Martxan da EuskarAbentura gazte espedizioa

Mirian Biteri 2019ko uzt. 2a, 09:22

Harrera eguna egin zuten atzo, Maulen.

Euskal Herria zeharkatuko duen 798 kilometroko ibilaldia dute aurretik EuskarAbentura gazte espedizioan parte hartzen ari diren 121 parte-hartzaileek. Atzo, uztailak 1, ekin zioten erronkari; Euskal Herriko osotik iritsitako gazte guztiak Maulen elkartu ziren. Harrera labur baten ostean, 25 lagunez osatutako taldeetan elkartu ziren, hilabete osoan erreferentziazkotzat izango dute begiralearekin. Kideak elkar ezagutzen hasi ziren orduan, eta baita esperientzia nomadaren nondik norakoak ere. Arratsaldean, Mauleko alkate Mikel Etxebestekin elkartu ziren bertako plazan, eta talde argazkia atera zuten.

Gaua JaiAlaien igaro ostean, goizean goiz, ekin diote gaur bideari. Hamabost kilometro egingo dituzte, Pagolaraino. Hainbat egunez Ipar Euskal Herritik eta Nafarroatik ibili ostean, uztailaren 11n helduko dira Arabara. Hain justu ere, Añana iritsiko dira arratsalde partean. Gesaltzan emango dute gaua.

Hilaren 15ra arte ibiliko dira Araba zeharkatzen: uztailaren 12an, Gesaltza eta Argantzon arteko 18 kilometroko ibilbidea egingo dute oinez; hilaren 13an, Gasteizeraino helduko dira, eta hurrengo egunean, Araiaraino joango dira trenez. Bertan gaua pasa ostean, Gipuzkoara egingo dute salto.

Belaunaldi arteko egunak

Aurtengo egitasmoak bi berrikuntza ditu. Batetik, Belaunaldi arteko egunak izango dituztela gazteek. Hain justu ere, iazkoak eta aurtengo edizioetako parte-hartzaileak nahastuko dituzte uztailaren 7an eta 24an, elkar ezagutu eta harremanetan jartzeko. Eguna elkarrekin pasatuko dute.

Bestetik, espedizioa lehen pertsonan bizi ezin baina gertutik jarraitu nahi dutenentzat smartphonetan deskargatzeko Euskarabentura aplikazioa sortu dute. Codesyntax enpresa hornitzaileak garatu du, eta Android nahiz iOS sistemetarako erabilgarri dago dagoeneko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide