Irantzu Lekue: "Gasteizen obra sozialagoak egiteko beharra izan nuen"

M. Ugarte/ A. Amenabar 2019ko eka. 28a, 07:00

Bi urte bete ditu Artgia sorguneak, Irantzu Lekue buru duen Judimendiko espazioak. /E. Anda

Artelanak sortu eta beste hainbat artistek sortzen dutena ezagutzera emateko lanean dabil Irantzu Lekue. Haren kezkak argazki, bideo edota horma-irudietan islatu, eta, era berean, Artgia sorgunetik kulturgintzan eragiten jarraitu nahi du, adin, ibilbide eta diziplina desberdinetako artistek inguratuta.

Arte garaikidearen sorkuntzarako eta erakusketarako gunea izateko helburuarekin jarri zuten abian Artgia, Gasteizko Judimendi auzoan. Bi urte igaro dira ordutik, eta ospakizunetan izan dira egun hauetan, musika, antzerkia eta erakusketa tartean. Sorgunearekin batera, eskutik helduta, ibilbide oparoa osatzen dabil aretoko zuzendari Irantzu Lekue (Gasteiz, 1987); ez soilik Artgia gunean, beste hainbat txokotara heldu baitira haren bideo lan eta horma-irudi koloretsuak. Lan zurrunbilo horretan tartea egin du Alea FM saioan egoteko. 

Bi urte joan dira Artgia martxan jarri zenuenetik. Espero zenuen ibilbidea izan du?

Egia esan, hasiera hartan ez nekien nolakoa izango zen egingo zuen ibilbidea, baina bai, oso pozik gaude egindakoaz eta lan egiteko gogo handiagoarekin gainera. Bi urte hauetan aukera izan dugu artista interesgarrien lana ezagutzeko; 25 erakusketa inguru izan ditugu, eta mikroantzerkiak, liburu aurkezpenak eta jaialdiak egin ditugu, besteak beste. Askotariko lanak ezagutzeko aukera izan dugu.

Hainbat urtez atzerrian ikasten izan eta gero, Gasteizera bueltatu zinen. Etxera bueltatu eta Artgia jarri zenuen martxan.

Bueltatu nintzenean egoera oso txarra zen kultur arloan, eta pauso bat ematea erabaki genuen. Lonja bat konpondu eta urtebete beranduago hasi ginen lanean.

Zein da Artgiaren erakusketen muina?

Aniztasuna asko baloratzen dugu, eta diziplinak nolabait nahastea. Emakumearen gaia lantzen dutenak dira nagusi, euskara ere garrantzitsua da, eta gaztetasuna ere kontuan izaten dugu, espazioak behar dituztelako erakusketak egiteko eta beraien lanak garatzeko. 

Eta bisitaririk bada?

Bai, eta oso kuriosoa da askotariko publikoa pasatzen delako bertatik, normalean oso lotuta daukagun erakusketarekin. Gustatuko litzaiguke behin etortzen diren bisitari hauek aretoa ezagutu eta hurrengo erakusketetara ere etortzea eta beste lan batzuk deskubritzea. Dinamikoa izatea nahi dugu, eta gauza desberdinak ikusteko aukera izatea.

 

 

Artgiarekin batera, azkenaldian beste gune eta galeria batzuk ari dira loratzen Gasteizen. 

Urte batzuetan oso eskasa izan da kultura eskaintza Gasteizen, arte plastikoen arloan batik bat, baina ari dira lore batzuk jaiotzen, eta uste dut positiboa dela arlo pribatutik ere mugimendua egotea.

Artistentzako beka bat ere baduzue martxan.

Bai, laguntza horri esker euren lana aurkeztuko dute bekadunek, eta sari bezala 400 euro, zabalkunde lana eta saltzeko aukera ere izango dute. Pozik gaude harrera ona izan duelako; jende nahikotxo aurkeztu da, eta oso proiektu desberdinekin gainera. 

Sortzaile lana eta erakusketa aretoaren koordinatzaile lana bateragarriak al dira?

Batzuetan zoratzekoa da kar kar, baina laguntza daukat. Talde lana da gurea, azken batean.

Kritika soziala gakoa da zure lanean? 

Nire obraren ibilbidea aztertuta, pauso bat ikusi dut. Lehen nortasunari buruzko artelanak sortzen nituen, eta Gasteizera heltzerakoan zeozer sozialagoa egiteko beharra sentitu nuen. Eta horretan ari gara. Lehenengo ekimena Kreako obra izan zen; mandala bat margotu nuen han, eta oihartzun handia izan zuen, gaia mahai gainean jartzeko aukera eman zuen.  

