Herriak biziberritzeko gazte ekimenak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mai. 18a, 09:39

Ainhoa Pereyrak Manzanosko aterpea gobernatzen du orain. E.U.

Pare bat ostatu-taberna zabaldu dituzte Araban azken hilabetean, Santikurutze Kanpezun bat eta Manzanosen beste bat; ezaugarri desberdinak dituzten arren, komunean dute landa-eremuan lan eta bizi nahi duen jende gaztearen ahaleginari esker martxan jarri direla. 

Zaila da herrietan bizitzeko eta lan egiteko aukera izatea, eta are gehiago familiarengandik nekazaritza lurrak edo abere aziendak oinordetzan jaso ez dituzten gazteentzat. Hala ere, badira hiriburuaren erakargarritasunaren aurrean, herri txikien bizimoduaren alde egin eta haien bizi-proiektua landa-eremuan garatzea erabakitzen dutenak. Horientzat etxebizitza eta lana aurkitzeko trabak dira arazo nagusiak; inbertsio ekonomiko handirik egiteko asmorik edo gaitasunik ez badute, herrietan kokatzeko arazoak biderkatu egiten dira. 

Nolanahi ere, eta arau guztietan salbuespenak daudelako, apirilaz geroztik, gazte ekintzaileen ekimenez, bi proiektu jarri dituzte martxan, bat Kanpezun eta beste bat Manzanosen. Hala, Ibernaloko ermitaren ondoan dagoen aterpetxea zabaldu berri dute, urtebete luzez itxita egon ondoren. Gorka Lopez Callejak eta Javier Angel Gonzalezek, gainera, aterpearekin batera taberna eta jatetxea jarri dute martxan. Manzanosen, berriz, landetxea, taberna eta denda txiki bat gobernatzen dituzte  apirilaren 14tik  Zanbranako Ainhoa Pereyrak eta Gaizka Bracerasek.

Oso antzeko proiektuak dira biak, baina bakoitzak izaera propioa du. Biek dituzte komunean jabeek landa eremuaren eta lasaitasunaren alde egin duten apustua, baita aurrera egiteko duten gogoa ere. Gainera, bien kasuan tokiko administrazioen menpe  –Kanpezuko Udala eta Manzanosko Batzar Administratiboa– dauden azpiegiturak baliatu ahal izan dituzte, inbertsio handiegia egin gabe, negozioak martxan jartzeko.

Idazle mendizale bat izaren artean

Ibernalo inguruko paraje ederrean, ermitara atxikita daude aterpetxea eta taberna, eta bertako sukaldean dabil lanean goizeko lehen ordutik Gorka Lopez. Idazle mendizalea da Lopez, baita argazkilaria ere; azken hamabost urteetan bidaietan, mendi-ibilietan eta kartografian espezializatutako argitaletxeekin hogeitik gora mapa argitaratu ditu, dozena bat liburu eta ehunetik gora erreportaje. Halere, duela bi urte geldiune bat egitea erabaki zuen; urtean zortzi hilabetez Pirinioetan lanean egoteak kostu handiegia zuela sentitzen zuen, eta familiarekin eta seme-alaba txikiekin egoteko denbora behar zuen. "Maeztun bizi gara, eta azken bi urte hauetan hemen izan naiz, umeak zaintzen eta buruari bueltak ematen ea non birkokatu nintekeen".

Gorka Lopez, Ibernalon 

Aitarekin solasean sortu zen egungo asmoa. "Ostalaritza negozio bat martxan jartzea otu zitzaidan, oinarri ekonomiko bat izateko, eta, modu horretan, beste jarduera batzuk sustatu ahal izateko mendiarekin eta ingurunearekin lotuta". Eta, hain justu, abenduan Ibernaloko aterpetxea lizitazioan atera zuen Kanpezuko Udalak. Lopezek eta Gonzalezek proiektu bat aurkeztu zuten aterpea kudeatzeko, eta emakida lortu dute hurrengo bost urteetarako. 

Hiru hilabetez lokala txukuntzen egon eta gero, ateak zabaldu zituzten iragan apirilaren 5ean, eta berehala zabaldu zen berria inguruan. "Jende-olde bat jaso dugu eta oso pozik joan dira guztiak. Dagoeneko baditugu herriko zaharren kuadrillak partida jokatzera etortzen direnak, eta kanpotik ere etorri dira lo egitera mendizaleak eta txirrindulariak".

Eraikinak taberna-jatetxea eta zazpi gelako aterpea du, hamasei lagunentzat. Jabe berrien lehen apustua tabernaren ordutegia luzatzea izan da. "Urteko egun guztiak zabalik dago, goizeko hamarretatik gaueko hamarrak arte; asteburuetan luzatuko dugu pixka bat, baina atsedenerako tokia da, eta jendea konturatu behar da goizaldean terrazan kubatak hartzeko ohitura amaitu dela". Ez dituzte menuak ematen, baina "beti egongo da zerbait jateko". 

Aterpeari dagokionez, Lopezek nabarmendu du Kanpezun eta inguruan dagoen lo egiteko toki bakarra dela Ibernalo, eta aukera ona ikusten du negozioa aurrera ateratzeko.

Dena den, Ibernaloko proiektuak badu bigarren zutabe bat, naturarekin eta mendizaletasunarekin lotuta. "Lasaitasunarekin, naturarekin eta mendiekin lotutako turismoa erakarri nahi dugu, eta arlo horretan gauzak diseinatzen ari gara ibilbide berdearen inguruan, adibidez; gainera, lau eguneko ibilbide bat prestatu dugu hemendik Urbasara eta hortik Maeztura eta Lagranera joateko. Nik zonalde hau oso ondo ezagutzen dut, goitik behera kartografiatu baitut", esan du Lopezek. 

Denborarekin, halaber, Mendialdeko eskola-umeentzat ere natura eskolak martxan jarri nahi dituzte ikasturtean zehar, baita kultura jarduerak antolatu ere, baina une honetan ostalaritzak jaten dizkie eguneko ordu guztiak eta indarrak.

Lopezen hitzetan, ez da apustu erraza izan herrian finkatzea, eta administrazioen aldetik ere ez du ikusten herrien despopulatzea ekiditeko politika eraginkorrak sustatzen ari direnik. "Gauzak aldrebes egiten ari dira, ez dago alokairuzko etxebizitzarik eta ez dago lanik. Lehenik eta behin lana ematen duen foku bat jarri behar da, eta hortik aurrera pentsatu beharko duzu non biziko diren pertsona horiek. Zentzurik ez duena da Gasteiztik hona lan egitera etortzea, eta berdin hemengo jende gehienak Gasteizera lanera joan behar izatea". 

Hego Amerikatik Manzanosera

Herrian bizi eta lan egiteko erronkari eutsi diote ere Ainhoa Pereyra madrildarrak eta Gaizka Braceras bizkaitarrak, eta gogo handiz hartu dute Manzanosko Batzar Administratiboak lizitatu dituen taberna, denda eta aterpetxea gobernatzeko ardura. Iragan urteko ekainean Zanbranara bizitzera joan zen bikotea, Hego Amerikan zazpi urtez bizi ondoren. Braceroren ama bertakoa da eta etxe txiki bat zuten herrian, baina lanik ez.

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 193. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago