"Pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen 'Gara' egongo ez balitz"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko eka. 3a, 06:00
Iñaki Iriondo, Garako kazetaria, ALEAri eskainitako elkarrizketan. / Argazia: E. Ugarte

Hamar mila harpidedun behar ditu Gara egunkariak aurrera egiteko. Egin itxi zutenean zuen zorra ordainarazi dio Auzitegi Nazionalak, eta, Gizarte Segurantzarekin hitzarmena egin ostean, uztailean egin behar dute lehen ordainketa. Iñaki Iriondok azpimarratu du ez dutela babesa ezeren truke eskatzen.

Urtarrilean hogei urte bete zituen Gara egunkariak, eta hain zuzen urtarrilaren 30ean iragarri zuen kazetaren zuzendaritza taldeak hitzarmena lortu zutela Espainiako Gizarte Segurantzarekin, datozen bi urteetan hiru milioi euro pasako zorra ordaintzeko. Egin egunkariak 1998ko uztailean itxi zutenean zuen 4,7 milioi euroko zorra Gara-ren bizkarrean utzi baitzuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Iñaki Iriondo (Eibar, 1964) Egin eta Gara egunkarietan ibilbide luzea egin duen kazetariarekin izan da ALEA, luze eta zabal aztertzeko egunkariaren egungo egoera, #ExpolioGara lelopean abian jarri duten babes-kanpainaren gorabeherak eta etorkizuneko erronkak. Ahoan bilorik gabe hitz egin du Iriondok, eta azpimarratu du, gainera, Euskal Herrian eman den aldaketa politikoaren ezinbesteko tresna izan dela kazeta.

Zorra ordaindu beharrean, ez zegoen bestelako alternatibarik?

Alternatiba bakarra egunkaria eta beste guztia ixtea zen; ez zegoen bueltarik.

Gararen aldeko elkartasun kanpaina abiatu duzue. Zer eskatzen diozue jendeari?

Jendeari ez diogu besterik gabe dirua eskatu nahi, zerbait eman nahi diogu

Harpidetzak. Egin itxi zutenean beste kanpaina mota bat egin zen, dirua jasotzeko kanpaina; gaur egun hori ezin da egin, eta gainera jendeari ez diogu besterik gabe dirua eskatu nahi, zerbait eman nahi diogu, zerbait eskaini, egunkarian edo webgunean argitaratzen ditugun edukiak eskainiko dizkiegu. Harpidetza mota desberdinak daude, egunkaria jasotzeko egunero edo webgunean dauden edukiak osorik ikusteko; harpidetza solidarioa ere badago, hilean ehun eurokoa…

10.000 harpidedun berriren helburua jarri zenuten, eta jada 6.000ko muga gainditu duzue. Babes handia jaso duzue orain arte. Pozik al zaudete?

Pozik egongo gara bukatzen dugunean. Orain, uztailean, milioi erdi bat ordaindu behar dugu, eta urrian beste milioi erdi bat, eta hori soldata guztiak ordaintzeko behar dugun adina diru da. Gararen eta Naizen langileon soldata guztiak ordaintzeko dirua lortu behar dugu, eta, gainera, beste milioi erdi bat.

Iritsiko zarete?

Bai. Iritsiko gara baina oraindik %60 bakarrik dago beteta, eta denbora aurrera doa.

Beraz, babes gehiago behar duzue?

Bai… eta badakit gauza asko gaizki egiten ditugula, akats pilo bat egiten ditugula eta ziur aski egunero irakurle batzuk haserretzen zaizkigula, baina pentsatu dezatela zer gertatuko zen Gara egongo ez balitz. Niri gertatzen zait oporretatik itzultzen naizenean, hartzen ditut irakurri gabeko Gara guztiak eta hor konturatzen naiz zenbat gauzataz ez dudan berririk izan egunkaria ez nuelako. Ariketa hori egiteko eskatzen diogu jendeari, pentsa dezatela zer izango zen Iñigo Cabacasen auzia Gara eta Naiz gabe.

'Artea Gara' egitasmoak arrakasta handia izan du eta Gararen aldeko jaialdiaren sarrera guztiak salduta zenituela tokia aldatu behar izan zenuten. Sorpresaz hartu duzue?

Jaialdiaren inguruan sorpresa izan da zenbat talde prest egon diren parte hartzeko; talde horiek edukita normala izan da jendearen erantzuna, edozein toki betetzeko gai diren taldeak baitira. Artisten ekarpenari esker banatu diren irudiak ere oso onak dira, baina 25 euro balio zuten, eta hala ere oso ondo saldu dira.

Espero ez zenutenen aldetik ere elkartasuna jaso duzue?

Lehen egunetan jende pilo bat etorri zitzaigun dirua emateko prest, Egin itxi zuteneko kanpaina hura zutelako buruan, baina erantzuna harpidetzekoa izan da. Egia da ere ezer publiko egin baino lehen harreman batzuk landuta zeudela. Hitz egin zen alderdi politiko batzuekin, hitz egin zen instituzioekin, eduki genuen kanpaina polit bat egunkariaren azken orrialdean publizitate solidarioa jartzeko eta harrera oso ona izan zuen. Gauza guztiekin gertatzen den bezala, salaketa egiten duzun momentuan irakinaldi une bat sortzen da, eta gero apaltzen da erantzuna. Guk orain tentsio hori mantendu behar dugu, 10.000 harpidetza lortzeko eta gauzak behar diren bidetik joateko.

GARAko zuzendaritzak urtarrilean iragarri zuen hartutako erabakia. / Argazkia: NAIZ.eus

Urtarrilean iragarri zuen Garako zuzendariak zorra kitatzeko hitzarmena, baina ezpata hori gainean izan duzue azken 18 urteetan. Nola eragin dizue eguneroko lanean?

2004an uste dut izan zela… Orduan esan ziguten zorra ordaindu edo itxi behar zela egunkaria, eta hortik hasita hartzekodunen lehiaketa batean sartu zen enpresa, zorra kentzeko negoziazio prozesuan. Enpresa arrunt batean sei hilabeteko edo urtebeteko prozesua da, baina gurean hamabost urtez luzatu da. Epe horretan administratzaile judizialaren kontrolpean egon da enpresa. Gainera, zorra Gizarte Segurantzarekin zenez, ez zuten baimenik ematen langileak ordezkatzeko ezta kontratazio berriak egiteko ere. Egoera horrek dena baldintzatzen du, baina hala eta guztiz ere trantsizio digitala egin dugu eta aldaketa garrantzitsuak izan dira medioan.

Ondo disimulatu duzue, beraz?

Langileen soldatak beti ordaindu dira, eta beste gauza guztiak ere, baina hainbeste urtez hartzekodunen lehiaketan egotea ez da batere normala. Auzia eramaten zuen epaitegian epaile berri bat sartu zen, eta ez zuen ulertzen nola egon gintezkeen hamabost urtez egoera horretan. Orduan zabaldu zen arazoa konpontzeko bidea. Hortik etorri dira negoziazioak eta akordioak.

Urte hauetan babes falta sumatu duzue beste medioen, eragileen eta administrazioen aldetik?

Ez, ez dugu eskatu ere. Bere garaian azaldu genuen zor hori leporatzen zigutela, eta salatu genuen guztiz injustua zela. Ordutik gure aukera izan da normaltasunez lanean jarraitzea, gure ekarpenak egiten Euskal Herriak bizi izan duen egoeran, ez gara egon kexaka edo manifestazioak egiten… Jakin izan dugunean zer zetorren, eskatzea izan da gure erabakia, baina trukean zerbait emanez.

Nola iraun du Garak? Nola salbatu da?

"Une politiko zehatz batean apustu bat egin zuen GARAk eta ondo atera zen, zorionez"

Lan eginez lortu dugu, eta gainera uste dugu garai berrietara egokitu garela; eta ez hori bakarrik, saiatu gara garai berri horiek sustatzen eta horretan gure ekarpenak egiten. Une politiko batean apustu bat egin genuen eta uste dut ondo atera zela; posible zen, baita ere, gaizki ateratzea, baina ondo atera zen, zorionez. Hainbatek gogoratuko dituzte garai horiek, 2009an uste dut izan zela, erreportaje sorta bat argitaratu zituen Garak, eta hortik aurrera nolabait gu parte baten alde jarri ginen.

Euskal Herrian eman den aldaketa politikoaren parte sentitzen da Gara?

Bai.

Eta nola bizi du kazetari batek Garak bizi duen ezohiko egoeran?

Ahaztuta. Ziur naiz Garako administratzaileak eta zuzendaritzak buru-belarri egon direla horretan, baina langileak gure lana egiten ibili gara, ez da infernua izan. Ziur aski gehiago nabaritu dute praktiketan etorri diren lagunak, oso kazetari onak ikusten genituen, baina ezin ziren kontratatu, ezin genien eman merezi zuten guztia. Hor bai, baina bestela ohituta gaude.

