"Arabako lurralde asko ez daude ordezkatuta Batzar Nagusietan"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko uzt. 8a, 06:00

Pedro Elosegi, Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria. ESTI LANAO

Hasi berri den honekin bost legegintzaldi egingo ditu Pedro Elosegik (Gasteiz, 1960) Arabako legebiltzarrean, eta bigarrenez izango da lehendakaria. Kuadrilla eta udalerri guztien ordezkaritza orekatuago bat lortzeko eztabaida lehenbailehen zabaldu behar dela uste du presidenteak: "bidezkoa da".

Arabako Batzar Nagusiak osatu eta gutxira elkarrizketatu du ALEAk Pedro Elosegi erakundeko lehendakaria, ahaldun nagusiaren inbestidura saioa baino lehen. Mahaiaren osaketaren bueltan egin zaizkion kritikak erantzuteko parada izan du, eta argi utzi du araudia eta joko-arauak bere alde dituela. Luze eta zabal hitz egin du, baita ere, herrialdeko legebiltzarraren antolakuntzaz eta etorkizuneko erronkez.

Batzar Nagusietako lehendakaria izango zara beste behin. Nahita egindako aukera izan da?

Beste urteetan bezala.

Irakurri dizut nonbait politika ez dela zure bizitza, ezta lanbide bat ere…

Nire bizimodua aldatu da ez dakit zenbat aldiz nire bizitzan zehar, baina momentu batean, duela hogeita lau urte, alderdian eskatu zidaten ea posible nuen Gasteizko Udaleko zerrendan joatea, eta baietz esan nuen. Ezustekoa izan zen gau hartan, eta nire bizitza aldatu zen. Abendu honetan, alderdiko primarioetan, kargua hartzea proposatu zidaten, eta alderdikide guztiek onartu zutenez, hemen nago. 

Erosoago zaude politikan edo kulturaren alorrean lan egin duzunean?

Bietan daude momentu onak eta momentu txarrak, ezta? Bi munduetan jakin behar duzu egoten, eta hutsegiteak kudeatzen ikasten duzu. Orain trebatuta nago politika munduan. Esaera zaharrak dioen moduan, gustatzen zaizuna egin behar duzu; eta egiten duzuna gustatzen ez bazaizu, ikasi eta jarrera aldatu.

Batzar Nagusiak eta bere dinamika herritarren artean ezagunak izateko erronka aspalditik dator. Zuk ere aipatu duzu helburu gisa. Zergatik axola dute horren gutxi bertako eztabaidek?

Beti esaten dut. Hedabideetan gure aurretik beste erakunde asko daudelako; telebistan, irratian, eta egunkarietan astero daude berriak, egunero, Eusko Jaurlaritzarenak, Legebiltzarrarenak, Diputazioarenak… eta hor, bosgarren postuan, Batzar Nagusiak daude. Garrantzitsua da, hala ere, arabarrek instituzioa ezagutzea, hemen gauza garrantzitsuak erabakitzen direlako, fiskalitatean esate baterako. Nork daki, adibidez, non dagoen eraikin hau? (Gasteizko Bizente Goikoetxea kaleko Arabako Batzar Nagusien egoitza). 

Horretan zerikusia du politikarekiko eta politikariekiko herritarren aldentzeak? 

Beste erakundeekin ez da nabaritzen hori. Nik uste dut ez duela zerikusirik. Politikariak, azken batean, turko-buruak gara, gaizki dagoen guztia politikarien gauza da; baina politikariak ingeniariak bezala gara, batzuk onak eta beste batzuk txarrak. Nik ezagutzen ditudan politikari gehienak gauzak ondo egiteko daude. Mundu honetan, ordea, bi lanbide zokoratuak daude: politikariak eta funtzionarioak, eta nire kasuan, ni politikaria eta funtzionarioa naiz, kar, kar, kar.

Orekatua al da Batzar Nagusietan Arabako udalerri guztiek duten ordezkaritza? 

Nire ustez ez da. Askotan esan dut.

Eta nola izan daiteke orekatuagoa?

Bi irizpide erabili behar dira. Hemen dagoen irizpidea soilik demografikoa da, zenbat biztanle hainbat ordezkari; eta hori ez da horrela toki gehienetan, edo baliteke hau izatea toki bakarra non irizpide hori bakarrik erabiltzen den. Lehenengo irizpidea geografikoa izan behar da, eta bigarrena demografikoa; zer suposatzen du horrek? Geografikoki lurralde bakoitzak izango du ordezkari kopuru bat, eta gainera, biztanle kopuruaren arabera, beste hainbat ordezkari gehiago izango ditu. Madrilgo Kongresuan irizpide geografikoa dago beti, eta, hortik aurrera, biztanleen arabera ordezkari bat, bi edo hiru gehiago dituzte lurraldeek. 