Kulturalki Gasteiz "basamortua" zela salatu zenuen orduan...

Bai, eta Krea eraikinak 11 urte zeramatzala itxita. Zertarako dago hor? Salaketa hori mahai gainean jarri nahi genuen. Horren ostean izan zen #6.000zpt lana; momentu hartan Maroto zegoen alkate modura, eta bere politika arrazistak salatzeko obra zen. Hilabete egon ginen leku desberdinetatik zapatak jasotzen gero instalazio erraldoi bat osatzeko.

Generoa ere bada zure arduretako bat, ezta? Sortzaile eta aretoko koordinatzaile moduan.

Uste dut beti sortzen dudala emakumearen ikuspuntutik, eta nire lanetan agerikoa da. Baita hasierako lanetan ere; tratu txarrei buruzko artelanak edo hausnarketak egin nituen, besteak beste. Emakumeok gure lanak ikusarazteko izan ditugun oztopoak ere oso gertukoa dugu, eta aretoa ireki genuenean horren kontra zeozer egin behar genuela pentsatu genuen; horregatik emakumeen lanak ikusaraztea da aretoaren baldintzetako bat. Nire lanetan ere ateratzen da, ezinezkoa delako beste modu batera.

Parte-hartzea ere bada zure sorkuntza prozesuetan ezaugarria, ezta?

Artgiaren barruan ere bada beste kezka bat; hain justu, eraldaketa sozialari buruz zeozer egin behar dugula. Alde batetik, kanpoko zeozer konpondu edo koloreztatu dezakegu, eta, beste alde batetik, jendearekin parte hartu eta obra horren parte izatera ere gonbidatu dezakegu; uste dut artearen praktikarekin pertsonak beste era batean sentitzen direla, eta taldean lan egitean ere sentsazio desberdinak izaten direla. Terapeutikoa ere bada, arteterapia moduko bat.

"Arte plastikoen alorra eskasa izan da Gasteizen, baina lore batzuk jaiotzen ari dira"

Halako proiektuetan hasieratik parte hartzen dute? Nolakoa izaten da prozesua?

Ideien parte-hartze saio batzuk egiten ditugu, eta hor ikusten dugu zeri buruz hitz egin nahi den eta zer nolako ideia nagusiak ateratzen diren. Beti ideia ugari izaten dira, eta gero banatu behar ditugu. Bigarren saio batean irudiak jartzen dizkiegu ideia horiei, eta horrela has naiteke diseinuekin edo proiektuaren ideia osatzen.

Azkenaldian Bizkaia aldean aritu zarete, ezta?

Bai, nahikotxo. Zallan, Derion, Ubiden… Oraintxe, berriz, Gasteizko Confecciones Pinedon nago, sarrera eta garajea margotzen, eta hori da esku artean dudana. Irailerako ere beste proiektu batzuk ditugu...

Polemikoa izan zen Gasteiz Etorbidean egin behar zenuen horma-irudia. Hainbat presiogatik, uko egin zenion. Nolako balorazioa egiten duzu orain?

Momentu zaila izan zen niretzako eta nire inguruan daudenentzako, baina uste dut hiltzen ez zaituenak indartsuago egiten zaituela. Pena ematen dit, maiz igarotzen naizelako bertatik, eta uste dut kristoren aukera zela ibilbide hori ere aldatzeko eta kolorea emateko… Azkenean San Martinen egitea lortu genuen, eta sekulako partaidetza egon zen gainera; 500 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, eta uste dut oso ongi egon zela. 

Gasteiz Etorbideko horma-irudiaren eztabaida horrek balio izan du mahaian eseri eta irizpide batzuk jartzeko?

Hortxe ari gara. Lehiaketaren barruan baldintza gehiago jarri dituzte. Eta hirigintza sailarekin ere aztertu behar dituzte zein horma margotu daitekeen eta zein ez… Nik hau ez dut oso ondo ulertzen; ez dakit zergatik alboko hormak bakarrik margotu behar ditugun, fatxadak betidanik margotu direnean… Halere, beraiek ere beren iritzia ematea ere ongi dagoela uste dut. 

Margolari eta arkitektuen arteko talka dago?

Uste dut ikuspegi kontua dela, eta baita botere kontua ere. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago