Iruña-Veleia auzia argitzeko eskatzen duen manifestua aurkeztu du gaur Iruña-Veleia Argitu ekimenak. Manifestuan atxikimendua eskaini duten hainbat aurpegi ezagun bertaratu dira, "auziari irtenbidea lehenbailehen" aurkitzeko eskatzeko asmoz.
Bederatzi urtez egon da instrukzio fasean aipatutako auzia, gure herrian irekita dagoen auzi judizial zaharrena. Horregatik, ekimeneko kideek auzia ezin dela denbora gehiago argitu gabe egon adierazi dute: "Batetik, begi-bistako arrazoi humanitarioengatik, eta bestetik, garrantzi ikaragarrikoa delako grafitoak benetakoak ala faltsuak diren jakitea; ez bakarrik euskararen historiarentzat, baita beste ezagutza-arlo askorentzat ere".
Modu horretan, bi eskakizun egin dizkiete dagokien erakundeei. Alde batetik, aurkitutako piezen lagin bat arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea. Bestetik, parteekin harremanik ez duten arkeologo adituek indusketa kontrolatuak egin ditzatela agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan.
Era berean, sinadura bilketari ekin diote –irunaveleiaargitu@gmail.com helbidean–, eta, besteak beste, Oihane Perea, Ramon Agirre, Eñaut Elorrieta, Andoni Egaña, Fermin Muguruza, Gorka Knörr, Pablo Gorostiaga, Rafa Rueda, Gontzal Mendibil, Toti Martinez de Lezea, Benito Lertxundi eta Garbiñe Biurrun atxikitu dira manifestura.