Eusko Legebiltzarrean bezalako banaketa bat posible da Araban, alegia Kuadrilla guztiek batzarkide berdinak izatea Batzar Nagusietan?

Hor ere ez dago orekatua, baina ni ez naiz sartuko horretan. Nire arduratik diot Araban lurralde asko, kuadrilla asko, ez daudela ordezkatuta; bost kuadrilla artean hautatzen dituzte zazpi batzarkide, eta hori gutxi da, eta gainera lurralde askok ordezkari bat bera ere ez dute.

Zabalduko da legegintzaldi honetan eztabaida hori?

Gure taldean horrela esan dugu askotan, kanpainan ere horrela esan dugu, eta lehenengo ekimena hori izango da. Onartuko da? Ez dakigu. Eusko Legebiltzarrera helduko da? Ez dakigu. Baina eztabaidatuko da, ziur. 

Eta adostasunetara iristeko aukerak ikusten dituzu?

Duela urte bat baino gehiago da gure taldeak ekimena aurkeztu zuela, eta ez zen onartu. Bazegoen beste talde bat ados zegoena, baina argudioa zen ez zela momentua, urtebete falta zelako hauteskundeetarako. Orain argudio hori ez dute. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina bidezkoa da. 

Zeintzuk aurreikusten dituzu izango direla legegintzaldiko gai nagusiak?

Ba betikoak, ezta? kar, kar. Urtero lurraldeko aurrekontua eztabaidatzen da hemen, eta hori oso gutxi ateratzen da. Onartzen ez bada oihartzun gehiago izango du eztabaidak, baina onartzen bada, bo! Urtero arau fiskalen inguruan eztabaidatzen dugu, urtero GaroÒari buruz hitz egiten genuen, Forondako H24ri buruz… Baina, hemen, ikono horietaz aparte egunero-egunero lan egiten dugu: arauak, mozioak, galderak, arabarren kezkak islatzen dituzten gai asko tratatzen dira hemen. Edozein parlamentutan bezala.

Kulturaren mundutik zatoz. Behar duen garrantzia ematen zaio kulturari herrialdean?

Galderan duzu erantzuna. Ezetz esan beharko dut, baina ez kulturaren mundutik natorrelako. Kulturari ez zaio ematen behar duen garrantzia, ez soilik aisialdiarekin lotuta, baizik eta formakuntza aldetik, hezkuntzan, gizartean, oro har. Ni kulturaren mundutik nator, baina musikatik; kulturarentzat gutxi baldin badago, musikarentzat are gutxiago, eta musika herrikoiarentzat gutxiago.

Batzar Nagusien osaketan lehen kritikak jaso dituzu. Zaila zen bost talde egonik bost mahaikide egotea eta Elkarrekin Araba ere Mahaian izatea?

Zergatik?

Aniztasuna islatzearren?

Esan dute: Mahaian egon behar dira ordezkatuta indar politiko guztiak. Lehenik eta behin, ez da beharrezkoa; gure araudiak ez du hori esaten, eta horrenbestez, horren talde txikia izanik ez dute eskubiderik Mahaian egoteko. Bigarrenik, osoko bilkuran gobernuak izan du gehiengo osoa; beraz, gobernua sostengatzen duten taldeek zergatik uko egin behar diote gehiengo osoa Mahaian islatzeari? Hori horrela da, eta araudiak dio dioena. Esatea talde guztiak egon behar direla ordezkatuta… joan gaitezke hor aurrean dugun Legebiltzarrera eta ikusiko dugu nola dauden gauzak, edo Madrilgo Kongresura... ba ez. Araudi bat dago eta hori da joko-araua. Oso argi daukat.

EAJko zinegotzia eta oposizioko burua ere izango zara Aramaion. Bateragarriak dira ardura biak?

Dudarik gabe. Zergatik ez? Bestela ez nintzen izango, azken finean lan egitea ona da. Nire asmoa da Aramaiora joatea gutxienez astean behin, eta horretarako denbora daukat.

Aramaio ezagutzen duzu?

Aramaiora askotan joaten nintzen txikitan, eta azken hiruzpalau hilabeteetan askoz gehiago egon eta murgildu naiz herrian. Gure taldeko herriko jendearekin ere harreman estua dut, ia-ia egunero hitz egiten dugu. 

Bertako errealitatea eta herriko beharrak ezagutzen dituzu?

EAJko hauteskunde kanpainako programako oinarrizko puntuetan jaso ditugu bertako beharrak, eta ez dira asko, Aramaio oso herri txukuna baita, baina ur-araztegiarekin, adibidez, arazo handiak daude, eta ez dira erraz konpontzen. Horretaz gain, Aramaio da euskaraz aritzen den Arabako udalerri bakarra, udalbatzak euskaraz egiten dituzte eta udal-funtzionamendu osoa ere euskaraz egiten da, eta horri eutsi behar zaio.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 200. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago