Galdu den mundu bati buruz arteak esateko duena

Juanma Gallego 2019ko uzt. 14a, 06:00
Sara Gonzalez de Aspuru da Arabako Arte Ederren Museoko zuzendaria. / ALEA

Gasteizko Augustin-Zulueta jauregia bera harribitxia bada ere, barruan altxor gehiago gordetzen ditu Arabako Arte Ederren Museoak. Haren burua "berrasmatu" behar izan duen museo horrek bereziki XIX. eta XX. mendetako artea lantzen du, Espainiakoa zein Euskal Herrikoa. Artelan bakoitzak istorio bat du atzean.

Artelanak berez mintzatu ohi dira ikuslearekin, baina lan horien inguruko testuingurua ezagutzea da benetan artearen magia abiatzen duena. Arabako Arte Ederren Museoan ere gertatzen da hori. Augustin-Zulueta jauregiko aretoetan 250 bat artelan erakutsi ohi dituzte, museoak dituen funtsen %12, gutxi gorabehera. XIX. eta XX. mendeetako Espainiako artea erakusten da bertan, eta, bereziki, 1850-1950 bitarteko euskal artea. Horietako bakoitzaren atzean istorio bat dago, eta, zenbaitetan, gainera, istorio zirraragarria. Eta, garrantzitsuena agian, horietako asko oraindik ere aurkitzeko daude, begirada berrien zain.

Kontakizun horietako batzuk Ignacio Diaz Olano (1860-1937) margolariaren txokora iristean atera dira, museoko zuzendari Sara Gonzalez de Aspururen eskutik. Jatetxea izeneko margoa bildumaren pieza esanguratsuenetakoa dela azaldu du. "Kontuan izan behar dugu goi gizartea jatetxeetara joateko ohitura berez XIX. mendekoa dela. Ordura arte, nobleek haien etxeetan jasotzen zituzten bisitak". Jatetxearen barruan dauden dirudunen eta kanpotik begira ari den neskatilaren arteko kontrastea gogorra da. Bertan dagoen pertsonaia bat beste hainbat margotan errepikatzen dela azaldu du Gonzalez de Aspuruk. Besteak beste, Kalbarioko erromeriako itzulera eta Lisatzaileak izenekoetan. Diaz Olano margolariak Erroman ezagutu zuen amorante bat da, hain zuzen,  Maria Antonieta Proietti modeloa, eta haren alaba ere azaltzen da koadroan, neskatila txiro baten moduan.

Museoan dauden lan ezagunenen artean daude horiek, baina luzea da zerrenda. Fernando de Amarica (1866-1956) margolariak ere areto propioa du, eta bertan jasota daude Arabako zein Euskal Herriko beste hainbat txokotako paisaiak, gehienak inpresionismoaren bidez jorratutakoak.

Diaz Olanoren 'Jatetxea' koadroan garai bateko kontraste sozialak jasotzen dira. Barruan, goi gizartea; kanpoan, pobrezia. / ARABAKO ARTE EDERREN MUSEOA
 

Museoak jaso duen azken ekarpen handia Juan Celaya Fundazioarena izan da, lau urterako. "Bilduma garrantzitsua du fundazioak, oso handia eta zabala, eta horregatik beraiekin adosten ibili gara museoak gordailuan hartuko zituen artelanen zerrenda", azaldu du zuzendariak. Bilduma horretan, garrantzi berezia du Aurelio Arteta (1879–1940) artistaren Gerraren triptikoa izenekoak. "Hau artelan enblematikoa da artearen historian", esan du adituak. Espainiako Gerra Zibilean izandako sufrikarioak bildu zituen Artetak hiru piezez osatutako lanean. Dena dela, fundazioaren lagapenaren barruan ere ospe handiko beste hainbat artelan garrantzitsu daude, besteak beste Zubiaurre anaien hainbat koadro.