Edukietan eragina izan al du? Baliabide gehiago izanik lan hobeagoa egiteko aukera dago.

"Tartean ez dago soilik zorraren auzia, publizitate boikota ere jasaten ari gara"

Kazetari gehiago izango bagina 48 orriko egunkaria egin beharrean 64 orrikoa egingo genuke, baina tartean ez dago soilik zorraren auzia. Gara oraindik publizitate-boikota jasaten ari da, adibidez, estatuko administrazioaren aldetik eta Eusko Jaurlaritzaren inguruko erakundeen iragarkiak askotan ikusten ditugu gure egunkaria baino tirada gutxiago duten beste medioetan… Baina horretara ohitu gara, gure planak ez ditugu egiten Iberdrolak, Cepsak edo Zarak jarriko duten publizitatearen arabera.

Zer etorkizun du Gararen proiektuak? Zer egin behar du eraginkorra izaten jarraitzeko?

Proiektu transmedia bat gara, Naiz irratia dago, Naiz webgunea eta Gara egunkaria, eta hori guztia ondo uztartzea da erronka; eta jendeak ohitura har dezan gauza bakar bat bezala ikusten.

Eginen lan egin zenuen eta orain Garako kazetaria zara. Asko aldatu da kazetaritza azken urteetan; txarrerako edo onerako?

Bai. Asko aldatu da. Alde batetik aldatu da gure herria, aldatu da politika, eta tresnak ere aldatu dira. Ni hasi nintzenean eguerdirako gertatzen ez zena ez zen gertatzen, normalean prentsaurrekoak edo ekitaldiak goizean ziren. Egun, internetekin, egunkaria ixten duzu ixteko ordu bat dagoelako, baina jarraitu dezakezu informazioa jasotzen eta zabaltzen egun guztian. Lehen, gauza bat jakiteko tokira joan behar zinen, orain jarraitu dezakezu dena erredakziotik, kontaktuak mantentzeko soilik mugitu behar zara. Informazioa bilatzeko, lehen hemerotekara joan behar ginen, orain ordenagailutik bilatu dezakezu... Txarrerako ere aldatu da, inoiz ez delako bukatzen lana, egun osoa eman dezakezulako lanean, baina gehien bat onerako aldatu da, ez gara kexatuko.

1998ko uztailean Garzon epaileak Egin ixteko agindua eman zuen. / Argazkia: A. Canellada

Nola bizi izan zenuen Eginen itxiera?

Egin itxi zutenean hiru hilabeteko alaba bat nuen, eta espetxeratua izateko beldur horrekin bizi izan nuen, baina beste batzuk okerrago pasatu zuten; Jabier Salutregi, Teresa Toda eta administrazio kontseiluko kideak espetxeratu zituzten. Dena dela, harro gaude gauza bat oso ondo egin genuelako: hurrengo egunean beste egunkari bat argitaratu genuen. Hori gakoa izan zen, jendeak ikusi zuenean beste egunkari bat zegoela kalean, nahiz eta lau orrikoa izan, orduan ikusi zen irabaziko genuela. Uztailaren 15a etortzen denean ez dut oroitzapen txarrik izaten, beti gogoratzen baitut egun horretan egunkari berri bat zegoela kalean.

 

Illunben, ekainaren 9an

Musika talde ugarik hartuko dute parte Gararen elkartasun jaialdian: Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika, Huntza, Esne Beltza, Gatibu, Nogen, Itziarren Semeak, Talco, Los Zopilotes Txirriaos, La Furia, Hesian, Siroka, Valtonyc, Aiora ta Piti (Zea Mays), Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda, Gari, Su Ta Gar, Josetxu Piperrak, Ze Esatek!, Ruper Ordorika, ETS, Xutik, Liher, Des-Kontrol, Bad Sound System, McOnak, Somos Guerreras, KOP, Anita Parker eta Patxuko Nice.

Ekainaren 9an Donostian egingo den jaialdia Belodromotik Illunbera lekualdatu behar izan zuten antolatzaileek, publikoarentzako tokia handitzeko asmoarekin. Izan ere, Naizen webgunean salgai jarri ziren sarrerak hogei minutuan agortu ziren. Illunbek 10.000 lagunentzako lekua eta eraikinaren kanpoaldean karpak jartzeko aukera eskaintzen ditu. Dagoeneko salduta daude sarrera guztiak.

 

Elkarrizketa ALEA aldizkariaren 195. zenbakian  argitaratuta da jatorriz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide