetik. Eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sistemak EAEn markatuta dituen lehentasun estrategikoei begiratzen badiegu, hiru dira: fabrikazio aurreratua (automobilgintza, aeronautika, makina-erreminta.), energia eta biozientziak/osasuna. Nik faltan sumatzen dut lehentasun estrategikoen artean ekologia eta garapen sostengarria egotea. Krisialdi klimatikoa eskutan lehertzen ari zaigun honetan, eta gizakiaren historiako bioaniztasun-galera handienaren atarian gaudela, nik uste lehentasunezkoa izan beharko lukeela Euskal Herrian alor honek.

Zer hobetuko zenuke, aukera izanez gero?

Adibidez, atzerrira formatzera joaten diren ikertzaile gazteen eta haien talentuaren itzulerarena konpondu behar da. Ez dago beste lanbiderik halako formakuntza luzea, espezializatua eta sakrifikatua eskatzen duenik, eta behin bukatutakoan ere, lanerako hain eskaintza txikia duenik. Ondorioz, oraindik ere ikertzaile asko atzerrian geratu behar izaten dira. Eta azkenean itzultzea lortzen dutenak ere, urteroko proiektuen mende bizi dira, inolako egonkortasun profesional eta ekonomikorik gabe. Nik uste jada lehentasunez heldu beharreko gaia dela hau. Ezin dugu espero zientzia-sistema sendo bat izango dugula oinarriak kolokan baldin baditugu. Euskal zientzia-sistemak abian jarri beharko luke aniztasun hori bermatzeko plan eraginkor bat. Nekez ase egingo dituzte zientziak eta teknologiak gizarte osoaren beharrak, ikerketa egiten duten taldeek eta teknologia zertara bideratzen den erabakitzen dutenek berek ez badute aniztasun hori beren baitan. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide