Greba eguna dute berriro Osakidetzako lehen arretako langileek

Erredakzioa 2019ko ekainaren 17a

Eguerdiko manifestazioa.

Lehen atzerapenak eta ilarak sortu dira Arabako osasun etxeetan; 12:00etan manifestazioa egingo dute Gasteizen langileek.

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak hirugarren greba eguna deitu dute gaur, ekainak 17. Guztira, Osakidetzako lehen arretako zerbitzuetan 5.000 pertsona daude lanean EAEn, eta 750 lagun Araban. Gasteizen egingo dute manifestazio nagusia osasun arloko profesionalek, 12:00etan, Bilbo plazatik.

Egunero bizi duten "egoera larria" iraultzea eskatzen dute, eta Osakidetzaren Zuzendaritzaren jarrera "axolagabea" salatu dute. Hala, apirilean eta maiatzean egindako bi greba egunen ondoren, Lehen Arretan dauden arazoak bideratzeko egin zituzten aldarrikapenei eutsi egin diete langileek.

Goizeko lehen orduan, ilarak eta atzerapenak gertatu dira Gasteizko hainbat osasun etxeetan. Gogoratu behar da aurreko greba deialdietan hiriburuko  bost osasun etxeetan langileen ehuneko egunek greba egin zutela.

Mahai sektoriala

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak mahai sektorialera deitu zituen sindikatuak joan den ostiralean, proposamen bat egiteko deialdia bertan behera utz zezaten. Sindikatuek ez zuten ontzat jo, eta grebari eutsi diote. Udako oporraldiak ordezkatzeko 3.000 lanaldi gehiago kontratatzea proposatzen du Osakidetzako zuzendaritzak, eta beste neurri batzuk, besteak beste, gaixoaldiak lehen egunetik ordezkatzea eta lantaldearen egitura sendotzea, arduradun gehiago jarriz. 

Halere, sindikatuen irudikoz "berandu" dator proposamena, eta gainera, soilik udara begira mugatuta dagoela salatu dute. Osasun etxeetan dagoen "egiturazko" arazoei ez diola eusten uste dute langileek. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago