Otsailaren 3an hasiko da Arabako Probintzia Auzitegiko 1. zigor salan Iruña-Veleiako indusketetan aurkitutako ostraken inguruko epaiketa, hamar urteko prozesu judizialaren ostean. Fiskalak bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Eliseo Gil aztarnategiko garaiko zuzendariaren kontra, eta Foru Aldundiak berriz, zazpi eta erdi. Ondare historikoaren kontrako delitua eta iruzurra leporatzen diote Gili. Fiskaltzaren tesiaren arabera, 476tik gora pieza manipulatu zituen, "ospe profesionala lortzeko" eta "etekin ekonomikoak ateratzeko".
Halaber, Iruña-Veleiako ikerketa taldean Gilekin batera aritu ziren Oscar Escribanorentzat beste bost urte eta erdiko espetxealdia eskatu du fiskalak, eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra Ruber Cerdanentzat. Diputazioak, berriz, hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxeratzea eskatu du, hurrenez hurren.
El Correo egunkariak eman du epaiketaren dataren berri, eta azaldu duenez, akusatuei dagoeneko ohartarazi diete epaiketa noiz hasiko den.
2008ko azaroaren 19an adierazi zuen Arabako Foru Aldundiak faltsuak zirela Iruña-Veleian aurkitutako ostraketan ageri ziren testuak eta bestelakoak, eta 2009ko maiatzean aurkeztu zuen lehenbiziko kereila aztarnategia kudeatzen zuen arkeologoen taldearen kontra.