"Benetako iraultza ez dago gerra frontean, atzealdean baizik"

'Tripoli-Kabul' eta 'Tierra adentro' kronika liburuak ere argitaratu ditu Zurutuzak. / Andoni Lubaki

Hamabost urte baino gehiago dira Karlos Zurutuza kazetari donostiarrak Kurdistan lehenengo aldiz zapaldu zuenetik, eta, aldian-aldian bueltatzen da herrialdea eta protagonisten berri izatera. Azken urteetan jasotakoarekin Respirando fuego liburua idatzi du, David Meseguer kazetariarekin elkarlanean.

Nazioarteko fokuak kurduei begira ez zeudenean ere, han zegoen Karlos Zurutuza (Donostia, 1971) kazetaria Ekialde Hurbileko bazter batean eta bestean, Kurdistango alderdi politiko, erlijio, antolaketa, kultura eta hizkuntzei buruz ikasten, horiek denak kurduen euren ahotan jasotzen. Haiek dira protagonista, hain zuzen, David Meseguer kazetari valentziarrarekin batera idatzi berri duen Respirando fuego (Península argitaletxea) kronika liburuan. Gasteizko Jakintza liburutegian izan da Zurutuza, azken urteetan bildutako esperientziak aurkezten.

Hizkuntzek erakarrita izan zenuen Kurdistanekin lehendabiziko kontaktua, ezta?

Bai, filologia ikasi nuen, eta beti izan nuen jakin-min antropologiko-linguistiko bat. Kazetari izan ez arren, kazetaritzak bidean harrapatu ninduen. Istanbulen turismoa egiten konturatu nintzen kamarero gehienak kurdoak zirela, beraiekin hizketan hasi eta kuriositatea piztu zidaten. 1998. urtea zen hori, eta bueltatu behar nuela erabaki nuen.

Zer aurkitu zenuen Kurdistanen?

Espero ez nuen mosaiko bat topatu nuen. Nire gazte garaian, gainera, ez zegoen hainbesteko sarbiderik internetara, liburuak baino ez, eta hara iritsi eta kolore askotako alfonbra bat aurkitu nuen.  

Estaturik gabe, 40 milioi bat laguneko herria osatzen dute kurduek.

Estaturik ez, eta autonomiarik ere ez zaie onartu. Eta, hala ere, besteek ez duten programa bat dute kurduek. Pairatu duten guztia asimilizazioa izan da, turkiar nazionalismoarena, arabiarrena, persiarrena, islamismoa bere kolore guztietan, alde guztietatik, beraientzako inolako tokirik gabe. Eta beraiek daukaten proiektu horretan, aldiz, kurduak ez ezik gainontzeko herriak ere kabitzen dira. Proiektu hori Rojavan martxan dago; arabiarrak daude kontseiluetan, armeniarrak, kristau asiriarrak... eta kontseiluetan ez ezik, hainbat frontetan izan naiz beraiekin eta hor ere antzeman daiteke nahasketa; Al-Raqan, hain zuzen, frontean zeuden gehienak arabiarrak ziren, YPG izeneko erakunde militarrean. Horrek erakusten du, estaturik izan ez arren, kurduentzat badagoela alternatiba bat. 

Siriako Kurdistan nabarmendu duzue liburuan, Turkia, Iran edo Iraken aldean. Gakoa al da Siria?

Siriako gerra piztu baino lehen, Siriako Kurdistanen egon nintzen, han nire loturak egin nituen, eta gerrak eztanda egin zuenean nik argi nuen hango historia kontatzen jarraitu nahi nuela. 2011n Alepok eta Damascok bereganatu zuten arreta, baina nik aspalditik garbi nuen bueltatu nahi nuela Kurdistanera. Eta halaxe egin genuen biok, lurraldea askatu bezain laster, 2012ko udan hara joan ginen. David (Meseguer) Afrindik sartu zen, Turkiatik, eta ni Irakeko Kurdistandik.

Eta zer topatu zenuten han?