Ikerketa lana

"Gure irizpidea da ekarritako bildumek zaintzen ditugun funtsekin lotura bat izan behar dutela, eta atzean ere ikerketa bat egon behar dela", nabarmendu du adituak. Batez ere, euskal artearen aldeko apustua egiten dute, "bereziki besteek jorratzen ez dituzten arloetan". Eta arte hori erakustea bezain garrantzitsua da horien gaineko ikerketa egitea, emaitzak interesa duten ororen esku jarrita, euskaraz eta gazteleraz argitaratutako katalogoetan. Dena dela, museoak berak behin eta berriz bere burua "berrasmatu" behar izan duela adierazi du zuzendariak. "Funtsean, gurea Arabako gainerako museoen ama izan da". Diputazioak 1941ean erosi zuen jauregia, eta, denbora askoan, orain Artiumen, Bibaten edota Elizbarrutiko museoan dauden funtsak bertan egon ziren. Denborarekin museo horiek guztiek haien ibilbide propioak hasi zituzten, baina jatorrizko sehaskan espazioaren arazoa bere horretan mantendu da.

Baliabide urriak dituzte: bi lagun baino ez dira aritzen zuzenean museoaren kudeaketan, eta gainerako zerbitzuak kanpotik jasotzen dituzte.  Hori kontuan izanda, urtean erakusketa nagusi bat eta beste txikiago batzuk antolatzen saiatzen direla azaldu du Gomez de Aspuruk.

"Funtsean, gurea Arabako gainerako museoen ama izan da". SARA GONZALEZ DE ASPURU

Datorren urterako Lorenzo Fernandez de Viana (1866- 1929) eskultoreari buruzko erakusketa eta ikerketa prestatzen ari dira. Lehenago, Jesus Apellanizen (1897-1969) heriotzaren 50 urteurrena aitzaki hartuta, haren lau artelan berri erakutsiko dituzte. Bestetik, duela bi urte erosi zuten Federico Madrazo (1815-894) artistak Julian de Zuluetari egin zion erretratu bat, eta horren gainean ere erakusketa bat prestatzen dabiltza. "Guztiz ezezaguna den erretratua da, oso bikaina", aurreratu du adituak. Julian de Zulueta (1814-1878) beraren inguruan, zer esanik ez, asko izango dute kontatzeko erakusketan, beltz-tratularia eta Europako dirutza handienetako zuela kontuan izanda.

El Pradok utzitako gordailuak ere dituzte jauregian; hain zuzen, museo horrek maileguan utzi berri die, hilabete batez, Esteban Murilloren (1617-1682) Escorialeko Andre Maria Sortzez Garbia izeneko artelan garrantzitsua. "El Pradoren 200. urteurrenaren harira ekarri diguten artelan horrek arrakasta handia izan du". Gastu guztiak Madrilen kontura izan direla azpimarratu du zuzendariak. "Eskerrak. Artelan horrek duen aseguru gastua ere ezin izango genukeen ordaindu".

Gerraren triptikoa (Aurelio Arteta)

Espainiako Gerrak Euskal Herrian izan zituen ondorioak bildu zituen Artetak, hiru narrazioen bitartez. Zerutik datorren suntsiketari begira dago lehen gudari gaztea. Erdiko panelak erbestea adierazten du. Hirugarrenak, berriz, heriotza: ama eta haren jaioberriaren hilotzak agertzen dira, galdutako abereak eta aiurika ari den txakur bat. IRUDIA: ARABAKO ARTE EDERREN MUSEOA.

 

Carmen Arconadaren erretratua (Ignacio Zuloaga)

Ehundurak margotzen bikaina zen Ignacio Zuloaga. Zetazko jai jantziak luxua eta detailea erakusten ditu, paisaian erabilitako pintzelkada gogorren aldean. IRUDIA: ARABAKO ARTE EDERREN MUSEOA.

  

Europako mendien paisaia (Carlos de Haes)

Ahuntzain bat azaltzen da, baina haren irudiak ez dauka garrantzirik, Europako mendietan marrazten den paisaiaren ikusgarritasunaren parean.  IRUDIA: ARABAKO ARTE EDERREN MUSEOA.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide