Amaitu da. Orain dela 25 urte hasi zen Rafa Muntion kazetaria (Orozko, 1957) Baskoniaren joan-etorriak Radio Vitorian kontatzen. Bigarren plano batera igaroko da aste gutxi barru, ia 2.000 partidaren ostean, eta urte hauetan Atenasen Bermeon baino ordu gehiago igaro eta gero. Elkarrizketa gaztelaniaz eman du, baina jubilatu bezain laster euskara ikasiko duela zin egin dio ALEAri: "Kalekoa, euskara praktikoa".
Noiz itzaliko zaio ahotsa Rafa Muntioni Radio Vitoriako mikroetan?
Uztailean dago adostuta. Baliteke beste proiekturen bat egotea, baina momentuz ez dakit ezer.
25 urte baino gehiago Baskoniarekin handik hona. Kazetaritzan gauzak asko aldatu dira, eta irratian?
Teknologiari dagokionez, aurrerapauso itzelak eman dira. Gaur egun, %1eko aukera baino ez dugu akats teknikoak izateko: ADSLa, Internet duten mugikorrak… Orain dela 50 urte, portzentaje hori %60koa zen. Baina kezkatuta nago: hedabideok komunikatzeko moduak birformulatu behar ditugu. Prentsa asko sufritzen ari da, eta buelta bat ematen ez badiogu, kazetaritza amildegitik eroriko da. Egia da irratiak gutxiago sufritzen duela, kotxeari esker batez ere.
Asko zor diezu Baskoniari eta Radio Vitoriari?
Ni "erreferentea" naiz Radio Vitoriak aukera eman didalako 25 urtez talde bakar baten berri emateko. Hori ez da beste hedabide batzuetan gertatzen. Baskoniari dagokionez, gainontzeko taldeei begietara begiratzen dien talde bat nola hazi den edo txapelketak nola irabazi dituen ikusi dut nire ibilbidean, eta klubak erraztasunak jarri dizkit beti. Radio Vitoriak bere eskaintza hobetu du, Baskoniak gora egin du, eta, ondorioz, Rafa Muntionen ibilbide profesionala ere hazi da.
Harreman berezia sortuko zen taldekideekin.
Zalantzarik gabe. Jokalariekin erlazio zuzena duen kazetari batek lan neutrala egin dezake? Hori da galdera. Objektibotasuna ez da existitzen, nahiz eta fakultatean hori irakasten ez dutem. Txarto jokatu duenean, hala kontatu diet entzuleei eta hori ere adiskidetasunaren parte da.
Perasovicekin Serbiara bidaiak, Comasen garaian Balkanetara bertako guda amaitu bezain laster. Dena ez da erraza izan.
Belgradokoa ikustekoa izan zen. Gerra amaitu bezain laster Serbian sartu ginen, eta Perasovic Kroaziako selekzioaren kapitaina zen: zaleek eskopeta bat eskuetan izango balute bezala seinalatzen zuten baloia hartzen zuenean. Edo Eltxoa izeneko hegazkin ezagunarekin izan genuen istriputxoa. 30 urtetan ez dago beste erremediorik: une latzak izan ditugu, taldea kohesionatzeko baliagarriak izan direnak. Ivanovicekin, esaterako, kazetari batek izan ditzakeen unerik latzenak izan ditut: hiru hilabete inguru nirekin haserretuta, apenas agurtu barik, orain aipatu behar ez den albiste bat emateagatik...
Pasadizo batzuk zuretzat gordeko zenituen.
Ez dut liburu bat idatziko. Las Vegasen gertatzen dena, Las Vegasen geratzen da esan ohi da, baina ez daukat ezer ezkutatzeko: bizitakoaren %97a kontatu dut. 2008ko abenduaren 4 hartan, esate baterako, Baskonia eta Real Madrid-eko jokalariek Buesa Arenako tunelean izan zuten liskar gogor hura ere xehetasun guztiekin kontatu nuen egun bat beranduago. Hori da nire lana.
Baskoniarena ez da normala: 250.000 biztanleko hiria izanik, milioika herritar dituzten hirien aurkako taldeekin borrokan. Zein da formula?
Baskoniak begietara begiratzen die Europako talde handiei. Hori gertatzen den bitartean, Baskonia beste talde batzuk baino handiagoa izango da. Zoritxarrez, arlo ekonomikoa ere hor dago. Urtean 17 milioi izan ditu eskuartean Baskoniak, Real Madrilek 20 milioi zituenean. Gaur egun, berriz, Florentino Perezen taldeak 40 milioi kontrolatzen ditu. Beraz, gero eta zailagoa da, baina hor gaude. Arrazoia? Josean Kerejetak sekulako ikuspegia du. Gauza asko egingo zituen txarto, baina taldea hartu, Ramon Ribas edo Chicho Sibilio bezalako jokalariak fitxatu eta Baskoniak goranzko joera hartu zuen. Baina inflexio puntua Kerejeta bera FIBA eta Euroleague-aren arteko zatiketaz ohartu zenean iritsi zen: Baskonia une eta leku aproposean zegoen orduan, talde handien artean.
Gasteizko saskibaloiarentzat urte garrantzitsua izan da aurtengoa. Zure ustez, Final Fourra berandu iritsi da?
Baliteke. Euroligako zuzendari Jordi Bertomeuren hitzak entzunda, banekien iritsi behar zela, baina Josean Kerejetaren ekiteak asko eragin du. Ez zegoen aitzakiarik. Askok leporatu diote antolakuntzari Gasteiz bezalako hiri batek hotel gutxi dituela, baina Moskun edo Pragan estadiotik bi edo hiru ordura zeuden zaleak ezagutu ditut. Bilbo, Donostia edo Iruñea bezalako hiriekin, hau antolatzea posible da. Traba handienak sponsor handiekin egon dira. Nola azaltzen diezu Gasteiz bezalako hiri batean jokatuko den lauko finalerako inbertsio bat egin behar dutela? Tira, baliatu dezagun erronka hiriaren eta Arabaren marka zabaltzeko.
Txapelketak asko aldatu dira azken urteotan eta Euroliga, adibidez, ia-ia liga itxia da. Interes ekonomikoak zaletuen interesen gainetik egoteko arriskua dago?
Asko hitz egin da Euroligaren inguruan, baina ACB bera? Agian liga itxiagoa da, bertan sartzeko hiru milioi euro behar dira eta talde asko kanpoan geratu dira horregatik. Kirol profesionala eta ez-profesionala ezberdintzeko gai izan behar gara. Profesionalak ikuskizun batera darama kirola, eta ikuskizun hori goi-mailako saskibaloia da, nik gustuko dudana. Horretarako prest badago Baskonia, saskibaloi onenaz gozatuko dugu, eta ez badago, Real Madrid-Fenerbache bezalako partidak telebistan ikustearekin konformatuko gara.