Beste pelikula bat, zeharo desberdina. Telebistan ikusten genituen suntsipen irudiekin, Alepon, Homsen edota Haman ikusten genuenarekin zerikusirik ez zeukaten. Tiro hotsik ez zen entzuten, eta, aldiz, errautsetatik sortutako gizarte zibil bat genuen parean. Egun batetik bestera martxan ziren kurduerazko lehendabiziko eskolak Sirian, emakumeen lehendabiziko zentroak, urteetan klandestinitatean ibilitako alderdi kurduak… oso momentu polita izan zen. Esango nuke 2012ko uda hartan bizi izan nuela kazetari moduan momentu politenetako bat; suntsipenaren berri eman beharrean, eraikuntza zen albiste sasoi hartan, nahiz eta medio askok hori ez ikusi. Euskal Herrian bai, hemengo medioekin asko lan egin dut eta ez nuen problemarik izan hori argitaratzeko, baina hemendik kanpo Alepok bereganatzen zuen atentzioa, eta suntsipena zen albistea, ez eraikuntza. 

Liburuan erresistentzia eta berriz altxatzeko gaitasuna azpimarratu duzu...

Bai, gure aurrean gertatzen ari zen. Medioek etengabe hango suntsipenaren irudiekin albisteak betetzeak oso kutsu negatiboa ematen du, eta gerrak egon badaude, eta suntsipenak badaude, noski, baina eraikuntza eta beste gauza polit asko ere gertatzen dira, eta askotan ez dugu horren berri ematen.

Gerra frontea baino, atzealdea nabarmendu duzu behin baino gehiagotan. 

Jakina. Ni plumilla naiz, eta tarteka frontera joaten banaiz ere, denbora gehiena atzealdean ematen dut, eta iraultza hor dago. Jendea borrokatzen leku askotan ikusi dut, Libian, Afganistanen, Iraken... baina benetako iraultza atzealdean ikusten da, eta Siria kurduan da, hain justu, ikusi dudan bakarra. 

"Desastrearen voyeurrak", "selfie bila doazen kazetariak"... kazetaritzaren alde ilunago baten berri ere eman duzu liburuan.

Bai, alde hori beti dago. Kazetariok askotan leporatzen diogu sektorearen prekarizazioa editoreei eta medioei, eta jakina egin behar dela, baina askotan gu geu gara errudunak ere, askotan ego hutsagatik. Ordainsari onartezinak onartzen ditugu publikatzearren bakarrik eta gure izena paperean ikustearren, eta hori oso kutsagarria da. Bestalde, badirudi kazetari asko kazetariak dauden tokietara joaten direla beti, eta niri kontrakoa gertatzen zait; kontatu ez den istorio bat kontatu nahi dut.

Herritarrak arriskuan jartzeko kezka ere aipatu duzu.

Iturria babestea da hartu beharreko lehendabiziko neurria. Ezin dugu jendea arriskuan jarri erreportaje batengatik, guk joan-etorria egiten dugulako, baina jendea han geratzen delako. Eta bereziki zaila izan da lana Iranen.

"Erdogan Turkian sortzen ari den erregimena da, zalantzarik gabe, oztopo nagusia"

Emakume kurduen papera hemendik mitifikatu egin dela esan duzu.

Uste dut hemendik proiektatu dela, eta proiektatzen ari garela. Ikusi nahi genukeen gizarte anarkista eta libertario ideala ikusten ari gara hemendik, gizarte feminista ideala. Hemen lortu ez duguna han egun batetik bestera lortzea, gerra baten erdian. Han egindako iraultza eta aurrerapen horiek hango testuinguruan ulertu behar dira, eta orduan jabetuko gara nolako aurrerapausoa eman den. Egoera horretatik esaten diren gauza asko esatera salto handia dago. Meriturik kendu gabe esaten dut.

Zein da Kurdistanentzat une honetan oztopo nagusia?

Recep Tayyip Erdogan Turkian sortzen ari den erregimena, zalantzarik gabe. Estatu Islamikoa, Bashar al-Asad eta beste batzuk ere oztopoa dira, jakina, baina bai kurduentzat eta baita eskualde osoarentzat ere, Ekialde Hurbil osoarentzat, Turkiako erregimena da arrisku nagusia.

