Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16 eta 17 urte bitarteko 121 neska-mutilek hartuko dute parte EuskarAbenturaren bigarren edizioan. Espedizioak euskararen lurraldea luze-zabal zeharkatuko du oinez, datorren uztailaren 1etik 31ra bitarte.
Izena eman eta eskatutako lana zein motibazio gutuna bidali zuten 263 gazteen artetik, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEUS Fundazioko 20 ordezkarik osatutako epaimahaiak 80 neska eta 41 mutil hautatu ditu. Gazteen %65 neskak dira, eta %35 mutilak. %37 Bizkaiatik batuko dira, %22 Gipuzkoatik, %21 Nafarroatik, %12 Arabatik, %5 Lapurditik, eta Behe Nafarroako nahiz diasporako gazte bana ere izango dira.
Maulen hasi eta Getxoraino, orotara 783 kilometro egingo dituzte 31 etapatan, horietatik 483 oinez. Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, hiriburu guztiak ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte, bai eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren lekuak ere. Programa oraindik borobiltze bidean den arren, abenturazaleek honakoak bisitatuko dituzte besteak beste: Orreagako Kolegiata, Gesaltzako gatzagak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Gernikako Juntetxea.
Bestalde, era eta eduki anitzeko mintegi eta tailerrak ere izango ditu abentuak. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak aldiro-aldiro batuko dira espediziora, gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko. Esate baterako, Asisko Urmeneta ilustratzailea nafar historiaz ariko zaie Orreagan, uztailaren 5ean. Tolosara, ordea, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiko (GEZKI) Enekoitz Etxezarreta eta Jon Morandeira hurbilduko dira, uztailaren 17an. Eta hilaren 22an, Lezon, Hizkuntzalaritza Teorikoko Taldeko (HiTT) Laura Velak gidatuko du hizkuntzaren zientzia eta munduko hizkuntza aniztasunari buruzko mintegia.