Europak zer paper du honetan?

Eskuak lotuta dauzka. Erdoganek etorkinekin egindakoa ikusi genuen 2014an, kanpamenduak ireki eta Europarantz zihoan jende oldea sortu zuen, nolabait Europari abisu bat eginez; garita ixteagatik, Europak Ankarari 6.000 milioi euro ordaindu zizkion. Beste baldintzetako bat badirudi dela kurduen kontra egiten den guztiaren berri ez ematea, ez salatzea; hori 2015eko oldarraldi hartan ikusi genuen, Turkiako Kurdistango hiri handi asko partzialki suntsitu zituzten, eta Europak ez zuen txintik esan.

Bienbitartean, Abdullah Ocalan agintari kurduak espetxean jarraitzen du.  

Ekialde Hurbilean lidergoaren pertsonifikazioa oso nabarmena da, eta baita kurduengan ere. Bera da buruzagia. Espetxean dago eta badirudi ezin duela gauza asko egin, baina askotan oztopoa ere bilakatu ez ote den pentsatzen dut, aurrerapausoak emateko oztopoa. Ocalan askatzea izan da jarri duten baldintzetako bat negoziatzeko, askotan Turkiak bete ezin dituen baldintzak eskatu izan dira, eta oztopoa bilakatu den errezeloa dut... baina kurduentzat gai hori marra gorri bat da. Ukiezina da Ocalan, onerako eta baita txarrerako ere.

"Konfederalismo demokratikoa" eskatzen du berak. Paperetik kanpo badu ibilbiderik? 

Mundu globalizatu batean bizi gara, eta ez dakit halako proiektu bat bideragarria den; ez daukat datu nahikorik. Niretzat inportantea da paperean idatzita daudela lerro nagusiak, eta, hein handi batean, Rojavan gertatzen ari denaren ildo nagusiak markatzen dituela. Hori betetzeraino iritsiko ote den ez dakit, baina ikusi dut Ekialde Hurbilean dauden gainontzeko proiektuek ere porrot egin dutela; izan baazismoa, kemalismoa, nahiz Irango teokrazia xiita horrek planteatutako programa. Ekialde Hurbilean giza eskubideak eta berdintasuna oinarri dituen programa bakarra dela esango nuke.

Hurrengo hilabeteetan zer pauso aurreikusi daitezke? 

Ikusi beharko da Trumpek iragarri zuen bezala handik erretiratzen den, eta ondoren Erdoganek nolako erabakia hartzen duen, ez ote duen lurraldea inbaditzen; Erdogan Rojavan sartzen baldin bada Afrinen sartu zen bezala katastrofikoa izango da, eta ez bakarrik kurduentzat. Asadek ere zer egingo duen ikusteke dago, baina ez dauka presarik eta denborak bere alde jokatzen du. Edonola ere, puzzle maltzurra da. Zaila eta korapilotsua da egoera. Otsailean han izan nintzen, eta jendea ez zen ausartzen esatera zer gertatuko zen. Dena airean dago.

 

Jakintza liburu-dendan aurkeztu du liburua Karlos Zurutuzak. / Jakintza

'Respirando fuego' liburuarekin zer azpimarratu nahi duzue?

Bertan egindako lana, Kurdistanen; lau eskualdeetan idatzitakoa. Kurduak dira protagonista, nahiz agintari gorena izan, okina edo emakume gerlaria. Urteetako apustua da; biok urteak daramatzagu han, eta horren emaitza da. Arraroa bada ere, Kurdistanen ez gara elkarrekin egon, eta liburuaren atalak bata bestearen osagarri idatzi ditugu. Bion artean, azken hamar urteotako gertakizun garrantzitsuen sekuentzia osatzen saiatu gara.

Bueltatzeko asmorik duzu? 

Bueltatuko naiz, bai. Aljeriara izango da nire hurrengo bidaia, baina beti dut Kurdistanera bueltatzeko gogoa.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide